Andoni Arabaolaza

Karrantzako leize bati eskaladaren atea zabaldu diote

Joan den udaran, Ernesto Belenguer eta David Palmadak Torca del Carlista bobeda handian 420 metroko eta A4/V+ zailtasuneko «Black Cave» bidea sortu zuten. Hamabi egun behar izan zituzten lan ikusgarri zein ilun hori biribiltzeko. 

David Palmada Pelut GARArekin harremanetan jartzen den bakoitzean, “alarma” guztiak piztu egiten dira. Batzuetan badakigu esku artean dituen asmoak, eta, normalean, horien berri ematen digu. Beste batzuetan isilean mantentzen ditu, eta ezusteko ederrak ematen dizkigu.

Muturreko eskalada artifizialean espezialista handia dugu Pelut. Kareharrian, granitoan edo lokatz gogorrean goi mailako aktibitateak egin ditu. Oso bereziak izaten dira beti, baina, buruari “gehiegi” eragiten dioenean, aurkezten dizkigun proposamenak are bereziagoak izaten dira. Oro har, eskalada bertikaletan edo eroria dutenetan ibiltzen da buru belarri, baina horizontalean irekitako bideetan ere ikusi dugu. Hori gutxi ez, eta iaz apustu bitxi bat egin zuen. Kobazulo batean, hots, lur azpian, marra bat sortu zuen: “Black Hole”.

Antza denez, eskarmentu horrek erabat bete zuen; izan ere, joan den udaran, Karrantzako Toca del Carlista leizean nortasun bereko marra bat zabaldu zuen. Eta berriro ere, Ernesto Belenguer Nofre izan du sokakide.

Iazko jarduera espainiar Estatuko kobazulo sakonenean egin zuten; aurtengoa, berriz, GEV izeneko aretoan. Hots, frantziar Estatuko Verna aretoaren ondoren, bolumenean lur azpiko bigarren handienean.

Egindako jardueraren inguruan, eskalatzaile katalanak aurreratu digu batzuetan kosta egiten zaiola azaltzea zergatik egiten dituen izaera horretako eskaladak: «Gizakiok inozo hutsak baino ez gara. ‘Black Hole’ zabaldu eta gero, neure buruari esan nion ez nuela berriro lur azpian biderik zabalduko. Baina, bat-batean, Andeka azaldu zen; beti motibazioz lepo izaten den euskal espeleologoa. Ez ninduen ezagutzen, baina nire kide Roberti (hau ere espeleologoa) esan zion behin Ernestok eta biok leize sakonena eskalatu ondoren, ederra izango litzatekeela Toca del Carlistako bobeda handian jardutea. Robertek argazki bat erakutsi zidan, eta, ezagutzen nauzu, berriro ere iluntasunak erakarri ninduen. Gainera, Andekak eta Robertek bazekiten amua irentsiko nuela».

Era horretan, bi eskalatzaileok bazuten esku artean proiektu berri bat. Hain zuzen ere, bi helburu zituena. Lehena, lur azpian hasi eta lur azalera bitartean bide bat irekitzea. Eta bigarrena, leizearen goialdearen inguruko informazioa bildu etorkizuneko esplorazioetarako.

Euskal Herriko txoko horretan eginiko aktibitateak hamabi egun eskatu zizkien. Aitzitik, iazko eskarmentuari esker, “espedizioa” askoz ere atseginagoa izan da: «Aurrekoarekin alderatuta, udako ahaleginak logistikoki ez digu buruhausterik eragin. ‘Black Hole’ sortzean pilatutako eskarmentua oso baliagarria izan zitzaigun eta horri esker Karrantzan askoz lasaiago aritzeko aukera izan dugu. Gure helburua ondo pasatzea izan da. ‘Black Hole’-n kontrakoa gertatu zen, eta bertan egindako ‘akatsak’ kontuan izan ditugu».

Izaera horretako xedeei buruz galdetuta, Pelutek dio eskalada artifizialak eskaintzen duen ia denak motibatzen duela: «Egun, eskaladaren modalitate horrek zale gutxi ditu. Nire kasuan gainditzeko ia ezinezkoa diren proiektuek eta oso akrobatikoak diren bideek erakartzen naute. Lur azpiko bideek ere erakarpen berezi bat dute niretzat. Lehen kobazuloaren argazkia ikusi nuenean, erabat harrapatuta geratu nintzen. Eta, jakina, infernuko leize hura eskalatzea lehentasuna bihurtu zen. Batez ere, estetikoa zein dotorea delako. Eta bide batez, nire konfort eremutik atera ninduelako. Hitz batean esanda, esperientzia berri bat bizi nahi nuen. Onartu behar dut lehen esperientzia hori oso gogorra izan zela. ‘Black Cave’, aldiz, ezberdina izan da. Gozatu egin dugu!».

