NAIZ

Supersurraren aurkako bizikleta martxa egin dute Bilboko kaleetatik

‘Ampliación Supersur Ez’ plataformak deituta, Supersurraren aurkako bizikleta martxa bat egin dute 60 lagun inguruk larunbat honetan Bilboko kaleetatik. Apirilaren 24ko manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Supersurraren aurkako bizikleta martxa.
Supersurraren aurkako bizikleta martxa.

Supersur autobidearen aurkako bizikleta martxa egin dute larunbat honetan Bilbon 60 lagun inguruk. ‘Ampliacion Supersur Ez’ plataformak deitu du mobilizazioa. 10.30ean hasi da Zorrotzako Azoka plazatik. Hortik Jesusen Bihotzera abiatu da. Ondoren Errekaldeko plazatik pasa dira eta Abusu auzoan bukatu da martxa.

Bizikleta martxa honen bidez Supersurraren obrak Bolintxu ibarrean eragiten dabiltzan kalteak salatu nahi izan dituzte, eta autobidea hori luzatzen jarraitzearekiko «aurkakotasun irmoa» erakutsi dute.

«Gure ustez inbertsio publikoa beste lehentasun batzuetara bideratu behar da, hala nola osasungintza, zaintza edo hezkuntzara. Gainera klima larrialdi egoeran gauden honetan onartezina iruditzen zaigu autoen erabilera bultzatuko duten azpiegituretan inbertitzen jarraitzea», adierazi dute ‘Ampliación Supersur Ez’ plataformako kideek.

Gainera, apirilaren 24an Supersurraren aurka egingo duten manifestaziorako deialdia zabaldu dute. Egun horretan 18.00etan hasiko da mobilizazioa Arriaga plazatik «Supersur gehiagorik ez!» lelopean.

Manifestazio horri begira hainbat ekimen egin dituzte azken asteetan. Martxoaren 27an martxa bat egin zuten Bolintxu haranera, eta apirilaren 1ean ‘Zementu Santuaren Amaren prozesioa’ egin zuten Bilboko Alde Zaharreko kaleetatik.