NAIZ

Helene Alberdik irabazi du distantzia ertaineko Espainiako triatloi txapelketa

Helene Alberdi bilbotarrak irabazi du larunbat honetan Bilbon jokatu den distantzia ertaineko Espainiako triatloi txapelketa. Lasterketan bigarren amaitu zuen Raquel Mafra portugaldarraren atzetik baina Estatu espainoleko lehen parte-hartzailea izan zen helmugara iristen, 4:13.28 denborarekin. 

Helene Alberdi, erdian, Espainiako txapelketan eskuratutako garaipenarekin pozik. (@TRIATLONSP)
Helene Alberdi, erdian, Espainiako txapelketan eskuratutako garaipenarekin pozik. (@TRIATLONSP)

Helene Alberd bilbotarra da triatloiko distantzia ertaineko Espainiako txapeldun berria. Bilbon bizi den kirolariak bigarren amaitu zuen Bilbon jokatu zen proba (X. Bilbao Triathlon MD) baina Estatu espainoleko azkarrena izan zen helmugan, 4:13.28 denborarekin. 

Emakumezkoen proba Raquel Mafra portugaldarrak irabazi zuen, bilbotarra baino 2 minutu eta 14 segundo azkarragoa izanik. Marta Sanchez katalanak osatu zuen podiuma. 

Duela zazpi hilabete erditu zuen Helene Alberdik eta ama izan eta gutxira, Espainiako txapelketa irabazita itzuli da goi-mailako lehiara.

Larunbat honetako proban parte-hartu aurretik, beste lasterketa txikiago batzuetan lehiatu du Alberdik. Erditu eta lau hilabetera, Tuterako triatloia irabazi zuen eta hortik gutxira, Buelnako duatloian gailendu zen. Sprinteko triatloian Euskadiko txapeldun izatea ere erdietsi zuen. 

Azken garaipen hau ez da berria berarentzat, 2019an distantzia luzeko triatloian Espainiako txapelketa irabazi baitzuen egun Zumaian bizi den bilbotarrak. Salamancan erdietsi zuen garaipen handia, hilabete batzuk lehenago Sorian irabazitako duatloiko emaitza onari segida emanez. 

Alberto Sololuzeren iloba

Zaldibarko zabortegiaren hondamendian bizia galdu zuen langile Alberto Sololuzeren iloba da Helene Alberdi, eta lur-erautsia gertatu zenetik, auzia argitzeko aldarrikapenetan lehen lerroan egon izan da.