NAIZ

Aurrekontuetarako 12 milioiko proposamena egin dio EH Bilduk Arabako foru Gobernuari

EH Bilduk aurrekontuetarako akordioa lortzeko proposamena egin dio Arabako foru Gobernuari. Hamabi milioi euroko balioa du eta trantsizio energetikoa, gizarte politikak, arlo sozioekonomikoa eta gobernantza dira lehentasunak.

Claudia Venceslao eta Kike Fernandez de Pinedo, aurreko agerraldi batean. (@ehbilduaraba)
Claudia Venceslao eta Kike Fernandez de Pinedo, aurreko agerraldi batean. (@ehbilduaraba)

Arabako EH Bilduren batzarkide taldeak herrialdeko aurrekontuetarako bere proposamen nagusiak igorri dizkio  Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari: orotara, hamabi milioi euroko balioa duten proposamenak dira, lau ardatzetan banatuta: gizarte politikak, eredu sozioekonomikoa, trantsizio energetikoa eta gobernantza eredua. 

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren batzarkide taldeko bozeramaileak eta Claudia Venceslao batzarkideak azaldu dutenez, EAJ eta PSEren foru Gobernuaren aurrekontuetan «apenas dagoen berritasunik». Kritikatu dutenez, «Ramiro Gonzalezek berak ‘lurraldearen transformazioa’ hitzetik hortzera badarabil ere, dauden berritasun apurrak ziurtatu gabeko Europako Funtsen finantzazioari lotuta daude».

Hala, astelehen honetan egindako proposamenak «akordio baterako oinarriak» dira, bozeramailearen esanetan: «Gai nagusi hauen inguruko akordioa lortuta, akordio orokorrago bat lortzetik hurbilago kokatuko ginateke» eta hortik aurrera, gainerako sailetarako bestelako partidetan ere ekarpenak egingo lituzke EH Bilduk.

Proposamenaren mamiari dagokionez, trantsizio energetikoan, «fokua aldatzea» proposatu dute, eraikin publikoetan efizientzia energetikoari eta autokontsumoari lotutako proposamenekin; hondakinen kudeaketan, aldiz, bilketa selektiboa eta hondakin organikoen tratamendu «egokia» aipatu dute, «ekonomia zirkularra eta nekazaritzan berrerabiltzea» aintzat hartuta.

Gizarte politiken arloan, GOFEko langile kopurua handitzea proposatu du EH Bilduk, baita «egoitza pribatuen lan hitzarmenaren afera ixteko milioi bat euro bideratzea» ere. San Prudentzio egoitza publikorako hainbat urtetarako sei milioiko kreditua ere eskatu dute.

Arlo sozioekonomikoari dagokionez, bigarren belaunaldiko baterien gigafaktoriarako milioi bat euro jada nominatiboki gordetzea eta Aiaraldea biziberritzeko planaren finantzazioa areagotzea, 27 milioiko balioraino, proposatu du koalizio independentistak.

Gobernantzari dagokionez, Arabako herrien biziberritze «integrala» eta arrakala digitala saihesteko neurriak jarri dituzte mahai gainean.