Andoni Arabaolaza

Joanna Farber, bigarrenez, sexismoaren fokuen jomugan

Innsbruck-en gertatu bezala, iragan asteburuan Moskun jokatutako Boulderreko Munduko Txapelketan kamerek eskalatzaile austriarraren ipurdi masailen lehen plano bat hartu zuten. Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak (IFSC) barkamena eskatu du.

Eskalada lehiek asteburu bete-betea izan dute. Moskun, adibidez, Boulderreko Munduko Txapelketa lehiatu zen. Ohi den legez, irabazleek protagonismo berezia izan dute, eta Natalia Grossman estatubatuarrak eta Kokoro Fuji japoniarrak ohorezko koroa jaso zuten. Hots, eskaladako modalitate horretan aurtengo titulu garrantzitsuena irabazi zuten.

Baina beste lehiakide batek, Johanna Farber-ek, eskatu ez zuen protagonismoa izan zuen. Izan ere, hitzordu horretako finalerdietan sexualizazioaren beste gertaera bat izan zen. Zuzeneko emankizunean kamerek eskalatzaile austriarraren ipurdi masailen lehen plano bat hartu zuten. Plano horretan lehiakidearen galtzamotzetan magnesioz zipriztindutako hatz markak ikusten ziren.

Harrigarriena da ez dela lehen aldia Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioaren (IFSC) emankizun batean Farber-ek eraso bat jasotzen duena. Joan den ekainean, Innsbruck-en egin zen Boulderreko Munduko Kopako proban egoera bera gertatu zen.

Barkamena

Ekainean ikusleek sare-sozialen bidez gogor salatu zituzten irudi horiek. Moskukoan, berriz, IFSC federazioaren esatariek ez zuten denbora galdu aipatu ditugun irudi horiek kritikatzen. Horren ondorioz, antolatzaileek sareko emankizunetik ezabatu zituzten.

Horrekin batera, nazioarteko erakunde horrek Farber berari, Austriako selekzioari eta lehiakide guztiei barkamena eskatu zien eta, bide batez, gorputzaren kosifikazioa gaitzetsi: «Argi eta garbi dugu kirolariak babesteko eta gertaera hauek berriro errepika ez daitezen neurriak hartuko ditugula. Gauzak ondo egin behar ditugu, eta akats gehiago ezin dugu onartu».