Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Osakidetzako ia bi mila langilek uko egin diote covid-19aren kontrako txertoa jasotzeari

Txertoak dira pandemiari aurre egiteko daukagun tresna nagusia, eta haien eraginkortasuna agerian geratzen ari da kanpainak aurrera egin ahala. Hala ere, Osakidetzan lan egiten duten 1.893 pertsonek uko egin diote botika jasotzeari, plantilla osoaren %4,55, Osasun Sailak emandako datuen arabera.

Donostiako Illunben ilara handiak izan ziren asteburuan txertoa jasotzeko.      (Gorka RUBIO I FOKU)
Donostiako Illunben ilara handiak izan ziren asteburuan txertoa jasotzeko. (Gorka RUBIO I FOKU)

Osakidetzan lan egiten duten 1.893 lagunek uko egin diote covid-19aren aurkako txertoa jasotzeari, eta, beraz, txertatu gabe jarraitzen dute, nahiz eta pertsona zaurgarri ugari artatzen dituzten eremuetan aritzen diren. 

Apirilaren 13ko datuak dira horiek, eta bertan ez dira sartzen txertaketari hasieran uko egin zioten eta ondoren txertoa hartu duten langileak, ez eta bigarren dosia baztertu dutenak ere, Lakuako Osasun Sailak Parlamentuari igorritako txostenaren arabera.

EH Bilduk eskatuta, Exekutiboak auzi honen gaineko txostena bidali du Gasteizko Ganberara, eta bertan aipatzen denez, orotara, Osakidetzako langile guztien %4,55ek erabaki dute ez txertatzea, nahiz eta datuek argiki erakusten duten txertoek kutsatze kopurua eta, batez ere, gaixo larrien eta heriotzen kopurua nabarmen murrizten dituztela.

Dokumentu horren arabera, Bilboko Santa Marina Ospitalean dute txertoari uko egin diotenen batez besteko handiena, plantilla osoaren %9,12k ezetz esan baitio botikari, 60 langilek. Uribeko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) %8,02ra heltzen da batez bestekoa, eta zenbaki altuak aurki daitezke, era berean, Basurtun (%7,06), Arabako Errioxako ESIan (%6,7), Gorlizen (%6,63), Galdakaon (%6,43) eta Donostialdeko ESIan: %4,84.

Kopuruari dagokionean, deigarriak dira Basurtuko eta Donostialdeako datuak, osasun esparru bakoitzean laurehun langilek baino gehiagok erabaki baitute txertorik ez jartzea.

Aldiz, Gurutzetako Ospitalean eta Arabako ESIan oso langile gutxik erabaki dute txertorik ez hartzea, %0,08k eta %1,68k, hurrenez hurren.