Jon Pagola
Iruñea

Emakumeak protagonista Iruñeko NB Fest musika banden jaialdian

Larunbat arratsaldean ospatuko da Ziudadelan jaialdiaren egitarau nagusia. Tonino Carotone eta Mutil Gazteak txarangarekin batera, Bartzelonako Micaela Chalmeta Big Band eta Balkan Paradise Orchestra arituko dira. Emakumezkoak dira gehiengoak.

Micaela Chalmeta tronpeta jotzailea. (NB FEST)
Micaela Chalmeta tronpeta jotzailea. (NB FEST)

Musika bandak, txarangak eta brass band-ak. Horiek dira NB Fest Nafarroako banden lehen jaialdiaren ezaugarri nagusiak, orohar. Haize musikaren tradizioa aldarrikatzeaz gain, Nafarroako Musika Banden Federazioak Iruñeko «kale, espazio eta gune publikoak» jende eta musikaz bete nahi dute. Antolatzaileek diotenez, musika banden garrantzia nafar gizartean handia da eta tradizioa erabat errotuta dago. «Gure ondare kulturalaren parte dira», adierazi dute. «Beste musika talde batzuk iritsi ezin diren lekuetara iristeko ahalmena dute» eta herri txikietako biztanleak «identifikatu egiten dira beraiekin». Ziklo ezberdinetan banatuta dago jaialdia. Ehundaka lagun hurbildu dira orain arte udan antolatu diren emanaldiak ikustera baina programako ekitaldi nagusia bihar larunbata, hilak 18, izango da Ziudadelan, 19.30etik aurrera.

Kartel burua Tonino Carotone da eta indarrak batuko ditu Mutil Gazteak txarangarekin. Horrez gain, Micaela Chalmeta Big Band eta Balkan Paradise Orchestra arituko dira agertoki nagusian; biak Bartzelonakoak, emakumeak ia denak. Udako musika jaialdietan andre musikarien presentzia eskaxa izaten da eta apenas dute lekurik. Egoera horri buelta eman nahi dio aurten NB Fest jaialdiak eta genero parekidetasunaren aldeko apustua egin du. Izan ere, gaur arratsaldean Ziudadelako oholtza hartuko duten artista gehienak dira emakumeak. Nafarroako Musika Banden Federazioak esan du hartu duten erabakia berebiziko garrantzia duela. «Oso interesgarria iruditzen zaigu jaialdiaren izaera femeninoa nabarmentzea. Musika banden munduan ere, gizonezkoak dira gehiengoak kopuruz. Kasu honetan ia %100ean bi musika talde emakumez osatua izateak zirrara eragiten digu. Desoreka pixka bat orekatu nahi izan da».

Jakina da Fermin Muguruza etengabe ari dela estilo ezberdineko han-hemengo talde eta musikariekin elkarlanean. 2017ko ekainaren 21ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian aritu zen kontzertu berezi batean; bertan, bere errrepertorioko kantak interpretatu zituen Micaela Chalmeta Big Band-Taller de Músics de Barcelonak lagunduta. Gaurko emakume musikarien kontzertua David Pastor tronpeta jotzailearen zuzendaritzapean emango dute, eta funk, soul eta jazz estiloetara joko dute. Ez da nolanahikoa Pastorrek urtetan pilatu duen curriculuma. Beste musikariekin elkarlanean aritzea maite du eta ospe handiko kolaborazioak izan ditu: Miguel Povedarena, Santiago Auseronena eta Perico Sambeat-ena, besteak beste. Orain 47 urte jaio zen Valentzian eta ia bizitza osoa darama Pastorrek melodiak sortzen. Susana Sheiman madrildarra izango da abeslaria, Estatuko jazz eszenan aski ezaguna.

Esan bezala, Kataluniatik datoz Balkan Paradise Orchestra osatzen duten 11 emakumeak. BPO siglekin ezagutzen da taldea eta 2015ean sortu zen Bartzelonako kaleetan. Tronpa, tronpeta, tronboia, batería, perkusioa, klarinetea… Haize eta perkusio ataletako instrumentu ezberdinak jotzen dituzte. Udaran alde batetik bestera ibili dira, aretoak betez eta sarrerak agortuz. Bi disko kaleratu dituzte orain artean, eta aurreko urtean plazaratu zuten bigarren lana, Odissea. Stanley Kubrick-en 2001, una odisea del espacio filman dago inspiratuta eta doinu balkanikoak ditu. Haien hitzetan, «bidaia epiko bat da, etxean hasten dena, BPOren hastapenetako sonoritate balkanikoenetatik, eta, ekipaje horrekin bisitatzen ditu soinu oso desberdinak dituzten planeta, satelite eta izar aberasgarriak, ezezagunerantz mugituz». Cristina Castellá koreografoak mugimenduaren forma eta kontzeptu berriak aztertu ditu eta Iruñean ikuskizun ederra espero da.

Azkenik, Tonino Carotone agertoki gainean ikusteko parada izango dugu. Aspaldiko partez, kanta berri bat plazaratu du ‘Me cago en el amor’ himnoaren egileak eta Tijuana In Blue taldearen kide ohiak, umorez busti duen ‘No Dollar’ alegia. Mutil Gazteak txarangarekin igoko da oholtzara eta seguru asko ospakizuna handia izango da, jai giroan.

Ziudadelako ateak 18:45etan irekiko dira. Sarrerak salgai daude oraindik, www.pamplonaescultura.es webgunean.