NAIZ

Urriaren 3an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, «arnasa berria» emateko ilusioz

Iaz egin beharreko txapelketa aurrera ateratzeko, «bloke trinko bat» dabil gogotsu lanean Bizkaiko Bertsozale Elkartean. Tximeletak lez, krisalidatik irten eta hegaz abiatuko dira Durangotik urriaren 3an, bertsogintzaren loreak polinizatuz, abenduaren 18an Bilbon jokatuko den final handia helmuga.

Belate Olabarria, Ione Narbaiza eta Lorea Bilbao, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkezten, Bilboko Rekalde aretoan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Belate Olabarria, Ione Narbaiza eta Lorea Bilbao, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkezten, Bilboko Rekalde aretoan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Udazken hau bertsolari txapelketaz betea heldu da. Xilabarekin eta Nafarroako txapelketarekin batera egingo da Bizkaikoa ere, aurkezpenean adierazi duten bezala, bertsogintzari «arnasa berria» eman, bertsolaria «etxean bezala» sentiarazi eta bertsozaleak gozatzeko asmoz. Urriaren 3an abiatuko da Durangon eta Bilbon amaituko da abenduaren 18an, final handiarekin. Sei kanporaketa jokatuko dira –2018an baino bat gehiago–, hiru finalaurre eta, azkenik, finala.

Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidentea, Ione Narbaiza elkarteko koordinatzailea eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua agertu dira astearte honetan prentsaren aurrera, Bilboko Rekalde aretoan, xehetasun guztiak emateko.

Esan dutenez, kanporaketa fasean Durangon, Igorren, Ortuellan, Mungian, Elorrion eta Getxon izango dira saioak; finalaurreak Etxebarrian, Galdakaon eta Larrabetzun jokatuko dira; eta finala Bilbon izango da, Bilbao Arenan.

Kanporaketetan 36 bertsolarik kantatuko dute: Udaberriko Fasetik sailkatutako 28 bertsolarik eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten beste zortzik.

Kanporaketak eta finalaurrekoak

Aipatu bezala, lehenbiziko kanporaketa Durangon jokatuko da, domekarekin, San Agustin kulturgunean, 17.00etan hasita. Ander Elortegi, Asier Galarza, Beñat Bilbao, Ibon Ajuriagojeaskoa, Inazio Vidal eta Iruri Altzerreka igoko dira oholtzara.

Igorre, Ortuella, Mungia eta Elorrio beteko dituzte bertsoz hurrengo saioetan.

Seigarren kanporaketa azaroaren 7an izango da, Getxon, eta orduan jakingo da zein hamar bertsolari sailkatuko diren finalaurrekoetara. Han izango dituzte zain 2018ko zortzi finalistak. Zozketaz, horrela banatu dira: Etxebarrian Miren Amuriza eta Onintza Enbeita arituko dira sailkatuekin batera; Galdakaon Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue eta Xabat Galletebeitia; eta Larrabetzun Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal.

Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak igaroko dira finalera.

Sarrerak, salgai

Antolakuntzak sarrerak Internetez erosteko gomendioa luzatu nahi izan du, edukiera kontuak direla-eta arazorik ez sortzeko. www.bertsosarrerak.eus atarian dago horretarako aukera. 

Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16.00etatik aurrera.

Pandemiaren eraginez ezarritako neurriak errespetatzeko eskatu dute, guztion osasunaren eta zaintzaren alde.

Krisalida urratuta

Krisalidaren irudia erabili dute txapelketaren mezua azaltzeko. Esan dutenez, normalean norbanako batek idazten du mezu hori; aurten, ordea, talde antolatzailea arduratu da. «Tximeletak larban lez egon bagara be, ez da izan beldarrak zintzilik lez lotan edo geldi egon garelako. Indar berriak hartu eta ilusioak elikatzen egon gara, irtenbide berriak hausnartzen», idatzi du.

«Covid luputzar honek tartetxoren bat eman digun bakoitzean sarea apurtu, animoak puztu, eta kanpora irten gara ilusioz eta gogoz ganezka. Baina gure ilusioak argia lez ibili dira izetu eta amatatu», esplikatu dute.

Orain, tximeletak lez, krisalidatik irten eta hego koloretsuak zabaltzeko ordua heldu da. Eta hegaldia ederra izan dadin, Arabar Errioxako mahats mordo sendo bat bezalako bloke bat osatu dute, «leiak ez txingorrak kikiltzen ez duena». Honakoek esatzen dute: epaile, gai-jartzaile, aurkezle, komunikatzaile, antolatzaile, zuzendaritza…

«Gure asmoa eta helburua bertsolaria etxean balego lez sentiaraztea da, eta bertsozaleak ahalik eta gehien gozatu dezala saiorik saio. Baita euskara eta gure herrialdeko bertsogintza berbiztea be, beti aurrera begira».