Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Bernat Etxepareren kopla «feministek» gaurkotasun osoa hartu dute Arriaga antzokian

Klasikoen daukaten sen horri esker, ‘Linguae Vasconum Primitiae’ (1545) liburuaren koplak gaur egunera etorri dira Arriagan Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurraldian. 200 bat irakurleren ahotsean, duela bost mendeetako koplekin euskararen modernitatea aldarrikatzen ari dira.

Aitor Elizegi, Athletik taldeko lehendakaria, irakurtzen Arriaga antzokian. (NAIZ))
Aitor Elizegi, Athletik taldeko lehendakaria, irakurtzen Arriaga antzokian. (NAIZ))

«Kopla batzuen azpian, zuk Etxeparerenak direla jartzen ez baduzu, ‘hau feminista zen!’ esango duzu». Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearen esaldi honek laburbiltzen du euskal literaturan hain funtsezkoa eta, era berean, hain misteriotsua den Bernat Etxepareren (1480-1560) figura.

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako ‘Euskara Jalgi Hadi plazara’ jardunaldien baitan, Amurizak moldatu eta doinua jarri baitio euskaraz inprimatutako lehen liburuari. ‘Linguae Vasconum Primitiae’ klasikoaren hamabost bertsoetatik aukeraketa egin du: «Honetatik guztitik atera ditut ustez onenak eta esanguratsuenak direnak, eta deklamatzeko edo kantatzeko laburtu ditut».

Etxepareren ordu eta laurdeneko antologia osatu baitu Amurizak. Eta Bilbo Zaharraren ekimenera lotu diren 200 irakurleak –NAIZ tarteko– ulergarri egiten saiatu dira gaur goizean zehar. Eta ez zen erraza. Kultura, politika, kirola edo kazetaritzako ordezkariak, eta baita euskaltegi bertako ikasleak ere, pasa dira Arriaga antzokiko foyerretik. Osasun egoerak behartuta, ekitaldiak txikiagoa izan behar zuen, zuzeneko ikusleei dagokionez. Youtuben, dena den, zuzenean jarraitu ahal izan da, eta baita Arriaga antzokiaren aurrean jarritako pantaila bati esker. Ordutegiari dagokionez ere laburragoa izan da eta goizean bakarrik burutu da.

Erotismoa eta emakumeen alde

Egindako lanaren poderioz, euskal kulturaren hitzordu garrantzitsua bihurtu da Bizkaiko hiriburuan. «Hau hamalaugarren urtea da –Maite Salutregiren esanetan–. Iaz ez genuen ekainean egin, beti egiten baititugu ekainean, eta urrian egin genuen, neurri txikiago batean»

«Aurten, Etxeparerekin, jo dugu hasierara, klasikoetara, behar zelako gure ustez euskarari leku hori ematea, pandemia honetan ikusten delako erabileran beherakada egon dela. Jaso dugun erantzuna izan da itzela, erronka modu hartu delako jendearen aldetik ere», haren hitzetan.

Erronka bat, bete-betean. Goizeko 9.40ean (8.00etan hasi da ekitaldia), mosen Bernat Etxeparek idatziko kopla erotiko batzuk irakurtzea, guri egokitu zaigun moduan, ez baita erraza. Euskaraz idatzitako lehen olerki lizunak, hauek dira: «Munduian ezta gauzarik hain eder ez plazentik / Nola emaztia gizonaren petik buluzkorririk / Beso biak zabaldurik dago errendaturik / Gizonorrek dagiela harzaz nahi duienik».

Etxepare apaiz baxenafartarra ezustez betetako gizona baitzen. Xabier Amurizari harridura eta guzti sortu dio haren olerkietan aurkitutako emakumeen aldeko defentsak: «Baditu gauza arruntak, topikoak eta tradizionalak, apaiza ere bazelako. Baina nahiko apaiz librea izango zen, ez baitakigu noiz egin zen apaiz ezta zein bizitza pertsonal izan zuen. Egin zituen poematatik hamabost dira amodiozkoak».

Zein zen mosen Etxepare?

‘Linguae Vasconum Primitiae’ argitatu zuenean, Etxeparek 60 bat urte zituen. Nafarroako Erresuma oraindik independentea zen, Trentoren Kontzilioa aurki finkatuko zen. «Trentoko Kontziolioaren barruan, protestantismoaren aurka egiteaz gainera, helburuetariko bat zen seminarioak sortzea kleroaren moralizaziorako. Horrek zer esan nahi du?». Soma daiteke, noski. «Etxepare apaiz noiz egin zen enigma bat da, igual izango zen apaiza aurretik denbora luzean baina, dudarik gabe, esperientzia pertsonal handia izan zuen. Nondik atera zuen gizonen kontra erakusten duen agresibitatea?», galdetu du Amurizak.

Hemen adibidea: «Bertuteak behar luke gizonetan handiago; / emaztetan nik dakusat hongiz ere gehiago. / Mila gizon gaixtorik da emazte batendako; / gizon baten mila andre bere fedean dago». 

Amuriza, berriz: «Etxepare kuestionatua izan da bere maila poetikoan, baina Etxepare bertsolaria zen. Iparraldean esaten zaio honi koblakari, tradiziozko hitza da, baina ez zaio ematen koplari guk ematen diogun erromeria zentsua. Koblakaria zen eta kontzientzia bazuen horrena. Etxepare hurbilago dago koblakari edo bertsolaritzatik poesiatik baino».