NAIZ

Mads Nissen danimarkarraren «Lehen besarkada» da World Press Photoren aurtengo argazki saritua

Adriana Silva erizainak 85 urteko Rosa Luzia Lunardi besarkatu zuen unea harrapatu zuen Mad Nissenek 2020ko abuztuan. Brasilgo egoitza batean bizi den emakumeak bost hilabetean jaso zuen lehen besarkada haren irudia da World Press Photoren irabazlea. Aitor Garmendia euskalduna ere saritu dute.

Mads Nissen danimarkarraren «Lehen besarkada», World Press Photo lehiaketaren aurtengo saritua.
Mads Nissen danimarkarraren «Lehen besarkada», World Press Photo lehiaketaren aurtengo saritua.

Kopenhageko Mads Nissen argazkilariaren `Lehen besarkada´ aukeratu du World Press Photok aurtengo argazki nagusi gisa. 2020ko abuztuaren 5ean egina da, Rosa Luzia Lunardi 85 urteko emakumeak, bost hilabete besarkadarik jaso gabe egon eta gero, Adriana Silva da Costa Souza erizainaren magalean babesa hartu zuen unekoa, Viva Bem egoitzan, Brasilgo São Paulon.

2020ko martxoan, gurean eta bertze herrialde ugaritan gertatu zen bezala, Brasilen zahar etxeak itxi eta bisitarik gabe utzi zituzten egoiliarrak. Covid-19tik babestu nahian senide eta lagunak ukitzea galarazi zieten.

Zaintzaileei ere adinekoak ahalik eta gutxien ukitzeko agindua eman zieten. Viva Bem-en, orduan, ‘The Hug Curtain’ izeneko ekimena asmatu zuten, pertsonei bertze behin besarkatzeko aukera emateko.

Koronabirusaren aurrean, arrisku talde batzuk identifikatu ziren eta horien artean daude 70 urtetik gorakoak. Jair Bolsonaro presidente brasildarrak ez zuen izurritearen larritasuna aintzat hartu, ezta berrogeialdia ere, eta herritarrak ekonomiari eusteko lanean jarraitzera animatu zituen.

Brasil koronabirusak gehien kaltetu duen herritako bat izan da. 2020 amaieran 7,7 milioi kasu eta 195.000 hildako zenbatu zituen.

Argazkilaritza enpatia da

Mads Nissen (Kopenhage, Danimarka, 1979) argazkilari sarituarentzat argazkilaritza enpatia da: ulermena, hurbiltasuna eta intimitatea sortzea. Konexio hori lortzen saiatzen da aktualitateko gai sozialak azaltzeko, ezberdintasunak, giza eskubideen urraketak eta naturarekiko harreman suntsitzaileak kasu.

2007an Danimarkako Kazetaritza Eskolan aipamen bereziarekin graduatu ondotik, Shanghaira bidaiatu zuen, Txinaren igoera ekonomiko historikoak pertsonengan izan zuen eragina dokumentatzeko.
 
2014tik argazkilari gisa ari da ‘Politiken’ Danimarkako egunkarian. ‘Time’, ‘Newsweek’, CNN, ‘National Geographic’, ‘The Guardian’, ‘Stern’ eta ‘Der Spiegel’-en ere argitaratu izan dituzte bere argazkiak.

2015ean Errusiako bikote homosexual bati egindako bere argazkia aukeratu zuen World Press Photok urteko argazki bezala. Bere lanak 60 sari baino gehiago irabazi ditu. 2018an, hirugarren aldiz izendatu zuten Danimarkan urteko argazkilari. 
 
Hiru argazki liburu argitaratu ditu Nissenek: ‘The Fallen’ (People's Press), ‘Amazonas’ (Gyldendal) eta 2018an saritutako ‘We are Indestructible’ (GOST Books).

Ingurumeneko hirugarren saria, Aitor Garmendiarentzat

World Press Photo lehiaketako sarituen artean euskaldun baten izena ere agertzen da: Aitor Garmendia da, ingurumenaren ataleko istorioetan hirugarren saria jaso duena. Gaztela-Mantxan egin dituen argazkiek txerri haztegien errealitate krudela erakusten dute. Garmendiak honela azaldu zion ‘Berria’ri berriki: «Debekatuta dago modu librean instalazio horiek bisitatzea; hortaz, ezkutuan sartzea baino ez zitzaigun geratzen». 32 txerri ustiategitan gauez eta baimenik gabe sartu zen argazkilaria.

Lehiaketa honek 64. edizioa izan du aurten. 130 herrialdetako 4.135 argazkilarik 74.500 argazki aurkeztu dituzte bertara.

Beste irabazle batzuk

Ingurumen atalean Ralph Pacek irabazi du, itsas lehoi hau Kaliforniako uretan musuko baten bila harrapatzerakoan.

Gai garaikideak atalean, berriz, Alexey Vasilyevek lortu du sarietako bat. Bertan, filmazio talde batek ‘The Old Beyberikeen With Five Cows’ lanaren bigarren zatia grabatzen ari da, Sakhan, Errusian.

Natura atalean, berriz, Ami Vitale gailendu da, Kenian uholde batetik erreskatatutako jirafa baten irudiarekin.

Erretratoen sailean, berriz, Gabriele Galimbertik eraman du garaikurra. Marine estatubatuar ohi bati egin dio argazkia, bere etxeko atzealdean, hamarnaka arma eta luxuzko kotxeekin.

Uneko albisteen atalean, aldiz, Lorenzo Tugnoli izan da saritua, Beiruteko portuan izan zen leherketan egindako argazkiagatik.

Eta kirol argazkitan, berriz, Adam Prettyk eraman du saria, Alemanian egur artean eskalatzen duen pertsona baten irudia hartu ostean.