NAIZ

Larunbatean hasiko den denboraldirako taldea aurkeztu du Lointek Gernikak 25. urteurrenean

Ligako debuta izango du talde bizkaitarrak larunbat honetan Malosten, Spar Gran Canaria hartu duen egunean. Ilusioa izan da Mario Lopez entrenatzaileak Bilboko Portuan erabili duen hitz garrantzitsuenetariko bat.

Bilboko Portuan egin du aurkezpena Lointek Gernika Bizkaia klubak. (GERNIKA KESB)
Bilboko Portuan egin du aurkezpena Lointek Gernika Bizkaia klubak. (GERNIKA KESB)

Aurten klubaren 25. urteurrena ospatzen den honetan, Bilboko Portua aukeratu du Lointek Gernikak 2021-22 denboraldiko aurkezpen ofiziala egiteko. Bertan izan dira astelehen honetan Emakumezkoen Ligako lehen taldea, Mario Lopez entrenatzailea, Gerardo Candina klubeko presidentea, Javier Loroño Lointek enpresako zuzendari nagusia eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia.

Gernikak larunbat honetan egingo du debuta Emakumezkoen Endesa Ligan. Etxean, Malosten, jokatuko du taldeak, 18.30ean, Spar Gran Canariaren aurka. Itxaropenak handiak dira iazko denboraldian egindako lan bikainaren ostean.

Horregatik, ilusioa hitz gakoa izan da auzkepenean. Mario Lopezek adierazi duenez, «oso motibatuta gaude denboraldi honetarako, ondo egin nahi dugu Ligan eta EuroCup Women txapelketan. Zaila da iazkoa gainditzea, baina ilusio handienarekin lortzen saiatuko gara».

Entrenatzaileak gaineratu duenez, «ez da aurre-denboraldi erraza izan, Meskonyte eta Buchek euren errekuperazioarekin baitaude eta Margaret Roundtree epe luzerako bajan egongo baita. Hala ere, zaleak Malostera bueltatzea oinarrizkoa izango dela ohartarazi du: «Kantxako seigarren jokalariak dira».

Gerardo Candina Gernikako presidenteak ere hartu du hitza aurkezpenean. «Denboraldi hau oso berezia da, klubak 25 urte betetzen baititu. Ligako goiko partean jarraitzen dugu eta bosgarren aldiz jarraian EuroCup Women txapelketan lehiatuko gara. Hori dena ez zen posible izango gure ondoan Lointek enpresa egon izan ez balitz. Oinarrizkoa izan da azken urteetan izan dugun kirol pausorako», azpimarratu du.

Lointek enpresak ere 25 urte beteko ditu aurten. «Aukerak ez dira gertatzen, sortu behar dira», hasi du bere hitzaldia Javier Loroñok. «Klubarekin oso identifikatuta sentitzen gara eta transmititzen dituen baloreak konpartitzen ditugu, lehenengo taldetik harrobiko taldeetaraino», adierazi du.

Azkenik, Unai Rementeria ahaldun nagusiak hiru hitzetan laburbildu du Lointek Gernika Bizkaia: «Konpromisoa, kolaborazioa eta harrotasuna».