Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ aurkeztu dute, Joan Mari Torrealdairen azken ametsa

Joan Mari Torrealdai Nabeak ia amaitua utzi zuen liburua Joanmari Larrarte kideak osatu du, Egunkariaren lehendakari izan zen euskaltzalearen familiaren laguntzarekin. Garazi alabak adierazi bezala, «begi eta bihotzetik izkiriatutako letrak» dira. «Bere paperezko ametsaren erretratu pertsonala».

Joan Mari Torrealdaik ia amaituta utzi zuen liburua astearte honetan aurkeztu dute Joanmari Larrarte, Lorea Agirre, Martxelo Otamendi eta Garazi Torrealdaik, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. (Jon URBE/FOKU)
Joan Mari Torrealdaik ia amaituta utzi zuen liburua astearte honetan aurkeztu dute Joanmari Larrarte, Lorea Agirre, Martxelo Otamendi eta Garazi Torrealdaik, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. (Jon URBE/FOKU)

Martxelo Otamendi ‘Berria’-ko zuzendariak agertu duen gisan, meritu handia da liburu bat idaztea, are gehiago osasun egoerarik onenean ez zaudenean. Joan Mari Torrealdai hil baino astebete lehenagora arte jardun zen ‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ lana idazten, «gauzak egiten zituen pasio horrekin», eta eskerrak eman dizkio Otamendik horregatik. Joanmari Larrarterentzat izan da bigarren eskertza, «are zailagoa delako beste batek egindako liburua bukatzea».

Elkarrekin argitaratutako obra Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean aurkeztu dute astearte honetan aipatutako Larrartek eta Otamendik, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin eta Garazi Torrealdairekin batera.

2020an zendutako euskaltzalearen alabak hunkituta azaldu duenez, «kulturgilearen azken lana» da, «aitaren azken ametsa». «Liburua guztiz amaitu gabe itzali zen, baina bazekien beste jende batek bere ametsa betetzen lagunduko ziola. Eta hala izan da». Eskerrak eman dizkie familiaren izenean, bereziki Larrarteri, beregan jarri baitzuen obra amaitzeko konfiantza osoa. «Eskerrik asko Egunkaria proiektuan sinetsi zenuten guztioi ere», erantsi du.

«Zer kontatuko dizuet nik ama, anaia eta hirurok aitarekin urteotan bizitakoaz: poza, nekea, ilusioa, etsipena…», deskribatu du. «Hamaika kolorez margotutako ametsa».

Dokumentatutako gertaerak, bizipen eta gogoetez aberastuak

Joanmari Larrarte kazetari eta Jakin Fundazioaren lehendakariordeak kontatu duenez, azken urteetan ordu asko eskaini zizkion Torrealdaik liburuari. 2015etik aurrera hasi zen, eta 2020ko udaberrian laguntza eskatu zion. «Ordurako pasarte asko idatzita zituen. Aurkibide proposamen bat pasatu zigun. Egitura argi zuen. Bere testuei eta aurkibideari ahalik eta fidelen izaten saiatu gara».

Torrealdairen sarrera bat dago. Libururako idatzitako azken testua da, hil baino astebete lehenagokoa. Sarrera horren hiru puntu nabarmendu ditu Larrartek. Hasteko, liburuaren tesi nagusia: «Egunkaria euskalgintzaren arrakasta da. Bere obsesioetako bat izan zen Egunkaria herri ekimenean sortu zela demostratzea. Adierazi nahi du euskalgintzak nahi izan zuelako posible egin zuela Egunkaria, euskalgintzaren indarrak badirela zer aurrera egin nahi bada. Eta horretarako zer garrantzitsua den independentziatik jardutea».

Bigarrenik, idazleak esaten du oso gertu dagoela oraindik Egunkaria historia liburu bat idazteko eta bera parte izateak ez diola ematen behar beste distantzia historia bat kontatzeko. Lehenengo pertsonan idatzita dago, posizioa oso garbi izanda. Saio moduan idatzi du, gertaerak kontatu eta dokumentatu ditu, bere bizipenetan oinarrituta, bere gogoetak eginez.

Hirugarren puntua honakoa da: «Gertaera horiek horrela izan ziren. Gertaeren gainean egingo den interpretazioa, aldiz, norberarena da, eta liburu honetakoa berea da».

Zortzi kapitulu, Imanol Murua Uriaren hitzaurrearekin

Zortzi kapitulu ditu liburuak. Lehenengo bietan kokapena egiten du: Euskarazko egunkari bat sortzeko egindako saioena, Lizardiren aldetik adibidez. 1990eko girora hurbiltzen laguntzen digute, eta giro politikoak gertatu zen guztian zer eragin izango duen ulertzen.

Hurrengo bi ataletan euskarazko egunkaria sortu zenetik itxi zuten arteko prozesua kontatzen du, eta hurrengo bi kapituluak itxierari lotuak daude. Momentua nola bizitu zuen kontatzen du, eta batez ere dokumentuetan zentratzen da.

Bidelagunengana hurbiltzen da gero: Ugalde, Santamaria, Zumalabe, Jaka… Eta eskerrak emanez bukatzen du: «Hau Euskal Herriari zor diogu, euskal gizarteak egin zuen posible, ondoren ‘Berria’ ere bai, indar horrek ekarri gaitu gaur eguneraino».

Imanol Murua Uriaren hitzaurrea darama liburuak. Juan Marik berak eskatu zion.

Larrartek agertu duenez, Egunkariaren ibilbidea biltzen du lanak, barnetik kontatua. Xehetasun asko daude irakurlearentzat berriak izan daitezkeenak. «Balio du momentu honetan, etsipenak jota gaudenean, animoak berritzeko, ikusteko garai zailak izan arren nola izan zen posible eta gaur egun ere posible izan daitekeela halako bide bat».

Sei premisa

Lorea Agirre kazetari eta antropologoak, ‘Jakin’ aldizkariaren zuzendariak, gaineratu duenez, Torrealdaik eremu bat topatu zuen Egunkarian ‘Jakin’-en sei premisa gauzatzeko: «Euskalgintzaren autonomia lantzea, herri erakunde sendo eta iraunkorrak sortzea, euskalgintzako beste eragileekin lankidetzan jardutea, euskalgintzako kidea profesional militantea izatearen figura bultzatzea, erakunde publikoekin berdinetik berdinera proiektuak lantzeko ahalegina egitea, eta gizarte zibilarekin ekitea, edozein dela ere proiektua, horrek ematen diolako oinarria eta sinesgarritasuna».

Bestalde, Otamendik zera aitortu du: «Oso zuzendari gutxik esan ahal izango dute lan egin dutela nik lan egin dudan askatasunarekin, Juan Mari lehendakari genuela. Beti zegoen prest gure galderei erantzuteko, aholkatzeko. Baina lanari buruzko elkarrizketa oso gutxi izan nituen berarekin, ez zuelako sartu nahi agintzen. Kritikak jasoko zituen, baina bereganatu izango zituen, seguru, jokalariak bakean uzteko futbol entrenatzaileek egiten duten bezala».

«Euskara batuaren lana aurrera eraman zuen belaunaldi horretako indar hori zen». Egunkariako eta ‘Berria’-ko zuzendariak gutxitan ikusi zuen haserre eta ikusi zuenetan kontu horri lotuta izan zen, adibidez, «ezin zuen eraman bailara batzuetan ahoskatzen zen bezala idaztea».