Airbnb plataformak legea urratzen duela salatzeko okupazio ekimena abian Biarritzen

Airbnb plataformak Biarritzen 2017az geroztik indarrean den legea «behin eta berriro eta nahitara» urratzen duela salatzeko Alda mugimenduaren ekintzaileek hiriko Portu Zaharrari begira dagoen apartamentu turistiko batean sartu dira etxebizitzaren krisiaren aurrean erantzunak eskatzeko.

Alda mugimenduaren hainbat ekintzaile, kafe baten bueltan kalakan, apartamenduan. (NAIZ)
Alda mugimenduaren hainbat ekintzaile, kafe baten bueltan kalakan, apartamenduan. (NAIZ)

Airbnb plataformak argiki adierazi du aste honetan alokairu turistikoak aratzeko indarrean den araua bortxatzen jarraitzeko asmoa duela Biarritzen. 1997. urteaz geroztik errolda zenbakia jaso behar da egoitza turistiko bat alokairuan jartzeko Lapurdiko kostako hirian.

Izan ere, desmartxa hori bete gabe apartamendu anitz merkatuan eskaintzen direla salatzeko 24 orduko okupazio ekimena martxan eman du ostiral honetan Alda mugimenduak Biarritzeko Euskaldunen Kostako eremuan.

Goizeko 11.00ak aldera Portu Zaharreko hondartzatik gertu dagoen apartamendu batean sartu dira hainbat ekintzaile, egoitza hori legez kanpo dagoelakoan. Aldez aurretik egun batentzako alokairu prezioa (65 euro) ordaindu dute.

Kanpoaldean espekulazioa salatzen duen banderola ezarri dute. Anartean beste hainbat lagun apartamentu txiki horretan sartu, dekorazioan aldaketa batzuk egin eta kafe baten bueltan datozen orduetan garatu nahi duten ekimena prestatzeari ekin diote.

Bi hitzordu

Alda mugimenduaren izenean Xebas Cristy eta Ainize Butron ekintzaileek protestaren gaineko xehetasunak eskaini dituzte.

Hedabideen aurrean hitzordu bi izan dituzte aipagai. Ostiral honetan bertan, 18.30ean, herritarrei gonbidapena luzatu diete, apartamendu horretara bertaratzeko etxebizitza krisiari buruz hitz egiteko. Bestalde, larunbat goizeko 11.00etan alokairu kontratua amaitzen den orduan ahal den eta herritar gehien han izateko ere eskatu dute. Ordurako jakin beharko lukete zer egoeran dagoen apartamendua eta horren arabera erabakiko dute ekintza amaitu edo zer segida eman.

Erroldatze zenbakia aurkeztu ezean, horrek esan nahi luke, legearen arabera 12.500 euroko isuna zor lukeela alokatzaileak. «Bihar goizeko 11.00etan aztertuko dugu etxebizitza hori sei hilabetez okupatzeko parada» iragarri dute Aldako kideek, hori delako gaualdi bat apartamenduan igarotzeko ordaintzen den prezioa aintzat hartuta eta isunaren kopuru hori estaltzeko-egoitza hori baliatu ahalko litzatekeen denbora.

Villa Beltza, aurrez aurre

Aldako lagunek bulego iraunkorra bilakatu duten egoitzatik bertatik bertara irudikatu daiteke arazo sozial larria bilakatu den etxebizitza krisiaren eragina. Parez pare  Villa Beltza dago. 2020an 40.000 euro metro karratu saldu zuten eraikin dotore horretan apartamentu bat.

Bataz beste 4.250 eurotan ordaintzen da metro karratu Ipar Euskal Herrian, beti ere etxebizitza kolektibo berriak aintzat harturik. «Herritarren hiru laurdenek ez dute beraien etxe jabe bilakatzeko baliabiderik», salatu dute Aldako bozeramaleek.

Egoera guztiz neurriz kanpokoa da Donibane Lohizunen edo Biarritz bezalako hiritan non metro karratu 7.000 eurotik gora ordaintzen da. «Populazioaren %1ak baino ezin du hiri horietan etxebizitza bat erosi», gaineratu dute.

Tentsio handiko testuinguru honetan milaka etxebizitza turismorako alokairu iraunkorki bilakatzeak alokairu arruntaren eskasia larriki areagotzen duela agerian jarri du Aldak ekintza berri horrekin. Alokairu sozialek ez dute eskaera betetzen eta merkatu pribatuan eskaintza zeharo apaldu eta garestitu da.

Egoera hori aipagai izan zuen, hain zuzen, urriaren 21ean, Franceinfo telebista kateak Euskal Herrian bizi den etxebizitza krisiari eskainitako erreportaje batean.

Hain zuzen ere. etxebizitza eskubidea erdigunean jartzeko xedez 30etik gora eragileren babespean mobilizazioa izanen da, heldu den azaroaren 20an, Baionan.