Amaia U. Lasagabaster
Entrevista
ANE AZKONA
ATHLETICEKO JOKALARIA

«Inork ez du nahi horrelako lesiorik, baina gauza asko ikasi ditut prozesuan»

Denboraldi gorabeheratsua izan zuen iaz Ane Azkonak. Lehen taldean egonkortu, fitxa lortu eta kontratua berritu ondoren, konfinamenduaren bueltako lan-saio batean lotailu gurutzatua hautsi zuen ekainean. Osatzeko denbora luzeari ekin eta, bederatzi hilabeteren igaro ostean, berriro zelairatu da.

Ane Azkona. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Ane Azkona. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Iaz emandako elkarrizketan, lan gogorraren eta pazientziaren garrantzia aipatu zituen, lehen taldera eraman zuen bide luzeaz hitz egitean. Nork susmatuko, orduan, futbolak bere pazientzia eta lan egiteko grina berriro proban jarriko zituela, forma txarrenean.

Ikasia zeneukan, bada, hori guztia. Baina amorrua berriro praktikan ipini behar.

Bai, oroitzen naiz horretaz hitz egin genuela eta beti esan dudana da lanik gabe ez dagoela saririk. Hori jakiteak asko lagundu nau hilabete hauetan eta, aldi berean, esperientzia honek nire iritzia indartu du. Fisioterapeutak, readaptadoreak... asko laguntzen zaituzte, baina zu zara zeure burua zaindu behar duzuna eta lan egin behar duena; bestela ez dago saririk.

Amaiera gazia izan zuen hain gozo hasi zen 2020ak. Lehen taldeko fitxa, kontratua berritu, konfinamendua gainditu eta entrenatzera itzuli... eta belauna hautsi.

Bai, urte arraroa eta, batez ere, zaila izan da guztiontzat. Baina gauza asko ikasi ditut eta, gainera, lesio hau une honetan izateak erlatibizatzen irakatsi dit. Eta gauzei benetan duten garrantzia ematen ere ikasi dut.

Batetik, lesio bera izan duten taldekideek esan zidaten zure gorputza hobeto ezagutzeko denbora duzula. Eta egia da. Lehen lesioa izan da eta neure burua hobeto ezagutu dut, fisioen laguntzarekin nire ahulguneak lokalizatu eta landu ditut... Bestetik, behar duen garrantzia ematen ikasi dut. Inork ez dugu izan nahi halako lesiorik eta kolpe latza da. Baina ikusten duzu zer gertatzen ari den munduan, ze tragediak, neuk ere gertutik sufritu dut gaixotasunaren eragina... Eta konturatzen zara gauza garrantzitsuagoak badaudela, hau gure lanbidearen arrisku bat dela, horrela etorri zela, eta lan handia eginda aurrera irten zaitezkeela.

Eta horrela egin duzu. Nola ekin diozu prozesu luze horri?

Pausoka, erronka txikiak ezarriz. Tira, txikiak... niretzat oso handiak. Helburu berri bat lortzen nuen bakoitzean sekulako poza hartzen nuen. Korrika egin, baloiarekin hasi, taldekideekin lan egiten hasi, lan-saioak osatu, alta jaso... eta, noski, berriro zelairatzea.

Orain dela hiru aste gertatu zen hori. Azken bederatzi hilabeteotako une hunkigarriena izan da?

Oso hunkigarria izan zen, baina ez nuke esango bereziena izan zenik. Zelaira itzuli nintzen lehen eguna aukeratuko nuke. Baloi barik, bakarrik korrika egitera. Baina aurrerapauso horrek batez ere sekulako konfiantza eman zidan. Eta, batez ere, taldearekin lan egitera itzuli nintzenean. Aktibazioa, ariketaren bat... baina taldekideekin, hori baita faltan gehien sumatu dudana. Gainera, pandemia dela-eta ezin zara taldekideekin egon, ez dago aldagelarik, ez dugu elkarrekin bazkaltzen... Talde sentsazio horren falta izan dut.

Bai ala bai irabazi beharraren presioak min handia egiten digu eta jokatzeko orduan nabaritzen da

Taldeak zure hutsunea ere sumatuko zuen. Harmailatik aztertuta, zer gertatu zaio hain gaizki ibiltzeko?

Nahiko ondo hasi arren, laster dinamika txarrean sartu ginen eta oso zaila da halakoetatik irtetea. Are zailagoa, luzatzen diren heinean. Presioa gora doa, konfiantza galtzen duzu, beldurra hartu... Oso zaila egin zaigu dinamika horretatik irtetea.

Publikoki ezarritako helburu handiek sortutako presioak ez du zerikusirik izan? Agian, trantsizio fase batez hitz egiteko denboraldia zen, bajak ikusita.

Baliteke. Beheko jendea oso lan ona egiten ari da, baina denbora behar du mailara moldatzeko. Nik ere bizpahiru urte behar izan nituen. Agian, helburu horiek finkatzea ez zen onena izan, baina egia da ere guk beti gora begiratzen dugula, gure helburua ez dela mailari eustea, baizik eta goiko postuetan egotea. Ez zaigu ondo irten eta orain, zoritxarrez, mailari eustea da.

Eta nola dago taldea?

Egoerari buelta emateko bidean. Baina kostatzen ari zaigu eta arazo handiena buruan daukagu. Bai ala bai irabazi beharraren presioak min handia egiten digu eta jokatzeko orduan nabaritzen da. Gola sartu eta koltxoi horrek garaipen eroso baten bila lasai joatera bultzatu beharrean, lortu dugun abantailatxo hori galtzeko beldurra sartzen zaigu. Konfiantza falta zaigu, batez ere, kuriosoa badirudi ere, aurretik jartzen garenean.

Konfiantza... eta golak.

Ez dakizu zer-nolako amorrua ematen didan eman dezakedana ezin emateak. Lesionatuta egon naizenean ere bai, baina batez ere orain, jokatzen ari naizela. Argi izan dut, eta dut, denbora dezente beharko dudala nire maila onenera berriro heltzeko eta horrek sekulako amorrua ematen dit, taldeak denon beharra duela ikusita.

Hori da hurrengo erronka? Gola?

Bai pozik ipiniko nintzatekeela. Bai nigatik, bide honetan beste urrats bat izango litzatekeelako, baina batez ere taldearengatik, taldea laguntzea baita denon helburu eta erronka handiena.