NAIZ

Kalean da Anjel Lertxundi eta Jokin Mitxelenaren ‘Familia xelebrea’ album ilustratua

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak irakurtzen hasiberria den haurrari zuzendutako album ilustratu berria plazaratu du Kimu sailean, ‘Familia xelebrea’, Anjel Lertxundik idatzia eta Jokin Mitxelenak ilustratua.

Anjel Lertxundi idazlea, 'Familia xelebrea' liburua eskutan. (IKASELKAR)
Anjel Lertxundi idazlea, 'Familia xelebrea' liburua eskutan. (IKASELKAR)

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak irakurtzen hasiberria den haurrari zuzendutako liburu berria plazaratu du Kimu sailean, ‘Familia xelebrea’, Anjel Lertxundik idatzia eta Jokin Mitxelenak ilustratua.

‘Familia xelebrea’ liburua kaleratu du Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak, Anjel Lertxundik idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratu dute lana, eta «mundua zein gizakia ulertzen eta ezagutzen, eta irudimena erakitzen eta lantzen» bidelaguna izan asmo duela aurreratu dute arduradunek.

Kimu ipuin-bildumaren baitan argitaratu du Ikaselkarrek ‘Familia xelebrea’, eta irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 5 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago. Hala, haurren irudimena lantzeaz gain, hitzen eta irudien bitartez, irakurle hasi-berriak «entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea» ere badu helburu Lertxundi eta Mitxeleranen lanak.

Azken honekin, bost dira argitaletxeak kaleratu dituen album ilustratuak: Juan Kruz Igerabideren eta Ainara Azpiazuren ‘Nire gorputzean bizi naiz’ eta Alaine Agirreren eta Irrimarraren ‘Badauzkat nire zulotxoan…’ liburuekin abiatu zen bilduma. Ondoren etorri ziren Garazi Kamioren eta Julen Ribasen ‘Galdu dena, azaldu dadila!’ eta Castillo Suarezen eta Mikel Anteroren ‘Loinatzen loa’.