Handitasuna

Karrantzako leizean jarraitu zuten prozesuari dagokionez, hasiera-hasieratik izan zen dena askoz ere samurragoa: «Zabala eta erosoa da sarrera. Bi rappel egin ondoren, 90 metroko hutsuneari egin behar izan genion aurre. Une horretan jabetu ginen erronka handia zela, besteak beste, areto horrek ez duelako ia amaierarik. Giroa, berriz, magikoa zein mistikoa iruditu zitzaigun. Beldurra eragiten duten jarduera horietako bat izan zen. Kopetako-argia piztu eta zorabioa nagusitu zitzaigun. Rappel guztiak amaitu eta lurra hankekin ukitu genuenean, erabat txundituta geratu ginen: erori handia zuen tenplu bat genuen aurrez aurre! Batere denborarik galdu gabe, bobeda handiaren amaierara abiatu ginen. Zorionez, jaisten ari ginela, Ernestok eta biok balizko bide berri bat zabaltzeko aukera ikusi genuen».

GEV aretoaren barnean zeudela, ohartu ziren, iazko marra ez bezala, Karrantzakoa askoz ere lehorrago zegoela. Ohiko garraio lanak egin eta gero, bi eskalatzaileok prest ziren erronka hasteko. Han bertan, eguneko lanak bukatu eta atseden hartzeko kanpaleku nagusi bat antolatu zuten.

Nondik hasi ez zuten oso argi, eta, horregatik, lehen luzea ondo baino hobeto aztertu behar izan zuten: «Ia ohartu ere egin gabe eroria zuen sekzio batean eskalatzen ari nintzen. Argi genuen ‘Black Hole’ baino gogorragoa izango zela; izan ere, jarduera horretan ezin zen jumareatu. Aukeratutako bidea agerikoa da, eta artesi sistema bat jarraitzen du. Zorutik, bederen, ez zirudien zailegia ere. Arrakala horiek nahiko lehor zeuden hasiera batean, baina, ondoren, lokatzarekin estalita aurkitu genituen».

Eskalatzaileok baieztatu digutenez, lehen eskalada egunetan asko gozatu zuten: «Igotzen ari ginen bitartean, une oso zirraragarriak bizi izan genituen. Batez ere, han zintzilikatuta dauden formazio ederrekin. Artesiak amaitu eta sabai erraldoi bat igo behar izan genuen. Sekzio hori gainditzea asko kosta zitzaidan. Ordu asko, alegia. Behin lanak bukatuta, kanpalekura jaitsi eta garagardo batzuk edanda ospatu genuen».

Bidearen amaieran ziren, eta geratzen zitzaien “bakarra” leizearen sarrerako 90 metroko tartea lotzea zen. Eskalatzen gozatzen ari zirenez, Pelutek onartu digu ez zutela jarduera horrekin amaitzerik nahi: «Baina hamabi eguneko jardunaren ostean, azalera irten ginen azkenean. Zailtasunari dagokionez, sortu berri dugun ‘Black Cave’ bidearen azken luzea izan zen gogorrena (A4). “Heriotza zuria” deitu diogu. Izan ere, zaila izateaz gain, lokatz zuri asko zuen. Eta metroak irabazteko buruhauste handiak eman zizkigun. Iltzeak, adibidez, lokatz barruan metro erdi bat sartu behar izan genituen. Baina, tira, horrela behintzat ez ziren ateratzen. Jakina, luzeotan ezin duzu akatsik egin, eta hobe duzu zalantzarik ez izatea. Pisua ondo orekatu behar da, eta egiten duzunarekin fede ikaragarria izan. Aipatutako zailtasun horiei guztiei beste batzuk gehitu behar dizkiezu: iluntasuna, isiltasuna, hotza, isolamendua... Badakizu horrelako zuloetan erreskate bat egitea ez dela samurra: helikopteroak ez dira bertara heltzen! Kobazulo batean bide bat sortzeak asko eskatzen duela adierazi nahi dut horrekin. Zalantzarik gabe, zorte handia izan dugu Karrantzan bide eder bat zabaldu ahal izateagatik».