Arnaitz Gorriti

Carolo Basketekin La Roche Vendeeren aurka jazo zena errepikatzea ekidin nahi du Gernikak

Eurocupean ohikoa den legez, Margaret Roundtreek ez du jokatuko eta Roselis Silva ere ez da nahi bezain ondo egongo. Hala ere, pasa den urtarrilean lorturiko garaipena gogoan, beldurrik gabe jokatuko dute bizkaitarrek Charleville-Mezieresen. H multzoko bigarren postua bion artean erabaki daiteke.

Gernikak Carolo Basketen fisikoa saskibaloi taktikoarekin «berdintzea» espero du Paula Ginzok. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Gernikak Carolo Basketen fisikoa saskibaloi taktikoarekin «berdintzea» espero du Paula Ginzok. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Joan zen astean indartsuegi suertatu zitzaion La Roche Vendee talde frantsesa Lointek Gernika Bizkaiari Malosten. Gaizki ekin zion talde bizkaitarrak partidari eta aurreneko 15 minutuetan arerioaren eskuetan jolasean aritu zen. Erreakzionatzeko kapaz izan zen gero eta 78-90eko azken emaitza oso duina izan zen Mario Lopezek zuzentzen duen taldearentzat, baina bistan da, ez zen nahikoa izan.

Hala, Carolo Basket taldearen etxean dira gernikarrak asteazken gauean, 20.00etan hasita, eamkumeen Eurocupeko H multzoko ligaxkari dagokion hirugarren jardunaldia jokatzeko, eta badakite jakin bizkaitarrek, Malosten aurkari indartsu bati aurre egin behar izan bazioten, asteazken gauekoa ez dela makalagoa izango, are gehiago joan zen jardunaldian Virtus Boloniari 84-46ko emaitzaz irabazita, sekulako belarrondokoa eman ziola jakinean.

«Badakigu Europan etxetik kanpo irabaztea zein zaila den, baina Virtusen aurka kapaz izan baginen, oraingoan ere gure aukerak bilatu behar ditugu», adierazi du neurketa bezperan Marta Alberdik. «Hain talde fisiko eta gogorrak ez zaizkigu larregi atsegin, baina gure gaitasun taktikoak partida berdindu dezake», gehitu dio bere aldetik Paula Ginzok.

Hitz bitan, Mario Lopezek hala laburbildu du Carolo Basketen aurkako dema: «Fisiko bikaina duen taldea izango dugu aurrean eta, pasa den astean ez bezala, hasieratik bukaeraraino partidan sartuta egon behar dugu. Alegia, partida amaierara aukerekin iritsi behar dugu».

Badaki Lointek Gernika Basketeko entrenatzaileak zer esaten ari den. Joan zen urtarrilean Valentzian eratu zen «burbuilan» gernikarrek Carolo Basketi 50-57 irabazi zioten. Egia da orduko hartan Nadia Colhado eta Nogaye Lo zirela bizkaitarren pibot nabarmenenak. Brasildarrak batez ere bizkaitarren elastikoarekin jokatu zuen partidarik bikainena osatu zuen, azken laurdenean Lointek Gernika Bizkaiak gauzaturiko puntu guztiak bereak izan baitziren.

Orduan ere, zonakako 2-3 defentsa batek, tarteka presioa kantxa osoan eginda, talde frantsesaren erasoko etorria goitik behera eten zuen. Markagailuan 42-33 atzetik jarri arren hirugarren laurdenaren hasieran, defentsa aldaketa hark erabat gelditu zuen Charleville-Mezerieseko taldearen etorria, eta asteazken gauean ere beste hainbeste egiteko asmoa dute bizkaitarrek.

Iaztik hona Cado edo Miyem lako jokalariak galdu ditu Carolo Basketek, baina bestalde, Magaly Mendy, min hartuta dagoen Marica Gajic eta Marie Michelle Milapie ekarri ditu. Horrez gain, iazko beste zenbait izarrek hortxe diraute: Virtusen aurka 22 puntu sartu eta 16 errebote eskuratu zituen Evelyn Akhator, esaterako, Amel Bouderra kapitaina, Marie Sy-Diop, Tima Pouye zein Christelle Diallo ahaztu gabe, besteak beste.

Gernikarren artean, Europan ohikoa den moduan, Margaret Roundtreek ez du jokatuko, are gehiago Angie Bjorklund maila ona hartzen ari dela ikusita. Bestalde, kontuz ibili beharko da Roselis Silvarekin, Estudiantesen aurka ez baitzuen atsedenalditik aurrera batere jokatu. Egia da Estudiantesen aurka, baita urtarrilean Caroloren aurka ere, Roso Buch antolatzaile postuan oso fin aritu zela, baina Venezuelako antolatzailea jokatzeko moduan baldin badago, fin egon beharko du, joan zen astean asko sufritu baitzuen La Roche Vendeeren defentsaren aurrean. Aipatu behar joan den asteburan Irune Orio gaztea lesionatu egin zela eta, hargatik, Paule Loroño aukeratu du Mario Lopezek deialdia osatzeko.

«Ahalik eta baloi gutxien galdu behar ditugu eta jaurtiketa ahalik eta garbienak lortu. Barrutik, teorian behintzat, gu baino indartsuagoak dira eta ez digute errebote askorik hartzen utziko», ohartarazi du Mario Lopezek.

Aipaturiko guztiaz gain, H multzoko bigarren postua talde hauen bien artean lehiatu liteke. Izan ere, Virtusek bi hauen aurka galdu du lehenengo bi jardunaldietan, eta aldiz, La Roche Vendeek Malosten bezala, frantziarren arteko derbia ere irabazi zuen. Basket average orokorra Caroloren alde dago, baina desenpaterik egin beharko balitz, hasteko bien artean ligaxkan jokatzen diren partidak hartuko dira aintzat.