NAIZ

Eskubide Digitalen Gutunean hizkuntza eskubideak jasotzeko eskaerei muzin egin die Madrilek

Espainiar Gobernuak Eskubide Digitalen Gutuna aurkeztu berri du, eta, Kontseiluak azaldu duenez, berriz ere alboratu ditu hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak. Egin dituzten ekarpenak «inora ez zihoan postontzi batera» bidali dituztela berretsi du euskalgintzaren antolakundeak.

Hizkuntz eskubideen aldeko manifestazioa egin zuen Kontseiluak Iruñean uztailaren hasieran. (Iñigo URIZ/FOKU)
Hizkuntz eskubideen aldeko manifestazioa egin zuen Kontseiluak Iruñean uztailaren hasieran. (Iñigo URIZ/FOKU)

Eskubide Digitalen Gutunean hizkuntza eskubideak jasotzeko eskaerei berriz ere muzin egin die espainiar Gobernuak. Hala jakinarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bederatzi ekarpen zehatz egin zizkion Gutunari, hainbat eragilerekin batera, baina ez dituzte aintzat hartu. Orain, Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin harremanetan jarriko da eta Gobernuari jarrera horri buruzko galdera egin diezaiotela eskatuko die.

Pedro Sanchezen Exekutiboak Eskubide Digitalen Gutuna prestatzeari ekin zion iazko ekainean, eta urtearen amaieran ekarpenak egiteko aukera zabaldu zuen. Euskararen normalizazioaren aldeko 26 eragilek osatzen duten Euskalgintzaren Kontseiluak aukera hori baliatu zuen. Eta ekarpen horien prestakuntzan Puntueus Fundazioa eta Elhuyar taldea izan zituen bidaide. Halaber, azken proposamenarekin bat egin zuten galizieraren eta katalanaren aldeko zenbait eragilek, Plataforma per la Llengua, Obra Cultural Balear eta A Mesa pola Normalización Lingüística.

Berdintasunaren kontrakoa

Kontseiluaren ustez, espainiar Gobernuak «beste aukera bat galdu du askotan aldarrikatzen duen berdintasuna bermatzeko», eta azken hilabeteotan euskaldunekin eta beste hizkuntza gutxituetako hiztunekin erakusten duen jarrerari lotzen zaiola uste du. «Hizkuntza eskubideen bermea ahalbidetuko edo kontuan hartuko ez duten dokumentuak berdintasunaren kontrakoak direla esan behar zaio Gobernuari», adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Izan ere, gogoratu du Exekutiboak Gutuna prestatzeko bazuela kontuan hartzea aro digitaleko hizkuntza berdintasunari buruzko 2018ko irailaren 11ko Europako Parlamentuaren ebazpen bat. «Eskubide digitalak hizkuntza eskubideak ere badira, eta beraz, Gutunak propio jaso behar zituen. Halaxe jakinarazi genion», adierazi du Bilbaok.

Kontseiluak helarazitako ekarpenetan hizkuntza irizpideak kontuan hartzeko eskatzen zitzaion honako esparruetan: berdintasunerako eta diskriminatua ez izateko eskubidea herritarrek bitarteko digitalen bidez parte hartzeko eskubidean; hezkuntza digitalerako eskubidean; herritarren eskubide digitalak administrazio publikoekiko harremanetan; garapen teknologikorako eta ingurune digital jasangarrirako eskubidean; ingurune digitalean osasuna babesteko eskubidean; eta, azkenik, adimen artifizialean.

«Gobernuak ez du ezer kontuan hartu, eta lehen zirriborroa bezain diskriminatzailea da aurkeztu berri duten behin betiko bertsioa. Hizkuntzen auzia eta hizkuntza eskubideak alboratzea erabaki du, bai prozeduretan bai edukietan», azaldu du Kontseiluak.

Horrekin batera Bilbao oso kritiko agertu da Gobernuak egiten dituen zenbait adierazpenekin: «Aipatu dute 250 ekarpen izan direla eta prozesu parte-hartzailea garatu dutela. Halere, hizkuntza gutxituei eta hizkuntza eskubideei dagokienez, berretsi ahal dugu inora ez zihoan postontzi batera bidali genituela gure ekarpenak».

Alderdiei eskaera

Hurrengo egunotan Kontseilua Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin harremanetan jarriko da eta Gobernuari jarrera horri buruzko galdera egin diezaiotela eskatuko die. «Jakin nahi dugu zergatik irekitzen dituzten parte-hartze prozesuak, ondoren, milioika hiztunen, milioika herritarren alde lan egiten dugun eragileon ekarpenei muzin egingo badiete», agertu du.