Idoia Eraso

Konstituzionalaren erabakiaren ondoren euskarararen erronkei buruz gogoetatu dute Baionan

Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak Baionan antolatu duten jardunaldian Molac Legea eta Kontseilu Konstituzionalaren erabakia euskararengan eta Estatu frantseseko hizkuntza gutxituengan izaten ari den eragina atzertu dute hainbat eremutako eragileak, ostiral honetan.

Hezkuntza arloko ordezkariak euskararen erronkei buruz mintzatu dira. (Guillaume FAUVEAU)
Hezkuntza arloko ordezkariak euskararen erronkei buruz mintzatu dira. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako herriko etxean ostiral guztian zehar Molac Legearen eta Frantziar Kontseilu Konstituzionalaren deliberoa euskararengan eta Estatu frantseseko beste hizkuntza gutxituengan izaten ari den eraginari buruz mintzatzeko hainbat eremutako kideak bildu dira, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak elkarrekin antolatu duten jardunaldian.

Eremu eta jatorri ezberdinetako ordezkariak bildu dira, eta ondorioz gogoetak ere anitzak izan dira. Sagrario Aleman, euskaltzainak bertan esandakoak hiru hitzetan laburbildu ditu: «Itxaropena, borroka eta elkarrekin».

Kontseilu Konstituzionalak hizkuntza gutxituen babeserako eta promoziorako Molac legearen bi artiku antikonsituzionalak direla deliberatu ondoren, Konstituzioa aldatzearen aldeko aldarrikapenak eta eskariak eremu guztietako hizlarien ahotik heldu dira, Konstituzionalak eman duen deliberoaren ondoren konponbide bakar gisara aurkeztua izan baita.

Goizeko hitzartzeak Paul Molac diputatu bretoia, Eneritz Zabaleta Zuzenbidean doktorea eta hezkuntza arloko hainbat eragileen eskutik heldu dira. Biga Baiko presidente Marie Andree Ouret, Seaskako presidente Peio Jorajuria, Euskal Haziakeko presidente AnaMari Irungaray eta Udaleku elkarteko koordinatzailea den Maddi Bordagarai mintzatu dira ondoren. 

Arratsaldea hautetsien ikuspegieekin abiatu da, non Euskararen Erakunde Publikoko presidentea den Antton Curutcharry, postu horretan lehenago izan ziren Max Brisson senataria eta Mathieu Berge eskualde kontseilaria elkartu diren.

Estatuko beste hizkuntza gutxituei begiratzeko momentua izan azkena, ondorioen aurkezpenak bukaera eman baino lehen. Okzitaniako Sergi Javoloyes, Bretainiako Visant Roue eta Ipar Kataluniako Joan Pytavi i Deixona aritu dira lurralde ezberdinetako egoera eta berezitasunak aurkezten, Euskaltzaindiako Jakes Sarrailletekin batera.

Alemanek eta Euskal Konfederazioko Luxi Detchartek eman diote bukaera, azken honek egun guztian zehar entzun den beste ideia bat azpimarratu du: «Argi ikusi da Konstituzionalaren erabakia politikoa izan zela. Egungo sekuentzia politikoa alde dugu eta hori segurtasun juridikoa lortzeko baliatu behar da».

Egoera lasaitzeko zirkularra

Beste gai nagusietako bat, Konstituzionalak eman zuen erabakiak ekarritako arazoei aurre egiteko Hezkuntza Ministerioa prestatzen ari den zirkularra izan da. Pariseko Gobernuko eta Hezkuntza Nazionaleko teknikariak hizkuntzen defentsan ari diren eragile ezberdinekin elkartzen ari dira egunotan, eta dirudienez urtea bukatu baino lehen argitaratuko da.

Zirkularrak duen izaera politikoa nabarmendu dute parte-hartzaile batzuek, nahiz eta oinarrian arazo juridiko bati erantzuteko litzatekeen. Horrela, Gobernuaren eskutik dagoen asmoa positibotzat jo dute, nahiz eta denek emaitzaren zain daudela nabarmendu.

Aste honetan, zirkularra idazteko ardura duten Hezkuntza Ministerioko langileak jardunaldian presente zeuden eragile ezberdinekin elkartu dira. 

