NAIZ

Larunbatean irekiko dituzte Txurdinaga, Artxanda eta Errekaldeko kanpoko igerilekuak

Bilboko Udalak Artxanda, Txurdinaga eta Errekaldeko kiroldegietako kanpoko igerilekuak irekiko ditu datorren larunbatean, baina Bilbao Kirolakeko abonatuek bakarrik erabili ahal izango dituzte, hitzordua eskatuta.

Errekaldeko kiroldegia.
Errekaldeko kiroldegia.

Bilbao Kirolak udal erakundeko kiroldegietako udako denboraldia larunbatean hasiko da, ekainaren 12an, eta egun horretan zabalduko dira Artxandako, Txurdinagako eta Errekaldeko kanpoko igerilekuak, irailaren 12ra arte.

Bilboko Udalak iazko udan martxan jarritako covid-19aren aurreko prebentzio neurri berberak aplikatuko dira, udan gune seguruak eskaini ahal izateko. Neurri horien artean daude instalazioetako edukiera mugak, espazioak zatikatzea eta espazio horiek eskuratzeko aldez aurretik hitzordua eskatu beharra.

Aurtengo berritasunen artean, instalazioak ordubete geroago itxiko dira, 21.00etan, eta bi txanden ordez, egunean hiru txanda ezarriko dira, 10.00etatik 13.30era, 14:00etatik 17.30era eta 18.00etatik 21.00etara, txandakatzea errazteko eta egun berean ahalik eta pertsona gehien hartzeko helburuarekin.

Bilbao Kirolakeko abonatuek bakarrik erabili ahal izango dituzte, hitzordua eskatuta. Okupazioak eta osasun-egoerak aukera emango balute, gainerako herritarrei sarbidea errazteko aukera aztertuko litzateke. Igerileku txikiak jolaserako eta familiek erabiltzeko izango dira. Ezin da puxikarik edo ur-pistolarik erabili. Gehienez 15 minutu egon daiteke uretan, erabiltzaileak txandaka daitezen.

Instalazioetara sartzeko, ezinbestekoa izango da hitzordua eskatzea. Bilbao Kirolak-en webgunearen bidez hartu ahal izango da, gehienez ere 48 ordu lehenago, eta erreserba batetik hurrengora bitartean ere 48 ordu igaro beharko dira gutxienez. Hitzordua, kanpoko edozein igerilekutarako, bihar, 10:00etatik aurrera, aktibatuko da.