NAIZ

Jesús Riaño kazetari pasaitarra hil da, mende erdi baino gehiago Osasunaren berri eman ostean

Jesús Riaño, Johan Cruyffekin Sadarren, argazki aski ezagunean.
Jesús Riaño, Johan Cruyffekin Sadarren, argazki aski ezagunean.

Ostiral gauean zendu da Iruñean Jesus Riaño Diego, azken hamarkada hauetan Osasunaren gorabeherak egunero-egunero jarraitu dituztenen artean kazetari ezagunena seguraski. Mende erdi baino gehiago jardun du horretan, 2008. urtera arte ‘Diario de Navarra’ egunkarian eta gero berak sortu zuen ‘Navarrasport’ hedabide digitalaren bitartez.

Bere familiak eman du heriotz honen berri atari horretatik. Eta berarekin batera hedabideak ere agur esaten duela erantsi du.

Osasunak doluminak agertu ditu, albistea jaso bezain laster, mezu honen bitartez.

 

Hirugarren Mailatik Lehenengo Mailarako azken hamarkadetako ibilbide horretan Osasunak bidelagun izan du Riaño, eta Riañok Osasuna. Gainerako kazetariek ontzat emandako ohitura bilakatu zen prentsaurrekoetan beti Jesus Riañok lehenengo galdera egitea. 2019an hil zen Javier Martinez de Zuñigarekin batera klub gorritxoaren inguruko kazetari erreferentzialena izan dela esan daiteke. Aurretik, 2017an, jardun horretan lehenik ‘Egin’en orrialdeetatik eta gero ‘Noticias de Navarra’koetatik aritu zen Pedro Lanas ere zendu zen. Urte gutxitan, beraz, belaunaldi oso bat desagertu da arlo honetan. Gazteagoa zen Fermin Zariquiegui, 2019an 51 urte zituela hil zen Efe ajentziako Osasunako informazioaren arduraduna.

Pasaian jaioa zen Riaño, eta Taxoarren zenbaitek askotan umorez leporatu dioenez, umetan Realaren jarraitzaile izan zen beraz, baina behin Iruñera bizitzera etorrita Osasuna hartu zuen bihotzean eta lanbide bihurtu zuen.

Erretiroa hartzeko adina gainditurik ere burubelarri aritu da, egunero-egunero, talde gorritxoaz informatzen, argitara atera gabeko albisteak urratzen eta entrenatzaile, jokalari eta agintarirekin harreman estua lantzen. ‘Navarrasport’ hedabidea Nafarroako kirol jardunbide ezberdinen isla izan da azken hamarkada honetan.