NAIZ

Kaiku gorenera itzultzen lagundu ostean, Jose Luis Kortak beste urtebetez segiko du Sestaon

Joan den uztailaren erdialdean hasi zuen Ortzaikako entrenatzaileak bere hirugarren aldia Sestaoko taldearekin. 2020an Eusko Label Ligan maila galdu ostean, atzetik aurrera eginda, urtebete geroago elitera itzuli da «Bizkaitarra», 72 urte dituen Jose Luis Kortaren aginduetara.

Jose Luis Korta eta Kaiku, beti elkarri lotuta. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Jose Luis Korta eta Kaiku, beti elkarri lotuta. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Dagoeneko 72 urte beteta izanagatik Jose Luis Korta entrenatzaile mitikoak Kaikuko entrenatzaile izaten jarraituko du datorren denboraldian, hilaren 19an Portugaleten Sestaoko traineruak Eusko Label Ligara berriz ere igotzea erdietsi eta gero

«Kaikuk Kortaren beterania, jakintza eta eskarmentua ditu datorren denboraldiko erronka berriei aurre egiteko», iragarri du talde bizkaitarrak.

Sestaoko trainerua Ortzaikako entrenatzailearen aginduetara KAE 1 Ligako denboraldia hasita zela jarri zen, joan den uztailaren erdialdera. Hasiera baten Miguen Angel Ruiz Camusen laguntzaile izateko fitxatu bazuten ere, uztaila amaitu aurretxoan kantabriarraren lekua hartu zuen Kortak.

Emaitzetan berehala antzeman zion traineruak. Atzetik aurrera egin eta Eusko Label Ligara igotzeko play-offetara sailkatzea lortu zuen Getariarekin batera. Kanporaketetan ere behetik goranzko lan horri eutsi zion eta, Getariaren atzetik, Tiran eta Samertolameu gaiondituta, Sestaoko trainerua mailarik gorenera itzultzea erdietsi zuen,  2020an maila galdu ostean.

Apirilaren 25ean 73 urte beteko ditu Jose Luis Kortak, eta aurretik Kaikuko entrenatzailea izan zen bi alditan: 1976tik 1987ra batetik, eta 2008tik 2018ra bitartean, bigarrenez.

Lehenengo aldian, beste garaipen batzuen artean, Kontxako lau Bandera (1978, 1980, 1981 eta 1982) eta hiru Espainiako Txapelketa lortu zituen, eta berrikiago beste bi Kontxako Bandera (2009 eta 2012) eta elkarren segidako hiru Eusko Label Liga (2011, 2012 eta 2013) gehitu zituen Kortak «Bizkaitarra» ontziaren palmaresera.

Kortak 2018an utzi zuen Kaikuren entrenatzaile kargua eta, San Juanen urte eta erdi eman ondoren, Kaikura uztailaren amaieran itzuli den arte. Sestaoko taldea elitera itzultzea lortu du bederen, eta orain beste urtebete izango du gutxienez «Bizkaitarra» noraino iritsi litekeen lan egiteko.