Maider Iantzi Goienetxe

13 urteko neskatxa baten bidaia iniziatikoa jaso du ‘Itsasoaren Atea’ Meaberen lanak

1870eko neguan, aitak bapore batean utzi du Elora Duval, Ubarroien Uhartera bidean. 13 urteko neskari ama hil zaio eta bizimodu berri bati ekin beharko dio Brigita amonaren basetxean. Hori da «Itsasoaren Atea» Miren Agur Meaberen testuak eta Maite Gurrutxagaren marrazkiak dituen lanaren abiapuntua.

Miren Agur Meabe, liburu berria eskuan hartuta. (Jon URBE | FOKU)
Miren Agur Meabe, liburu berria eskuan hartuta. (Jon URBE | FOKU)

Miren Agur Meabek ‘Itsasoaren Atea’ (Elkar) aurkeztu du, iaz Mikel Zarate haur literatura saria jaso zuen liburua. Maite Gurrutxagak txuri-beltzezko marrazkiz hornitu du abentura, misterioa eta magia uztartzen dituen kontakizuna. Antxiñe Mendizabal editoreak adierazi duenez, emakume begirada du, kresal usaina, eta dotore eta fin idatzia dago, erritmo pausatuaz. Hala merezi du irakurtzea ere, ñabardura literarioekin gozatzeko. Haurrei begira sortua da, baina helduek disfrutatzeko ere aproposa da.

Gorputz eta arima emana dago idazle lekeitiarra literatur sormenari, eta horren emaitza da harribitxi hau. ‘Katta’ haur txikientzako egiten ari den bilduma, ‘Begiak zerumugan’ poema liburua, ‘Zazpi orduak’ eta egile honen beste hainbat liburu estimatu jasotzen dituen Elkarren katalogoa osatzera dator.

«Izan bihotz», liburuaren eta egilearen leloa

2020ko itxialdian idatzia da ‘Itsasoaren Atea’. «Urte aldrebesa zetorren, eta hutsune hori orekatu beharrean sentitu nuen. Azken urteetan gazte literatura aparkatuta izan dut eta liburu hau idazteak poz handia eman zidan», agertu du idazleak.

1870eko negua da, aita pintoreak, ustez inpresionista, bapore batean utzi du 13 urteko alaba, Ubarroien Uhartera bidean. Atlantikoan kokatutako alegiazko irla honetan bidaia iniziatiko bat hasiko du neskatxak Brigita amonaren basetxean. Brigita belargilea da, petrikiloa.

Elora lanean hasiko da Galantenea jauretxean, umezain, eta berehala estutuko du harremana bertako Ariane txikiarekin. Umezurtza da bera, 6-7 urtekoa eta Mikaela neskamea izan du orain arte bizikide bakarra. Ez Elora ez Ariane ez dira neska arruntak. Beste inork iragartzen ez dituen gertaerak hautemateko dohaina dute. Horregatik, aspaldiko kondaira tragiko baten korapiloa askatuko dute bien artean.

Astebetean garatzen da istorioa eta denbora horretan Elorak ezusteko ugari biziko ditu: Graxi Aireren lagun egingo da, Erik Garat marinel gaztea ezagutuko du, Nora eta Piarresen amodio ezinezkoaren lekuko izango da eta arrisku larrietan jarriko du bere burua, beti amaren leloa gogoratuta: «Izan bihotz».

Meabek adierazi duenez, era batera baino gehiagora interpreta dezakegu lelo hori, baina eskuzabaltasunarekin eta ausarduarekin lotura du. Elorak emakume leinu garrantzitsu baten partaidea dela deskubrituko du.

Literatura erromantikoaren kutsua

Lanak literatura erromantikoaren kutsua du, baina erromantiko dionean Miren Agur Meabe ez da amodioaz ari. «Aspalditik neukan errealitatea eta naturaz gaindiko botereak nahastuko zituen zerbait idazteko gogoa. Kontaera garaikideak nagusitu dira azkenaldian gure literaturan: pertsonaien barne gatazkak dituzte ardatz eta inguruko mundua kokaleku nagusi. Oso beharrezkoak dira. Baina eskoletako bisitetan beste ildo batzuen falta sumatzen nuen, ikasleek esandakoari kasu eginez», azaldu du.

Baditu literatura erromantikoaren eraginak. Batetik, giro preindustriala aurkituko dugu: natura basatia eta arrantza portua. Eta atrezzo horren parte, izurdeak, galerna, itsasargia… Bestetik, kostunbrismo printzak daude, arrantzaleen eta herritarren bizimoduari buruzko aipamenak. Elementu dramatiko bat ere bada. Protagonista nagusi biek ama galdu dute eta biak dira gizaki konplexuak, samina kudeatzen ikasten ari direnak heldutasunerako bidean. Misterioa ere badugu: «Sekretuak, mehatxuak, fantasmak, beste norabide batean jartzen protagonisten bizitzak».

Kondaira bat eta mito bat agertzen dira. Hori ere bada XIX. mendeko literaturaren ezaugarria. Herrian zabaldutako kondaira batek dio Alma Galant itota desagertu zela bere amorantearekin. Bestetik, Brigitaren gerrikoaren mitoa dugu. «Brigita herrialde zeltiarretan jainkosa ama da, emankortasunarekin, naturarekin, osasunarekin zerikusia daukana, neguko solstizioarekin lotua. Gure egutegi kristauan Santa Brigida bat daukagu otsailaren hasieretan. Ez da kasualitatea otsailaren 5ean izatea Santa Ageda. Badu zerikusia lurra esnatzearekin», agertu du Miren Agur Meabek. Ahizpatasunari buruzkoa ere bada liburua.