NAIZ

ERTEaren aurkako mobilizazioei ekin diete gaur Petronorreko langileek

Petronorreko langileak kalera atera dira ostiral honetan enpresako zuzendaritzak aurkeztu duen aldi baterako lan-erregulazioko espedientea salatzeko. Datozen asteetan mobilizazio eta lanuzte gehiago izango dira.

Petronorreko langileen manifestazioa, Muskizetik. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Petronorreko langileen manifestazioa, Muskizetik. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Petronorreko langileak enpresak aurkeztutako aldi baterako lan-erregulazioko espedientea (ERTE) gaitzesteko mobilizazioekin hasi dira ostiral honetan. 350 langileri eragin ahal die, langileen herenari, hain zuzen ere.

13.30ean atera da petrolio-findegia gaurko manifestazio jendetsua. Muskizko erdialdera joan da eta, ondoren, Muñatonesetik itzuli da, enpresaren bulegoak dauden gaztelutik. ‘Langilerik gabe ez dago segurtasunik’, zioen manifestazioaren pankartak.

ERTE «justifikaziorik ez duela» adierazi dute sindikatuetako ordezkariek, eta atzera botatzea lortuko dutela ziurtatu dute. Halaber, enpresak kontratuak berrituko ez dizkien langileen alde ere borroka egingo dutela esan dute sindikatuek.

Petronorreko langileek batzarra egin zuten asteartean zer egin aztertu eta erabakitzeko, eta mobilizazioen egutegia onartu zuten gehiengo zabalarekin (aldeko 411 boto, kontrako 18 eta 5 boto zuri).

Gaurkoaren ondoren, astelehenean, hilak 12, 07.00etatik 09.00etara lanuztea egingo dute, petrolio-findegian kontzentrazio bat eginez. Apirilaren 14an eta 19an, 10.00etatik 12.00etara egingo dute lanuztea, eta manifestazioa egingo dute, findegitik Muskizko udaletxera. Ostiralean, hilak 16, manifestazio berri bat izango da 13.00etatik 14.30era.

Azkenik, asteazkenean, 11.00etatik 13.00etara lanuztea egingo dute, Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean.

Sindikatuek eta enpresak asteazken honetan osatu zuten negoziazio batzordea.