Maider Iantzi Goienetxe

Kalean da Hannah Arendten ‘Indarkeriaz’, «gazte eroentzat» irakurgai ezinbestekoa

Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli eta Katakrakek argitaratutako Hannah Arendten `Indarkeriaz´ liburuak pentsalari honen xede bat lortzen laguntzen du: «Klixeen bidez pentsatzeari uztea». Hitzaurrearen egile Mario Zubiagak dioen bezala, horregatik da gomendagarria hasiera berri bat nahi dutenentzat.

Itziar Diez de Ultzurrun, «Indarkeriaz» liburuaren itzultzailea. (Iñigo URIZ/FOKU)
Itziar Diez de Ultzurrun, «Indarkeriaz» liburuaren itzultzailea. (Iñigo URIZ/FOKU)

Kalean da Hannah Arendten ‘Indarkeriaz’ (Katakrak), Mario Zubiaga hitzaurrearen egileak adierazi bezala, hasiera berri bati bide eman nahi dioten adin guztietako gaurko eta biharko «gazte eroentzat» irakurgai ezinbestekoa, hagitz ausarta eta kritikoa delako. Eta, Hedoi Etxarte editoreak erran bezala, heldulekurik gabe pentsatzen duelako. Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli du jatorrian, 1969an, `On violence´ izenburuarekin argitaratu zen obra.

Hannah Arendt (Hannover, Alemania, 1906ko urriaren 14a - New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1975eko abenduaren 4a) pentsalari oparoa izan zen. Aunitz idatzi zuen: gutunak, artikuluak, liburuak... Foro ugaritan ere parte hartu zuen. Hain zuzen, eztabaida publiko horietako bat izan zen, 1968ko gertaerekin batera, `Indarkeriaz´ lanaren hazia. 1967ko abenduaren 17an «indarkeriaren zilegitasunaz» eztabaidatu zuen Arendtek Noam Chomsky, Conor Cruis O’Brien eta Robert Lowell-ekin.

Kontrarioak hitzez hitz aztertzen zituen

Ostegun honetan internet bidezko topaketa batean elkartu dira Diez de Ultzurrun, Zubiaga eta Hedoi Etxarte Katakrakeko editorea, kazetariekin batera, liburua aurkezteko. Etxartek agertu duenez, Arendtek «filosofo izaerari berari uko egiten zion, oro har nonbait kokatu nahi zuten ahalegin guztiei egiten zien uko». Eta, «tamalez, ezohikoa den zerbait egiten zuen»: bere kontrario politikoak hitzez hitz eta seriotasun erabatekoarekin aztertzen zituen. Kontrarioak irakurtzen zuenera jotzen zuen, kontrarioen iturri guztiak leitzen zituen, erraten eta egiten zutena alderatzen zituen.

«Bitxia da liburu hau euskaraz orain arte ez argitaratzea», adierazi du editoreak, «gurea, munduko edozein bazter bezala, politikaren eta indarkeriaren, zilegitasunen eta kondenen, hiri gerrillen eta poliziaren unitate ibiltarien lurra izan delako eta delako. Esanguratsua da».

Arendt XX. mende hasieran Europa ekialdetik zetorren familia bateko alaba zen eta bere bizitzan inportantea izan zen bere ama, Rosa Luxenburgen lagun eta jarraitzailea. Baina ez zetorren Alemaniako ezkerreko pentsamendutik. Bizitzan aurrera egin zuenean ulertu zuen Marxen garrantzia. Bere «jatorria», inon egotekotan, filosofia alemanean zegoen. Eta horrek eragin du, Etxarteren arabera, ezkerrean bere obrarekin mesfidantza handiz jokatzea.

Bitartekoak garrantzitsuagoak helburuak baino

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà itzultzaileak pentsalariaren gogoeta batzuk azpimarratu zituen itzulpena egiten ari zela. Honakoa, adibidez: gizakion ekintzen ondorioak ezin dira zehatz-mehatz aurreikusi. Horregatik, helburu politikoak lortzerakoan bitartekoak gehienetan garrantzitsuagoak dira etorkizunerako helburuak berak baino.

Gogoeta hori aunitz gustatu zitzaion. Beste hau ere bai: arrakala dago zientzia eta egia teorikoen eta errealitatearen artean. Horregatik jotzen zuen iturrietara, orduko gazteak irakurtzen ari ziren autoreen teorietara, aldeak azpimarratu eta ikusarazteko.

Itzulpenari dagokionez, bi kontu izan ziren Diez de Ultzurrunentzat katramilatsuenak. Alde batetik, «testu erraza iruditu zitzaidan irakurtzeko, baina toles eta sakonunez betea eta oreka horri nola eutsi erronka izan nuen, jatorrizkoak esaten zuenari ertsiki lotuz». Liburuan oin-ohar ugari dago eta horrek itzulpenaren jarioa eten dio, iturrietara jo behar zuelako eta sarri irakurketa horietan galtzen zelako. «Ariketa interesgarria izan zen hori ere».

Terminologia kontuak ere egon ziren. Izenburua bera. «Zenbait aukera genituen: bortxa, bortizkeria, biolentzia bera. Baina itzulpena hautatzea da».

Gaurkotasun beteko gaia

Mario Zubiaga Garate hitzaurrearen egilea unibertsitatean klasea ematetik etorri da topaketara eta hain justu liburuan lantzen den biolentzia eta politikaren arteko harremanaren inguruko gogoetak ibili dituzte. «Ez da eztabaida akademikoa, gure herrian are gutxiago, baina alde akademikoa badu».

Susmoa du, «inoiz aldendu ez bada ere», azken hilabeteetan berriz ere agendan lehenengo gaietako bat bezala kokatu dela indarkeriarena.

Arendt aunitz maite du eta haren lana politikotasunaren aldarrikapen sakona iruditzen zaio. Azaldu duenez, politikotasunaren muina, zauri sendaezin hori, leku ezberdinetatik saiatzen gara kolonizatzen: teknologiatik, alderdi juridikotik eta moraletik.

«`Polis´ eta `polemos´ dauzkagu elkartuta, baina beti tentsioan: polis, Arendtek betidanik defendatu izan duena, elkarrekin aritzea da, eta polemos, biolentzia, gerra, gatazka, pertsona bakarrak egin dezakeena ikuspegi instrumental batetik. Polis, boterearen lekua da eta ez dago gauza arruntagorik boterearen eta biolentziaren nahasketa baino. Hori da politikotasunaren muina, elkarrekin daudela beti, baina horrek ez du suposatzen bat egiten dutenik», argitu du.

Erantsi duenez, bien arteko tentsio horietan sortzen diren momentuak dira interesgarrienak. Arendten iritziz, biolentziaren ezaugarria da justifikatu daitekeela. Berarentzat, iraultzatik eta askapenetik askatasunera doan bide horretan, askapena eta iraultza momentu horiek biolentoak izan daitezke, baina askatasuna ez da inoiz oinarrituko biolentzian. Hor «gure errealitate historiko luzea ulertzeko tresneria» ikusten du Zubiagak.