Maitane Aldanondo
Entrevista
Mirian Otxotorena
NNPEK kontseiluko lehendakaria eta gaztagilea

«Ezin du edozein merkatu mota izan, apustua egin dugu bereizteko»

Mirian Otxotorena Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko (NNPEK) lehendakaria da duela hilabete gutxi. Horrez gain, Ekomerkatura joaten den Iturgoiengo artzaina da, “Axuribeltz” izenpean bere produktuak saltzen dituena.

Mirian Otxotorena.
Mirian Otxotorena.

Axuribeltzen postuan zer dago salgai?
Orain arte gazta. Azarokoan, segur aski, beste produktu batzuekin hasiko gara, hurrengo kanpainari begira; haragia, bai axuria bai moxala, eta beste ardi esneki batzuk.

Azokaz gain, non saltzen duzue?
Gure salmenta ia dena zuzena da. Hileko bigarren larunbatean Lizarran egiten duten Plazara ekoizle azokan, eta gehienbat, etxean; landetxe bat dugu eta bisitak egiten ditugu. Ekoalderen bidez denda txikietan saltzen dugu kopuru oso txiki bat.

Halako azokak ezinbestekoak dira ekoizleontzat?
Ekoizle batzuon apustua salmenta zuzena izan da eta horretarako beharrezkoak ditugu merkatuak, merkatu berezituak, ekoizle, laboratzaile eta ekoizle txikienak. Ezin du edozein merkatu mota izan, apustua egin dugu bereizteko, kontsumitzaileak ere jakin dezan nori erosten dion, gu garela ekoizten dugunak, txikiak garela, eta zuzenean saltzen ditugun produktuak direla.

Bezero finkorik ba al duzu?
Bai. Ikusten dugu urte eta erdi honetan erosle batzuk fidelizatu ditugula, bakoitzak bere postuan. Elkarren artean komentatzen dugun zerbait da badauzkagula jada bezero fidelak larunbatetan joaten garenean.

Iruñea erakustoki garrantzitsua al da?
Agroekologikoan ari garenontzat aukera bat da, eredu izan eta erosleak elikadura osasuntsura hurbiltzeko. Iruindarrek ekoizle agroekologikoei zuzenean erosteko bidea ere bada.

Gehiago aitortzen al zaizue azken urteotan zuen lanaren balioa?
Alde batetik, bai, zenbait jenderengan ikusten dut; baina, bestetik, uste dut gizartean gero eta gutxiago ezagutzen dugula nola ekoizten diren gauzak edo zer jaten dugun, elikadura sistema Nafarroan nola dagoen eratuta, zer nekazaritza mota dagoen Nafarroan... Orokorrean kontsumitzaileek ez dute ezagutzen. Ezjakintasun handia dago une honetan.

Horrexegatik egiten duzue azoka?
Bai, beste eredu bat erakusteko, beste forma bat, nekazaritza egiteko eta saltzeko beste aukera bat. Beste modu batzuk badirela erakutsi nahi dugu.