NAIZ

Indesaren ABEEa baliogabetu du Gorenak, azken helegitea baztertu ostean

Indesak aurkeztutako helegitea baztertzen duen autoa argitaratu ostean, Auzitegi Gorenak ebatzi du enpresa horrek Estatuko enplegu zerbitzu publikoari ABEEra atxikitako langileen langabezia presatzioak itzuli eta ABEEak kaltetutako langileei eraginpeko kontzeptuen aldea ordaindu beharko diela.

Pasa den astelehenean argitaratutako autoan, Auzitegi Goren espainiarrak arrazoia eman zion LAB sindikatuari Indesarekin, Arabako Udalen eta Foru Aldundiaren zerbitzura dagoen enplegu zentro bereziarekin, zuen auzian. Izan ere, Auzitegiak ez du onartu enpresa horrek jarritako kasazio-helegitea.

Gorenak erabaki du Indesak SEPEri, Estatuko enplegu publiko zerbitzuari, ABEEan (aldi baterako erregulazio espedientea) jarritako 347 langileen langabezia prestazioak itzuli egin beharko dizkiola. Horretaz gain, enpresak beharginei eraginpeko kontzeptuen aldea (oporrak, aparteko ordainsariak…) ordaindu beharko dizkie eta dagozkien kotizazioak erregularizatu.

Indesak Arabako gizarte etxeetan eta beste zentro batzuetan garbiketa eta lorezaintza lanak kudeatzen ditu. Hortaz, covid-19aren pandemiak eragindako alarma egoera ezarri ondoren, ezinbesteko ABEEa aurkeztu zuen, zeinak Arabako zentro guztietako 347 langileei eragin zien.

Erantzun gisa, LAB sindikatuak salatu zuen Gasteizko Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin «Gomendioak edo Mandatuak egiten dituzten langile guztiek egiten dituztela garbiketa lanak gizarte etxeetan eta beste zentro batzuetan», bai eta lorezaintza lanak ere.

Hortaz, LABek langile horiek enpresan egindako ezinbesteko ABEEaren barruan ez liratekeela egongo argudiatuz jarri zuen salaketa. Izan ere, sindikatuaren aburuz, horrek Sektore Publikoko Kontratazioaren legea «urratzen» zuen.

Prozesu juridikoa «luzea» izan dela deritzo sindikatuak. Izan ere, hasieran Gasteizko Lan Arloko 2. Epaitegian hasitako auzia Auzitegi Gorenean bukatu da. Lehenik eta behin, Gasteizko epaitegiak enpresaren ABEEa ontzat jo zuen, gero, LABek helegitea aurkeztu zuen horren aurka EAEko Auzitegi Nagusian eta honek baliogabe jo zuen ABEEa. Horren ostean, Indesak beste helegite bat ezarri zuen Auzitegi Gorenean eta, azkenean Gorenak enpresaren helegitea baztertu du eta ABEEa baliogabetu du.

Oro har, LABek epaiketa hau irabazi izanaren garrantzia azpimarratu du: «Indesa Arabako Udalen eta Foru Aldundiaren zerbitzura dagoen enplegu zentro berezia dela kontuan hartuta, epai honek garrantzia handia du LAB sindikatuarentzat eta langileentzat».