NAIZ

Kontseiluaren hizkuntza-politiketan eragiteko proposamena, eragileekin adosteko prest

Euskalgintzaren Kontseiluak Batzar Nagusia egin du Bilbon. Bertan, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialen dokumentuaren lanketak hartu du tarterik handiena. Bazkideek aho batez onartu dute proposamena, eta hurrengo pausoa askotariko eragileekin partekatzea izanen da.

Kontseiluak Batzar Nagusia egin du ostiral honetan Bilbon.
Kontseiluak Batzar Nagusia egin du ostiral honetan Bilbon.

Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialak lortzeko dokumentua prest du jada Kontseiluak, eragileekin konpartitzeko. Ekainaren 19an ekitaldi bat egiteko asmoa du, bertan adostasuna irudikatuz lehen mugarria ezartzeko.

Euskalgintzaren Kontseiluak Batzar Nagusia egin du ostiral honetan Bilbon. Bertan, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialen dokumentuaren lanketak hartu du tarterik handiena. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak poza adierazi du bazkideek aho batez onartu dutelako proposamena.

Ezagutza unibertsala eta erabilera erosoa

2020ko abenduan hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu dela azaldu zuen Kontseiluak, eta horretarako oinarrizko proposamen bat mahai gainean jartzeko konpromisoa hartu zuen. Proposamen hori abiapuntutzat hartuta, hainbat mintegi antolatu ditu Kontseiluak bere barneko erakundeekin. Horrekin batera, eremu desberdinetako hainbat eragilerekin bilerak egin ditu.

Bilbaoren hitzetan, «lan interesgarria izan da, eta oro har, eragileek, bazkideek zein kanpokoek begi onez hartu dute hizkuntza-politikek etorkizunean jarraitu beharko luketen norabidetzeak bi ardatz izatea; batetik ezagutzaren unibertsalizazioa, eta bestetik euskararen erabilera erosorako espazioak bermatzea».

Eragileek dozenaka ekarpen egin dizkiote dokumentuari, eta horren ondorioz, hasieran aurkeztu zuten proposamenak adostasunerako baliagarriak izango diren hainbat elementu berri jasotzen ditu.

Ekainaren 19an, lehen mugarria

Batzar Orokorrak dokumentu berria aho batez onartuta, Kontseiluak berriz ere joko du eragileengana proposamen berria aurkezteko. «Askotariko eragileekin biltzeko asmoa dugu, guztion artean jorratutako proposamenaren ardatzak partekatu eta haiek ere bat egin dezatela eskatzeko. Izan ere, honen guztiaren azken helburua guztion artean hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun ahalik eta handienak lortzea izango da», adierazi du Paul Bilbaok.

Halaber, Kontseiluak aurreratu du ekainaren 19an ekitaldia antolatuko dutela adostasunen lehen argazkia erakusteko.

Bestelako proiektuak

Batzar Nagusian, Kontseiluak 2020an egindako jardunaren balantzea eta 2021eko plana ere izan dituzte hizpide.

«Esan gabe doa, 2020a urte berezia izan dela. Halere, Kontseiluak jakin izan du euskararen gaia ere egoera zail honetan kokatzen», esan du Kontseiluko eledunak. «Hor ditugu, esaterako, ekainean bazkideekin batera pandemiaren ondorioei aurre egiteko Geroa Euskaratik proposamena, edota, Nafarroako Gobernuari aurkeztutako Nafarroa Euskaratik Suspertu proposamenak».

2021ari begira, beste hainbat proiekturi ekingo dio Kontseiluak: asteazkenean Hendaian publiko egin zuen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapenaren esperientzia pilotuak, Lakuarekin batera antolatuko dituen jardunaldiak, arnasguneen inguruko dinamikak, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko jarduna, nazioarteko eragileekin lankidetzak edota irakurketa politikoak, besteak beste.