NAIZ

Hamabi urtetik gorako herritarren %83,1k osatu du txertaketa jarraibidea Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko biztanleen %83,1k osatu dute covid-19aren aurkako txertaketa jarraibidea, eta horrekin immunitatea lortu dute, txertoek ematen dituzten eraginkortasun marjinen barruan.

Txertaketa puntua, Donostia, uda honetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Txertaketa puntua, Donostia, uda honetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Lakua eta Iruñeko gobernuek emandako datuen arabera, 2.190.724 pertsonek jaso dituzte Pfizer, Moderna edo AstraZenecaren bi dosiak, edo Janssenen dosi bakarra; beraz, prozesua itxita dute eta erabat immunizatuta daude.

EAEn 12 urtetik gorako 1.686.015 hiritarrek osatu dute jada txertaketa jarraibidea, horretarako beharrezko dosiak jasota, hau da, populazio talde horretakoen %85,2k. Gainera, %89,3k gutxienez dosi bat jaso du, Lakuako Osasun Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez.

Hain zuzen, EAEko osasun agintaritzak 3.566.050 txerto dosi jaso ditu kanpaina hasi zenetik (2.484.900 Pfizer, 526.100 Moderna, 444.200 AstraZeneca eta 110.850 Janssen), eta 3.235.543 eman dira, hau da, jasotakoen %90,7.

Emandako txerto guztietatik 1.468.926 bigarren dosiak izan dira, eta 217.089 dosi bakarrekoak. Beraz, orotara, EAEko 12 urtetik gorako 1.686.015 hiritarrek osatu dute txertaketa jarraibidea orain arte, hau da, talde horretako biztanleriaren %85,2k.

Oro har, Osasun Sailak asteazken honetan eguneratu duen txertaketa buletinaren arabera, 2.317.150 Pfizer dosi (jasotakoen %93,2), 342.899 Moderna dosi (%65,2), 476.747 AstraZeneca dosi (%107,3) eta 98.747 Janssen dosi (%89,1) eman dira orain arte.

Adinaren arabera, txertoaren dosi bat gutxienez jaso dute EAEko 100 urtetik gorako hiritarren %95,7k, 90-99 urtekoen %93,2k, 80-89 urtekoen %97,2k, 70-79 urtekoen %95,8k, 60-69 urtekoen %93,9k, 50-59 urtekoen %94,3k, 40-49 urtekoen %90,4k, 30-39 urtekoen %81,6k, 20-29 urtekoen %74,6k, 16-19 urtekoen %81,1ek eta 12-15 urtekoen %83,5ek.

Jarraibide osoa osatu duten pertsonen tasa %94,4 da 100 urtetik gorakoen artean, eta 90-99 urtekoen artean %93,1. Gainera, 80-89 urtekoen %96,8k, 70-79 urtekoen %95,7k, 60-69 urtekoen %93,9k, 50-59 urtekoen %92,8k, 40-49 urtekoen %89,3k, 30-39 urtekoen %76,8k, 20-29 urtekoen %65,8k, 16-19 urtekoen %66,9k eta 12-15 urtekoen %51,0k osatu dute jarrabide osoa.

Nafarroan, %77k osatu du jarrabidea

Astearte honetan 1.419 dosi inokulatu ondoren, Nafarroan 962.736 txerto jarri dira orotara, eta 504.709 pertsonek osatu dute jarraibidea, hau da, 12 urtetik gorako nafarren %77.

Javier Remíez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak aitortu duenez, «zaila» izango da koronabirusaren aurkako txertoa jaso duten herritarrak %80tik gora izatea, baina Gobernuak hori lortzeko borondatea erakutsi du.

Nafar Gobernuak «%80rantz aurrera egitea espero du, baina hori zaila izango da, borondatezkotasunaz hitz egiten ari garelako», esan du. Hala ere, azpimarratu du Gobernuak «jarrera proaktiboa» izango duela «txertoa jarri ez duten herritarrak konbentzitzeko».