Jon Ormazabal

Zabaletarekin jokatzearen opariari zukua atera dio Peio Etxeberriak

Bezperan bezala, San Fermin torneoko bigarren finalerdia ere oso desorekatua izan d eta Etxeberria-Zabaletak uste baino errazago lortu dute finalerako txartela kolore bakarreko partidan (6-22).

Zabaletak goitik behera dominatu du Martija gaurko finalerdian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zabaletak goitik behera dominatu du Martija gaurko finalerdian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hartu duen mailarekin, Jose Javier Zabaletarekin jokatzea opari bat da. Etxarrenekoa gai da edozein partida bera bakarrik hausteko, baita parean 2020ko txapeldunak egonda ere eta Peio Etxeberriak ez dio aukera honi besterik gabe pasatzen utzi nahi izan. Zenotzekoak badaki aukerak heltzen direnean hartu behar direla eta bere ibilbideko lehen mailako torneo bateko lehen finala jokatuko du, Zabaletaren osagarri bikaina izanda. Bezperan bezala, finalerdia oso desorekatua irten da eta espero dezagun finalean partida hobe bat ikusteko moduan izatea, ahal dela, Mikel Urrutikoetxea ostegunean izandako lesioaz osatuta dagoela 

Partida nahikoa orekatua hasi da, Martija ondo hasi da, Zabaletari eusteko gai izan da zenbait tantoz eta honek aurreko aukerak dezente banatu ditu, Joseba Ezkurdiaren gozamenerako. Baina laster aldatu dio kolorea lehiari Jose Javier Zabaletak. Hotz antzean hasi bada ere, Etxarrenekoa atzean nagusitzen hasi da eta honek goitik behera aldatu ditu partidaren nondik norakoak. Asko agindu du Binakako atzelari txapeldunak, Ezkurdiak apenas izan du erasora pasatzeko aukerarik eta Peio Etxeberria izan da kantxan gozatu duena.

Hutsak ere nahi eta behar baino gehiago pilatu dituzte 2020ko Binakako txapelketaren irabazleek eta urdinek azkar hautsi dute partida 4-12. Saiatu da Joseba Ezkurdia, boleaz eta ahal zuen lekutik sartuta, partidaren norabidea aldatzen, baina ezinezkoa suertatu zaio. Txaparekin ere ez du zorte handirik izan, baina batez ere Jose Javier Zabaleta izan da euren ezinaren arrazoi nagusia. Pilotarik huts egin gabe, ezker-eskuin asko eman dio pilotari eta Peio Etxeberriak ere bere lana bikain osatu du, denera zazpi tanto apuntatu dizkiogularik. 

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Martija: 6

Peio Etxeberria-Zabaleta: 22

Pilotakadak: 443. Iraupena: 49,38 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-3, 3-3, 3-5, 4-5, 4-12, 5-12, 5-17, 6-17, 6-22. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 2 Peio Etxeberriak. Tantoak: 3 Ezkurdiak, 1 Martijak, 7 Peio Etxeberriak eta 3 Zabaletak. Hutsak: 8 Ezkurdiak, 4 Martijak, 2 Peio Etxeberriak eta 0 Zabaletak. Gorabeherak: Iruñeko Labriten jokatutako partida, aspaldiko partez giro beroa, batez ere goiko harmailetan.