NAIZ

Kanpoko hazkuntza defendatzeko deia egin du ELBk Angelun

Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) mobilizazioa egin du Angelun kanpoko hazkuntza zalbatzeko eta defendatzeko dei eginez. Araudi berriak kanpoko hazkuntzan ari diren hazleen %30a desagertzeko arriskuan jartzen dituela salatu du.

ELBren elkarretaratzea Angelun kanpoko hazkundearen defentsan. (Guillaume FAUVEAU)
ELBren elkarretaratzea Angelun kanpoko hazkundearen defentsan. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Estatu mailan antolatzen den mobilizazio eguna dela eta, ELBk ere kanpoko hazkuntzaren salbatzeko eta defendatzeko ekintza bat antolatu du ostegun goiz honetan Angelun. Mobilizazio horren helburua kanpoko hazkuntzan ari diren hegazti hazleei inposatzen zaizkien araudietaz kontsumitzaileak sensibilizatzea da. «Alabaina araudi horiek urtearen parte handi batean hegaztiak barnean atxikitzera bortxatzen ditu hazleak, kanpoko hazkuntza bazterrera utziz», dio Euskal Herriko Laborarien Batasunak.

Hegazti gripearen kontrako neurriak aitzakia gisa hartuta gobernamenduak kanpoko hazkuntzaren «ataka garbia» egiten duela dio ELBk. «Ber denboran hegazti saila gero eta gehiago industrializatzen uzten du errepikatzen ari diren hegazti gripeen zergatia aztertu gabe: harat-hunaten biderkatzea, kabala kopuru haundiak, genetika berdintzea», azaldu du.

Hori dela eta, laborari guztiak, partikulazki kanpoko hazkuntzan ari diren hazleak, deitu dituzte mobilizatzera kanpoko hazkuntzaren defentsan. «Neurri hauen plantan ezartzeaz eta etiketa gezurtietaz lehen lerroan hunkituak izanen direnak kontsumitzaileak baitira. Ministeritza agiriak agintzen dituen ‘neguko baratze’ eta beste ‘aterbetze sistemek’ kontsumitzailea engainatzea eta kanpoko hazkuntzaren desagertaraztea dute helburu», ohartarazi du ELBk.

Araudi berriak kanpoko hazkuntzan ari diren hazleen %30a desagertzeko arriskuan ezartzen dituela dio ELBk eta lehen lerroan etxalde eta hazkuntza txikiak izanen direla. «Tokiko janari sarea deseginen duen eta lurraldea hustuko duen kanporatze plan hau onartuko ote duzue?», galdetu du.