NAIZ
Iruñea

Jagoba Arrasatek bere bizitzako kantua egin zuen Gayarre antzokian

Jon Maiaren ‘Kantu bat gara’ ikuskizunak sorpresa ekarri zuen Iruñean. Osasunako entrenatzaile den Jagoba Arrasate igo zen oholtzara, bizitzari errepasoa emanez. Nafar hiriburua du oraingoz azken geltoki berritxuarrak eta Tijuana In Blue ekarri zuen gogora: «Joder qué bien se está en esta capital».

Jagoba Arrasatek bere bizitzako kantua egin zuen atzo Gayarre antzokian. Jon Maiaren eredua jarraituz, Berriatuatik Iruñera, Delirium Tremensetik Tijuana In Blue eta Barricadara egin zuen jauzi Osasunako prestatzaileak.

Jon Maiaren Kantu Bat Gara ikuskizuna atzo iritsi zen nafar hiriburura, eta eskaintza aberats bat borobildu zuen Arrasateren agerraldiarekin. Berriatuako entrenatzaileak erakutsi du behin baino gehiagotan badakiela mikrofonoarekin aritzen, Osasuna lehen mailara igo zuenean udaletxeko balkoitik egin zuen moduan.

Hura momentuan atera zitzaion zerbait izan zen. Atzo, baina, bere bizitzari errepasoa eman zion, Gayarren bildutakoen txalo zaparrada jasoz. «Kaixo Gayarre, so edo arre, piszinara egingo dut salto hala ere, urik dagoen jakin gabe».

Eñaut Landak grabatutako bideoan ikusi daiteke Arrasateren emanaldia. «Aita mutrikuarra izaki, Delirium Tremens zer den badaki» eta «ama, berritxuarra bera, Lea-Artibaikoa goitik behera, harek egiten zuen Argoitia anai-arreben aldeko aukera» gogoratuz ekin zion lanari.

Ikastola garaiko «lehenengo golak eta lehenengo koplak» orainera ekarriz jarraitu zuen. Gaztaroan Su Ta Gar taldeak hartu zuen lekukoa. «Esaten genuen eibartar hauek arrazoia daukate. Edozertarako "jo ta ke, irabazi arte"».

Negu Gorriak eta Gatibu ere presente izan ditu Arrasatek bere bizitzaren soinu bandan eta «hiru seme-alaben aita izanda, iritsi zen Pirritx eta Porrotxen txanda. Haiekin pasa ditugu ordu pila, Pupu, Lore eta patata tortila».

Iruñea eta Sadar

Entrenatzaileak, oraingoz, azken geltokia du Iruñea. «Esan zuen aspaldi Tijuana In Bluek eta nik eta nire familiak pentsatzen dugu igual: "joder qué bien se está en esta capital"». Eta Gayarrek mezua eskertu zuen, txalo zaparrada handi batekin. 

Nola ez, Sadar futbol zelaiari ere zuzendu zitzaion Arrasate. «Ai Sadar! Zer pasada topera jartzen dutenean Barricada! Atsedenalditik bueltan, aurkariak jartzen dira txarrenean ‘No hay tregua’ entzuten dutenean».