NAIZ

‘Tina txikia’, Kerobiaren ‘Konstelazioa’ binilo bikoitzaren lehen singlea

Kerobia taldeak bere 20. urteurrena ospatzeko prestatu duen ‘Konstelazioa’ izeneko binilo bikoitzaren lehen singlea kaleratu berri du. ‘Tina txikia’ kanta da, ‘Materia organikoa eta gainerakoak’ diskoko maketatik berreskuratutako abestia.

Hogei urte pasa dira lehen maketa kaleratu zuenetik eta, bi hamarkada oparo hauek ospatzeko, ‘Konstelazioa’ lana kaleratu du Kerobia taldeak. Edizio mugatuko binilo bikoitz honen lehenengo biniloan –diskoaren titulu berdina du, ‘Konstelazioa’– taldearen hamabi kanta enblematikoenak sartu dituzte, birmasterizatuak.

Bigarrenean, ‘Hondakinak, descartes, escombraries’ izenekoan, gaur arte argitaratu gabeko kantak eta diskoz disko kanpoan geratu ziren abestiak aurkituko ditugu.

Diskoa jada eros daiteke Kerobiaren webgunean. Eta orain diskoaren lehen singela aurkeztu dute: ‘Tina txikia’. Gaur arte argitaratu gabekoa, ‘Materia organikoa eta gainerakoak’ diskoko maketatik berreskuratutako abestia da.

‘Konstelazioa’ lanaren diseinua Maite Gurrutxagarena da; nahasketa eta masterizazioa Aitor Ariñok egin du. Dena –diskoa, produkzioa eta denda sistema– taldeak berak egin eta kudeatzen ari da. Horregatik, uda arte egongo omen da aktibatuta denda. Eskaeren bi bidalketa handi egingo dituztela iragarri dute, bat maiatza hasieran eta bestea ekainaren hasieran.

Binilo bikoitzaren salmenten dirua «urte honetan gauza gehiago muntatu eta proposatzeko» erabiliko dutela iragarri du Kerobiak.

Sare sozialetan 20. urtemuga «elkarrekin ospatzeko» asmoa agertu zuen taldeak. Iragarpen horrek taldea berriz batuko ote zen zurrumurrua zabaldu zuen, baina oraingoz ez du horren inguruan ezer adierazi.