Paul Molac

Paul Molacek ere gogoan izan du zirkularra eta gaur egun eskualdeetako hautetsi eta gizartea, alde batetik, eta beste aldetik egoera hau inposatu nahi duten Pariseko Gobernua eta «teknokrazia» daudela salatu du. «Iritzi publikoa aldatu da, hizkuntza propioa daukaten eskualdeetan eta beste eremuetan ere, jendeak ez du ulertzen Gobernutik hizkuntzak itotzeko dagoen dinamika».

Zentzu horretan hitz gogorrak izan ditu eta bere izena daraman legearen pretaketan eta ibilbide parlamentarioan izan zituen arazoen berri eman du.

Estatuko hizkuntza gutxituen onarpena ziurtatzeko Konstituzioaren aldaketaren alde anitzetan mintzatu den diputatuak desmartxa politiko horrek hurrengo legealdira arte itxaron beharko duela baieztatu du, baina bitarte horretan hauteskunde kanpainan egin beharreko presioa handia izan behar dela azpimarratu, eta zentzu horretan jardunaldian parte hartzen ari diren pertsonei dei egin die horretan lan egiteko.

Ikuspegi juridikoa

Eneritz Zabaleta jurista eta Zuzenbidean doktoreak egungo egoeraren berezitasuna aipatu du, Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antikonstituzionaltzat jo ondoren, ikasturte honetan inoiz baino eskola gehiago ireki direlako eredu horretan. «Ipar Euskal Herrian gertatzen ari dena Hego Euskal Herrian flipantea dela pentsatzen dute. Molacek esan du Gobernuak Konstituzionalaren deliberoa ez kontuan hartzea erabaki dutela, eta orain ikusi behar da nola askatu dauden korapiloak».

Berak ere hizkuntzen gaiari dagokionez dauden bi joerak aipatu ditu, eta Hezkuntza Ministerioaren baitan ere horrela dela baieztatu du. Konstituzionalaren deliberoak izan zuen erantzun politiko eta sozialaren aurrean Gobernuak Yannick Kerlogot eta Christophe Euzet diputatuei eskatu zien txostenak aurkeztu zuen ezintasunaren aurrean Konstituzioa aldatzea konponbide bakarra dela jakinarazi du.

Politikarien ikuspegia

Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari eta lehendakari ohien arteko ikuspegi ezberdintasuna ageria izan zen, nahiz eta denek euskararen aldeko borrokan dagoen batasuna nabarmendu eta horretan elkarrekin egiten ari diren lana azpimarratu.

Bergek gizarteren oinarrian dagoen gizartearen hitzarmenaren kontzeptua behin baino gehiagotan errepikatu du: «Errepublika ez da Frantzia, Errepublika kontratu sozial bat da, elkarrekin dugun proiektu bat, eta hizkuntza aniztasunaren auziak muinean egon behar du».

Euskara mintzatzen duten adinekoen eta gazteen artean dagoen adin tarte horretan dagoen euskaldunen hutsunea dela eta «transizio garaian» gaudela adierazi du, eta horrek gizartean euskararen presentzian ekartzen duen hutsunea, erakunde publikoek bete behar duela baieztatu du.

Bide horretan, Curutcharryk helduak euskalduntzea momentu honetan estrategikoa dela nabarmendu du.

Beste herrietako ordezkariak

Bretainiar, okzitandar eta kataluniarren testigantzek errealitate linguistiko oso ezberdinak daudela utzi du agerian, eta aldi berean Ipar Euskal Herrian euskararen defentsarako dagoen batasun sozial eta politikoa beste tokietan ez dela ematen agerian gelditu da.

Javaloyesek Okzitanian hizkuntzaren gaia ez dela lehentasun bat azaldu du, baina aldi berean Konstituzionalaren erabakiak alde positiboa izan duela segurtatu du, gizartean «elektroshock» baten eragina izan duelako, eta horrekiko kontzientzia piztu duelako.

Rouek Molac legeak beraien eskualdean duen garrantzia handia dela baieztatu du, eta aldi berean seinu diakritikoen artikuluaren antikonstituzionaltasun erabakiak, eragin berezia izan duela, haur bretoi baten Fahñch izenak daraman ‘ñ’-a izan baitzen Konstituzionaleraino heldu den ibilbide judizialaren hastapena.

Peytavi i Deixonak sortu berri den Katalanaren Erakunde Publikoak etorkizunera begira sortu duen itxaropena izan zuen hizpide, besteren artean.