NAIZ

Kontuen berri eman du lehen aldiz Vatikanoak: 5.000 jabetza eta 66,3 milioiko defizita 2020an

1967. urtean sortu zenetik Egoitza Santuko Ondarearen Administrazioak lehen aldiz argitaratu du Vatikanoaren urteko balantzea. 66,3 milioi euroko defizita izan du 2020an. Gainera, ondareen berri eman du: 5.000 ondasun higiezin ditu Italian, Suitzan, Estatu frantsesean eta Britainia Handian.

Aita Santua San Pedro plazara begira dagoen bere estudioko leihoan. (Andras SOLARO/AFP)
Aita Santua San Pedro plazara begira dagoen bere estudioko leihoan. (Andras SOLARO/AFP)

Egoitza Santuko Ondarearen Administrazioak (APSA), kontabilitateaz eta ondasun higiezinak eta inbertsioak kudeatzeaz arduratzen denak, lehen aldiz argitaratu ditu urteko kontuak: 2020an 66,3 milioi euroko defizita izan zuen Vatikanoak.

Hala ondorioztatzen da 1967an sortu zenetik lehen aldiz argitaratutako txostenetik, non Egoitza Santuak mundu osoan zehar duen ondarearen berri ere ematen den. Higiezin horiei 883 milioi euroko balioa eman zaie, hein handi batean 5.000 jabetza inguruz osatua. Gehienak Italian daude, baina baita Estatu frantsesean, Britainia Handian eta Suitzan ere.

Nunzio Gallantino erakunde horretako presidenteak ‘Vatican News’-ekin egindako elkarrizketa batean baieztatu duenez, 2020an aurreko urtean baino 51 milioi euro gutxiago sartu zituzten.

Argitaratutako txostenean zehazten denez, 2019an APSAren jarduerek 73,21 milioi euro sortu zituzten, eta 2020an 21,99 milioi euro. Era berean, erakundeak erromatar kuriari egindako ekarpena murriztu zuen, 2019an 41,2 milioikoa izatetik 2020an 20,6 milioikoa izatera.

«Dokumentua argitaratzeko erabakia», azaldu du Galantinok, Elizaren lanean konfiantza handituko duen «itxaropenetik» abiatu da. Hala, APSAk kontrol-organoetan aurkezteko txostena egiten duen lehen aldia ez bada ere, publiko egiten den lehen aldia da. «Zalantzarik gabe, aurrerapausoa da gardentasunari dagokionez», esan du Galantinok.

APSA arduratzen da, besteak beste, Egoitza Santuaren, San Pedroko boloaren eta Estatu Idazkaritzako Funts Erreserbatuen ondare higiezinaren kudeaketaz. Azken lan hori Aita Santuak berariaz eskatuta egiten du.

«Denok APSAn martxan jartzen ari garen jarduerak krisi pandemikoaren ondorio larrietatik haratago doaz», adierazi dio Galantinok Vatican Newsi. «Gure energiak administrazio sinesgarri eta fidagarri batera zuzentzen dira, eraginkorra izateaz gain, Francisco aita santuak eskatzen dituen arrazionalizazio, gardentasun eta profesionaltasun prozesuak gidatuz», gaineratu du.

Gainera, APSAko langileak (gaur egun 102) hiru urtez behingo plan bat prestatzen ari dira, helburuak eraginkortasunez lortzeko eta, Galantinok zehaztu duenez, «gardentasun eta lankidetza giroan». «APSAren betebeharra da eman zaion ondarea kontserbatzea, hobetzea eta errentagarri egitea», gogorarazi du erakundeko presidenteak.

Txostena uztailaren 27an hasiko den Vatikanoko makroepaiketa baino egun batzuk lehenago argitaratu dute, non lehen aldiz kardinal bar eseriko den bertan, Angelo Becciu, Londresen eraikin baten ustezko erosketa irregularrarengatik.