Ibon Salaberria

Arkitekturaren arau erromantikoak

(Zazpika)

Cuando despertamos el pasado ya no estaba allí», honela ematen dio irekiera Marc Badalek ‘Mundo Clausurado’ liburuari. Badalek denbora luzea darama landaguneen aldaketa eta errealitateak aztertu, esperimentatu eta pentsatzen. Ekonomiaren eskalak, alde batetik, eta begiratzeko moduen aldaketek, bestetik, konfiguratu dute egun dugun landagunea eta bertako arkitekturaren irudia. Ez du ezer erromantikotik baserritarraren bizimoldeak; bai, ordea, horren inguruan sortu dugun iruditeriak. Dagoeneko, igarriko zenuten ez noala arkitekturaren garai historiko ilustratu baten inguruan hitzak agortzera. Ez, geure inguruarekiko egin dugun konstrukzio erromantiko batez arituko naiz. Arkitekturaren arau erromantikoa diodanean, arkitektura eta inguru bat ulertzeko modu batez ari naiz.

Aipatutako liburuan Badalek dio aro guztiek partekatzen dutena dela euren garaiaren singularitatean sinestea. Eta, Euskal Herriko arkitektura arau gehienek, noizbait, garai labur batean jazo zen singularitate konkretu bat izoztu eta haren irudi erromantikoa eraiki dute. Euskal arkitekturaren arau erromantikoak derrigorrezko dokumentu bilakatu dira gaur.

Hiritik at diren eremu edo hiribildu txikietako hirigintza arau gehienek islatzen duten arkitektura tradizionalaren kontzeptuek landa ingurunea paisaia izoztutzat hartzeko joera dute.

Hirikoa ez den beste guztia ideia bukoliko, nostalgiko eta erromantiko baten bitartez erretratatzen dute. Kasu gehienetan, eraikin berria arkitektura tradizionalaren antzekoa izatea eskatzen da. Eta ustezko material tradizionalak errepikatuko ditu, hala nola okre koloreko teilak, fatxada zuriak edo leiho eta baoen zabalera determinatu bat. Aldiz, eraikin horiek, euren funtzioa betetzen zutenean, eraldaketa konstante batean ziren. Inolako konplexu erromantikorik gabe, eraikuntzetarako pentsatu ere egin ez ziren material berriak inkorporatzen zituzten euren beharretara. Arkitektura eskoletan irakasteko moduko asmamena zuen baserritarrak eta askotariko materialak birziklatu eta berrerabiltzen zituen baserriaren eraldaketa, handitze edo eraikuntza txikietan. ‘As found’ estrategia intelektualizatua baserriaren biziraupen arkitektonikoa zen. Euskal arkitektura brutalista, hain zuzen ere. Brutalismoak ez baitu, askotan agertu bezala, tamaina handi edo hormigoizko eraikinekin zerikusirik; aldiz, brutalismoak materialak aurkitu bezala –as found– erabiltzearekin du erlazioa. Baserritarrak ez zuen bere inguruko paisaia eta baserriaren irudi erromantikorik eraikitzen, hartatik bizi zen eta esperientzian oinarritutako ekintzen bitartez moldatzen zituen bere inguruak. Baina, ez al zuen prozesu estetiko bat eragiten bere inguruan?

Julio Caro Barojak aspaldi irudikatu zuen euskal paisaiaren unitatea. Marrazki hartan, baserriak, kortak, baratzeak eta basoak konposatzen zuten paisaia aldakor bat. Beran zegoeneko garaian irudikatutako mosaiko mugikor bat bezala uler genezake Caro Barojaren irudia. Beran dago, baita ere, Mugara arkitektura estudioa. Ander Rodriguezek, Mugara arkitektura estudioko arduradunak, Nafarroako Legarda herrixkan egin berri duen eraikinak aurreko lerroetan esandakoei galdera asko proposatzen dizkie egungo begirada batetik abiatuta. Sanz-Serrano etxea aisialdirako espazio bezala proposatzen da, egun gure inguruan ikus ditzakegun neobaserri asko bezalaxe. Etxeak tokian jartzeko moduak eskala ezberdinak ulertzeko aukera ematen du. Errepide aldekoa solairu bakarreko etxea da, landagunera begirakoa, ordea, eskala handiagoa eta urbanoagoa duen eraikin bezala ikus daiteke. Ohikoa zen baserriek ere tokiaren topografia baliatzea ataria edo mandioko sarrera sestra ezberdinetan kokatzeko. Gaur ikus ditzakegun neobaserri askok, ordea, lehenik plataforma izugarriak eraiki ohi dituzte honen gainean objektu erromantizatua ipintzeko. Ondoren makillatuko dute ingurua baserri baten itxuran.

Bestelakoa da Legardako proiektuaren jarrera

Oinarrian, indeterminazio gradu ezberdinek ezaugarritzen dute landagune bazterreko etxe hau: erabilera ezberdinak jasango ditu etxeak denboran aurrera edo, gutxienez, horretarako ahalmena izango du. Etxe-aurreak eta etxe-osteak bermatzen dituzte proiektuak imajinatu ahal dituen aukerak. Baserriak osatzen zituzten eremu eta pieza ezberdinek ere halako espazioak estrategikoki kokatzen zituzten. Mugarak eginiko beste lan batzuek bezala, aurretik datorkigun imajinarioa dantzan, dardaran jartzeak ezaugarritzen du bere jarduna kasu honetan ere. Aurrekoa inzitatu, berriz astindu eta iruditeria berri posibleak erakusten ditu bere lanetan. Nolabait, arau erromantikoek izoztu duten iruditeria hartatik, aurreiritzirik gabe, ihes egin nahian bezala.

Honelako ariketen inguruan hausnarketa eta pausa lasai bat hartu ezean, laster etorriko zaigu Badalek aipatzen duen hurrengo ‘aro singularra’. Ate joka da, adibidez, Rem Koolhaas eta bere makineria ikerlaria, countryside deritzon hori –landagunea, geurean– arkitekturaren etorkizuna dela esanez. Honezkero, New Yorkeko Guggenheim museoan erakutsi dute proposamenaren muntaia. Dena den, hurrengo baterako utziko dugu oportunismoak eratzen dituen diskurtso eta erakusketen gaia. Bitartean has gaitezen kaleak begiratzen eta ukitzen baserritarren eskuekin, arkitektura makillaje erromantikoa desegin arte.