NAIZ

Metroaren obren ondorioz kaltetutakoen aldeko ekimena deitu du EH Bilduk Donostian

«Erakunde publikoen aldetik babes eta autokritika faltaren aurrean», EH Bilduk elkarretaratzea deitu du, Metroaren obren ondorioz kaltetutako donostiarrei elkartasuna adierazteko. Igandean izango da, eguerdian, Antiguako Benta Berri plazan.

Metroaren obren ondorioz agertutako zuloa. (@hiribizia)
Metroaren obren ondorioz agertutako zuloa. (@hiribizia)

Datorren igandean, irailaren 26an, elkarretaratze bat izango da Antiguako Benta Berri plazan 12.00etan Metroaren obren ondorioz kaltetutako donostiarrei elkartasuna adierazteko. EH Bilduk deitu du mobilizazioa, ‘Eusko Jaurlaritzaren harrokeriaren aurrean, bizilagunak babestu’ lelopean.

Koalizioak ohar batean azaldu duenez, «Metroaren obrengatik kaltetutako pertsona askoren babesgabetasun egoera areagotzen ari da inplikatutako erakundeak beste aldera begiratzen ari direlako. Izan ere, Donostiako alkateak gutunen existentzia bera zalantzan jarri zuen atzo, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten talde parlamentarioek, EAJk eta PSEk, Kontxa inguruko ikerketa geotekniko sakonago bat egiteari uko egiten zioten aldi berean».

Donostiako Udalari dagokionez, bai EH Bilduk eta bai Elkarrekin Donostiak aurkeztutako premiazko interpelazioak jorratu ziren atzoko Udal Batzordeetan. Bertan talde suberanistak gogoratu zuenez, «hainbat herritarrek ABEEn aldetik klausula bat sinatzeko presioak salatu dituzte. Izan ere, kalteordaina kobratu ahal izateko klausula bat onartzea exijitu diete, etorkizunean kalte gehiago ez salatzeko».

«Kaltetuak une gogorrak ari dira pasatzen, klausula hori sinatzeko presioak oso handiak baitira eta administrazio publikoek haien babesa erakutsi beharko liekete, batez ere gertuko erakundea den Udalak», gaineratu du, eta Eneko Goiak «gutunen existentzia bera» zalantzan jarri zuela salatu du.

«Erreplika txandan, Garbiñe Alkizak bi ABEEek sinatutako gutunak erakutsi zizkion alkateari, bai Kontxako zatiari bai Benta Berriko tarteei dagozkienak, eta Goiaren akusazioa desmuntatu zuen. Gainerakoan, nahiz eta orain arte gertatutakoa gertatu eta obra oraindik geldirik egon, alkatea berriro ere saiatu zen normaltasunaren itxura ematen. Eta, EH Bilduk egindako interpelazio zuzenaren aurrean, Goiak uko egin zion publikoki kaltetutako donostiarrei babesa emateari», nabarmendu du EH Bilduk.

Eztabaida Gasteizko Legebiltzarrean

Bestalde, ordu berean, Gasteizko Legebiltzarrean, EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bat eztabaidatu zen, Lakuak metro-pasantearen obrak eragindako hiru zuloei dagokien eremu ezegonkorrean dauden eraikinen zimenduen egitura egoeraren azterketa egin dezan.

«EAJk eta PSEk orain arte egindako zundaketekin nahikoa dela adierazi zuten, nahiz eta ez duten antzeman agertu diren zuloak. Era berean, ukatu egin zuten Kontxaren lurpea ezegonkorra dela, Gobernuak berak egindako hainbat txosten teknikotan kontrakoa esan arren», adierazi du EH Bilduk. Azpimarratu duenez, «EAJ eta PSEko legebiltzarkideak ere normaltasun irudia ematen saiatu ziren eta proposatutako azterketa berria baztertu zuten». Aldiz, bai Elkarrekin Podemos-IUk bai PPk azterketa berria egitea babestu zuten.

Fernandez de Betoñok eremuko segurtasun faltari buruzko datuak eman zituen, eta Lakuako Gobernuari leporatu zion «beldur» direla obraren segurtasunagatik. Izan ere, Zubieta kaleko eta Antiguako zenbait bizilagunei exijitzen ari zaizkie, kalte-ordainak kobratu ahal izateko, etorkizunean beste gorabeherarik ez salatzeko konpromisoa. «Lanak hain seguruak badira, zertara dator orain egungo patologiengatik etorkizunean gorabehera gehiago ez salatzeko exijitzea?», laburbildu zuen EH Bilduko legebiltzarkideak.