NAIZ
BILBO

Max sariak Bilboko Arriaga antzokian banatuko dira urriaren 4an

Estatu espainiarreko arte eszenikoen sari nagusiak, Max sariak, urriaren 4an banatuko dira Bilboko Arriaga antzokian ospatuko den ekitaldian, astelehen honetan aditzera eman denez. Calixto Bieitok zuzenduko du gala.

Amaia Arregi eta SGAEko ordezkariek, ekitaldiaren aurkezpenean. (BILBOKO UDALA)
Amaia Arregi eta SGAEko ordezkariek, ekitaldiaren aurkezpenean. (BILBOKO UDALA)

SGAE Fundazioak eta Bilboko Udalak astelehen honetan iragarri dute Bilbon ospatuko dela Arte Eszenikoen Max Sarien XXIV. ekitaldia; hau da, Estatuko antzerkiko eta dantzako profesionalen talentuari ezagutzarik handiena agertzeko sariak banatzeko ekitaldia. Bilboko Arriaga Antzokiko oholtzan egingo da, 2021eko urriaren 4an. Sari eta nominatuen izenak web orrialde honetan emango dira jakitera.

2001ean eta 2007an sai hauek Bizkaiko hiriburuan banatu ziren, eta hirugarren aldia izango dute hau. Calixto Bieitok, Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak, zuzenduko du ekitaldia.

Aurten sariek 24 urte beteko dituzte, eta lehiaketarako 20 kategoria eta hiru sari berezi mantenduko dituzte: Ohorezko Max Saria, arte eszenikoetan egindako ekarpen eta defentsagatik pertsona baten ibilbidea nabarmenduko duena; publikoaren Max Saria, #VσtaMax online aplikazioaren bidez ikus-entzuleen bozka gehien lortzen dituen ikuskizunari emango zaiona; eta amateurra edo gizarte izaerako Max saria, gizarteratzearen eta gizarte proiekzioaren aldeko proiektuak saritu nahi duena.

SGAE Fundazioak eta Udalak sinatutako akordioa iragarri eta sarien banaketa berri honetan izango diren berrikuntza guztiak aurkeztu dituzte, hedabideentzako ekitaldi batean. Topaketa horretan, Amaia Arregi jarduneko alkateak poz handia agertu du arte eszenikoen Estatuko saririk handienak emateko gala Bilbon izango delako; gainera, adierazi duenez:  «Bilbo Max hiri bat izatea aukera bat izango da euskal kultur sektorearentzat. Osasun egoera gorabehera, ekitaldi honen alde egin dugu, lanbideari ezagutza agertzeko aukera baten moduan baliatzearren. Ekintzekin erakusteko, beste behin ere, egiazkoa dela arte eszenikoen aldera daukagun interesa eta konpromisoa. Hori da Udalaren estrategia, eta hori izango da geroan ere: Bilbo arte eszenikoen, sorkuntzaren eta kultur sustapenaren erreferente moduan kokatzea».

Arregik adierazi duenez, «24. aldi hau Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak zuzenduko du, Calixto Bieitok, zeina erreferente handi bat baita nazioartean, arte eszenikoen arloan, eta harritu egingo du publikoa galarako bere proposamenarekin».

Bestalde, Juan José Solanak, SGAE Fundazioaren presidenteak, gogorarazi du zeinen garrantzitsua den Max sarien ospakizuna: «Une oso gaitza da hau kultur sektorearentzat, baina guk ilusioz jarraitzen dugu gure eginkizunean, arte eszenikoen bozgorailu izatearren, aldarrikatuz nola betetzen duten arte eszenikoek gu sendarazteko eginkizun hori, eta zenbat eta zenbat gauza eskaini diguten kultur sortzaileek pandemiazko eta akidurazko garai hauetan. Max sarien ekitaldiak balio du arteen arlo honi ohartzeko, arlo honetako koreografoei, dramagileei, zuzendariei, eta ohartzeko zeinen modu berezian argiztatzen dituzten gure bideak».