Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Eskoziak gero eta arazo handiagoa dauka drogekin: 1.339 lagun hil ziren 2020an

Eskoziak arazo larria dauka drogekin. 2020an 1.339 lagun zendu ziren kontsumo oker baten ondorioz, inoizko zenbakirik altuena eta Europako tasarik handiena ere badauka. 100.000 biztanleko 24,5 pertsona hiltzen dira urtean.

Glasgowko parke batean hartutako irudia. (Andy BUCHANAN / AFP)
Glasgowko parke batean hartutako irudia. (Andy BUCHANAN / AFP)

Lau hamarkada dira dagoeneko drogak heriotza kausa nagusietakoa direla Eskozian. Eta joera honek ez du goia jotzen. 2020an 1.339 lagun zendu ziren herrialdean kontsumo oker baten ondorioz. 2019an 1.264 izan ziren, inoizko kopururik altuena, eta iaz gainditu egin zuten, gaur bertan jakinarazi dutenez.

100.000 biztanleko 24,5 pertsona hiltzen dira urtean. Beste modu batean esateko, Iruñea bezalako hiri batean 49 lagun hilko lirateke urtero. Europako tasarik altuena da, alde nabarmenez, eta Ingalaterra edo Galesekin konparatuta, adibidez, 3,5 aldiz handiagoa da.

Iragarpen horri azkar erantzun dio Nicola Sturgeon lehen ministro eskoziarrak. «Drogen ondorioz galdutako bizitza kopurua onartezina da, eta horietako bakoitza giza tragedia bat da. Gobernuak ez du erantzukizuna saihesten, eta bizitzak salbatuko dituzten aldaketak egiteko prest gaude», adierazi du sare sozialen bitartez.

Iazko datuen ostean hainbat neurri hartu zituen SNPren Gobernuak. Horien artean nabarmena Drogen inguruko Politiken Ministerio berri bat sortzea. «Orain, droga ministro bat dugu, funtsezko finantzaketa konpromiso bat eta abian den ekintza bat, adibidez, komunitatearen laguntza, tratamendua eta errehabilitazioa azkarrago eskuratzen dela bermatzeko», gaineratu du.

Hala ere, dena haien esku ez dagoela ere ekarri du gogora eta hainbat gaitan independentziarik gabe Eskoziak eskumenik ez duela nabarmendu. «Drogen legearen erreformaren alde ere jarraituko dugu, gaur egun ez baitago gure esku».

Eskoziako Gobernuak hamarkada bat darama legedian aldaketa bat eskatzen, kontsumo seguruko aretoak ahalbidetzeko, drogekin lotutako heriotzen eta gaixotasunen kopurua murrizteko itxaropenarekin. Eskoziako droga arazoak lantzen dituzten elkarteen aldarrikapen nagusia da. Hala ere, Britainia Handiko Barne Ministerioak behin eta berriz uko egin dio Drogen Erabilera Independentearen Legea zuzentzeari, edozein aurrerapen ahalbidetzeko. Drogei buruzko legeak Westminsterrentzat erreserbatuta badaude ere, osasuna eta zaintza Holyrooden esku uzten dira.

Auzo txiroetako gizonak

Hildako gehienak hiri eta auzo txiroetatik datoz. Beste behin Dundee eta Glasgow dira zerrenda horren buru, 100.000 biztanleko 30,8 hildakorekin. Glasgown, adibidez, 291 pertsona hil ziren iaz drogen erabilera oker baten ondorioz.

Zendutako gehienak, era berean, 35-54 adin tartean biltzen dira. Nabarmen gizonezkoak dira nagusi bizitza galdu dutenen artean.