NAIZ
Entrevista
Unai Pascual
Basque Center for Climate Change-ko zientzialaria

«Ekosistemak leheneratu eta C02 emisioak murriztu behar dira»

Komunitate zientifikoan sona duten IPBES eta IPCC taldeko adituek ohartarazpena egin dute ezartzen ari diren aldaketa klimatikoaren inguruko neurriez; baliagarriak izan daitezke, baina aldi berean biodibertsitatea kaltetu dezakete. «Naturaren balioa» berreskuratzeko beharra nabarmendu dute.

Unai Pascual. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Unai Pascual. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Basque Center for Climate Change-ko zientzialaria da Unai Pascual, eta IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Gobernu Arteko Plataformako kidea ere bai. Klima Aldaketarako Gobernu Arteko Adituen Taldearekin batera, txostena kaleratu berri dute, ohartarazteko klima aldaketaren aurkako borrokan ez duela guztiak balio. Unai Pascualek NAIZ Irratiko elkarrizketan «naturaren balioa» berreskuratu beharra dagoela nabarmendu du.

Klima aldaketaren aurka hartzen ari diren neurri batzuk kaltegarriak direla diozue.

Klima eta bioaniztasuna txanponaren bi aldeak direla esan zuten ikerlariek aspaldi, ezin zarela bati begira egon eta besteari ez. Adibidez, bioaniztasuna suntsitzen baldin bada, horrek eragin zuzen eta zeharkakoak izan ditzake kliman, eta alderantziz. Klima aldaketaren poderioz biodibertsitatea galtzen ari gara. Bazen garaia bi komunitate zientifiko erraldoi hauek, IPBES eta IPCCI, elkarrekin lanean hasteko. Aurreko astean plazaratu genuen txosten bat, 50 adituk egindakoa, urtebeteko lana, bioaniztasunaren eta klimaren arteko harreman horiek zeintzuk diren azalduz eta klima aldaketaren kontrako borrokan denak ez duela balio esanez.

Non ikusten dira kalte horiek?

Bioaniztasunaz ari garenean, naturaz ari gara, naturaren dibertsitate osoaz. Dibertsitate horrek sortzen ditu ekosistemetan hainbat funtzio; guk ura lortu ahal izateko, baliabideak, lurraren emankortasuna, etab. Ekosistemen funtzio horiengatik guztiengatik gaude gu hemen, daukagu gure gizartea ezagutzen dugun bezala, eta aurrerabidea edo garapena erresilientea izan dadin ziurtatzeko, gure sistema sozioekonomikoak natura babestu behar du. Klima aldaketaren inpaktua gero eta bortitzagoa da, eta naturak eskaintzen dizkigu aukera batzuk, dohainik, inpaktu horietara hobeto egokitzeko. Baina aukera horiek ez daude denbora guztian eskuragarri. Klima aldaketa zenbat eta handiagoa izan, naturak orduan eta ahalmen gutxiago dauka horri aurre egiteko aukerak eskaintzeko. Natura ezkutu bat balitz bezala babestu behar dugu.

Beste adibidea intuitiboa da. Pinuz beteta dago gure landa ingurua, orain eukaliptoa dator… Hemen horrelako plantazioak babesteko arrazoi nagusia ekonomikoa izan da orain arte. Plantazio ekonomia hori krisian dago eta orain badago beste diskurtso berde bat esaten duena plantazio horiek ere klima aldaketari aurre egiteko onak direla, CO2a xurgatzen duelako. Txostenean esaten da kontu handia izan behar dela honekin, edozein plantazio, pinu edo eukaliptoak, garapen azkarreko zuhaitz hauek, bioaniztasunaren kontrako inpaktua dutela. Agintariek plantazio politika hauek garatu ditzakete aitzakia gisa; alegia, guk sortzen ditugun emisioak, industria eta mugikortasunekoak, hainbeste ez murrizteko. Baso artifizial horien landaketa masiboa eskala erraldoian ezin da irtenbide magiko gisa ikusi; horiek munduan zehar barreiatzen badira, munduko bioaniztasunaren kontrako eraso galanta izango da, eta gertatzen ari da.

Agintariei proposamenak egiten dizkiete komunitate zientifiko hauek. Ba al dago epe laburrean egingarria den proposamen zehatzik?

Ekosistema degradatuak leheneratu behar dira. Hori da gizarteari merkeen aterako zaion irtenbidea, klima aldaketari aurre egiteko eta bioaniztasuna babesteko irtenbidea delako.

Beste proposamen bat da konturatzea ez dela egongo barita magikorik. Natura babestea hil ala biziko gauza da, bioaniztasuna babestea, horrek ematen digulako aukera aurrerabide erresiliente bat izateko. Hori eginda ere, nabarmen egin behar dena gure CO2 emisioak murriztea da. Hori egiten ez badugu, naturak ezingo digu lagundu, berak berez eman ahal dituen onura horiek guztiak jaso ahal izateko. Industria eta mugikortasuna dira Akilesen orpoak. Horiei eskua sartzen ez diegun bitartean, klima aldaketaren inpaktu gehiago jasotzen jarraituko dugu, bioaniztasuna galtzen, eta klima aldaketaren inpaktu horiei egokitzeko aukerak murrizten. Sorgin gurpil hori moztu behar da. Txostenak mundu mailako ikuspegia ematen du, baina hori edozein udalerri eta lurraldetara jaits dezakegu. Ezin dugu denbora galdu; jadanik pandemien aroan gaude, eta ekosistemak inbaditzen ditugun heinean, klima aldaketaren kontrako egokitzapenaren aukera murriztuko dugu, gero eta okerrago pasatuko dugu eta pandemia berriak izateko aukera dago.