NAIZ
DONOSTIA

Pandemian bizi izan duten egoera azaleratzeko ‘Haurrak SOS’ mosaikoa eraikiko dute Kontxan

Haurrak Ere Bai plafatormak 6 eta 12 urte bitarteko haurretan musukoaren derrigortasuna bertan behera uztea eta «egungo eskola protokoloa kentzea eta hartu beharreko neurriak haurren osasuna modu integralean zaindu dezatela» eskatu dute. ‘Haurrak SOS’ mosaikoa eraikiko dute Kontxan, hilaren 30ean.

Bilboko Intxixu ikastola, ikasturteko lehen eskola egunean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Bilboko Intxixu ikastola, ikasturteko lehen eskola egunean. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Haurrak Ere Bai plataformak hitzordua jarri du maiatzaren 30ean, Donostiako Kontxa hondartzan, osasun larrialdi egoera honetan haurrek bizi duten egoera azaleratzeko. 12.30ean ‘Haurrak SOS’ mosaikoa eraikiko dute.

«Kezkaz bizi dugu iada urte bete baino gehiagoz, gure seme alabek osasun krisialdi honi aurre egiteko kudeaketaren ondorioz pairatu duten egoera», adierazi dute ohar baten bidez. «Urtebeteko esperientziak, eta zenbait ikerketek erakutsi digute, haurrengan covid-19aren eragina ez dela esanguratsua, eta berresten dugu, ez direla pandemia honen eroaleak», gaineratu dute.

Txikiek pairatu dituzten «eskubide urraketen» artean, bi puntutan jarri dituzte euren aldarrikapenak. Alde batetik, musukoaren erabileraren derrigortasuna bertan behera uztea eskatzen dute, 6 eta 12 urte bitarteko haurretan. Bestetik, «gaur egungo eskola protokoloa kentzea eta hartu beharreko neurriak haurren osasuna modu integralean zaindu dezatela» defendatzen dute, «gure saretik sortutako ikasturtea antolatzeko proposamen eguneratua alternatiba gisa eskainiz».

Haurrak «mindu gabe» babesteko beharra nabarmendu du plataformak.