GAUR8

Bizi-kalitatea bermatzeko, medikuntzatik haratago doazen erronkak aletu dituzte

Munduko biztanleria azkar zahartzen ari da. Aditu talde bat agertoki horri begira jarri da, bizi-kalitatea eta eskubideak bermatzea helburu. Medikuntza alderdi bat da, baina adineko pertsonei ahotsa emateaz eta haien beharren araberako arreta eskaintzeaz ere ari dira.

Zahartze osasungarri eta aktiboa izateko erronkak zehaztu ditu aditu talde
Zahartze osasungarri eta aktiboa izateko erronkak zehaztu ditu aditu talde (Jon URBE | FOKU)

Hainbat ezagutza alorretako Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC, katalanezko izendapenagatik) aditu talde bat zahartze osasungarri batek behar duenari begira jarri da, eta bederatzi erronka zehaztu ditu. Neurri batean edo bestean, osasunarekin lotuta daude guztiak, kalitatezko bizitza bat izan ahal izateak eragin zuzena baitu osasun fisikoan zein animokoan, baina ez dira soilik medikuntzaren ikuspuntutik planteatzen erronkak, ahalik eta bizitza osoena izan ahal izateari ere begiratzen diote eta. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, gizarte bat adineko bere herritarrak zaintzen dituen moduaren arabera neurtzen da. UOCeko adituek osasun arazoetan jarri dute arreta, baina ez horietan bakarrik. Edadismoari, nahi gabeko bakardadeari, zaintza eta zaintzaileen lanari, arrakala digitalari, ikaskuntzari, “teknooptimismo”ari eta antzeko eremu eta fenomenoei erreparatuta.

Zahartzeak munduan izango duen intzidentza altua agerian uzten duten datuak gogorarazi dituzte: 2050. urtean sei pertsonatik batek 65 urte baino gehiago izango ditu. OMEk nabarmendu duenez, herrialde guztietan izaten ari da bilakaera hau. Datu bat eman du: «Aurreikuspenen arabera, 2020tik 2050era 80 urte edo gehiagoko pertsonen kopurua hirukoiztu egingo da, 426 milioira iritsi arte». Horrek erronka garrantzitsuak planteatzen dizkio gaur egungo gizarteari hainbat dimentsiotan: medikuntzan, zerbitzuetan, etxebizitzari dagokionez, gizarte babesean, familietan... Abiapuntu gisa. adituek gogorarazi dute zahartzea prozesu biologiko eta psikologikoa dela, baina testuinguru sozioekonomikoak eta kulturalak baldintzatutakoa. Horregatik, zeharkako ikuspegi batekin, genetika, neurozientzia, geriatria, zaintza, komunikazio digital, politika, gizarte-ongizate eta antzeko arloetako adituek diziplina arteko analisi bat osatu dute.

Osasun alderdiari begiratuta, bizi-itxaropenaren igoera etengabeko bat izan da azken hamarkadetan, baina gakoa ez da bakarrik gehiago bizitzea, baizik eta urte horiek osasun egoera ez hondatu batean bizi ahal izatea. UOCeko Osasun Zientzien Ikasketetako irakasle eta Leicesterreko Unibertsitateko irakasle Salvador Macip-en hitzetan, gakoa da jakitea zergatik pertsona batzuk beste batzuk baino okerrago zahartzen diren eta zerk eragiten duen organoak endekatzen joatea.

Horrekin lotuta, hauskortasuna iraultzea eta desgaitasuna atzeratzea dira ikertzaileek mahai gainean duten beste erronka nagusietako bat. Hauskortasun horren baitan, adinarekin izaten diren moteltze edo oroimenaren galtze horiek aipatu ditu Marco Inzitari geriatrian adituak, egoera horiek osasun gertakari kaltegarriak pairatzeko arriskua areagotzen dutela gogoratuz.

Pere Virgili Osasun Parkeko eta Vall d`Hebron Ikerketa Institutuko ikertzaileak dioenez, zahartze azkarra borrokatzeko formulak osagai ezagunak ditu: ariketa fisikoa egitea, dieta osasungarria izatea, loa zaintzea, medikazioa berrikustea (benetan beharrezkoa izan dadin) eta gizarte-harremanak sustatzea. Erantsi duenez, esku hartze horiek modu egonkor eta integratuan inplementatu daitezke komunitate baliabideekin, eta horren ebidentzia gisa Katalunian abian jarritako “+Agil BCN” programa ekarri du gogora.

Medikuntza arlotik irten gabe, garunaren zahartze prozesuekin lotuta dauden nerbio-sistemaren eta gaixotasun mentalen mekanismoen ikerkuntzan aurrepausoak ematea beste erronketako bat da. Aditu hauek diotenez, «funtsezko» arloa da gaitasun kognitiboei eusteko, gaixotasun neurologikoak prebenitzeko eta, gertatuz gero, horien eragina minimizatzeko. Garunaren zahartze onerako aldagaien identifikazioa ere aipatu dute. Diego Redolar Cognitibe NeuroLab-eko ikertzaile eta UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien ikasketetako irakasleak aplikatu beharreko formula arrakastatsuak zerrendatu ditu: estresa minimizatzea, loaren kalitate ona izatea, ariketa egitea, entrenamendu kognitiboa eta jarduera mentalak egitea, eta gizarte-laguntza izatea.

Zaintza eta teknologia

Zaintza arloa jorratutako beste ataletako bat da, eta horretan zaintzaileen lanari eman beharreko garrantzia nabarmendu dute. Zehaztu dutenez, teknologia indartsu sartu da pertsonen zaintzan, batez ere adinekoen kasuan. Horren adibide dira etxez etxeko telelaguntza, bilaketa-gailuak, era askotako aplikazioak edota konpainia eta zaintzarako robotak. Horrela, zaintzaren antolaketa aldatzen ari da, baina normalean, halakoetan, kostuak murriztea edo externalizatzea izaten da helburua, Daniel Lopez irakasleak ohartarazi duenez.  

Adituaren azalpenen arabera, zaintzaren ingurukoak eskubiderik sortzen ez duen sektorea izaten jarraitzen du, feminizatua, «lan hori egiten duten pertsonen osasuna pobretzen eta gutxitzen duena». Adituak nabarmendu duenez, baldintza eskas horien ondorioz ez da kontuan hartzen bizitzaren etapa hori nola bizi nahi den eta nola zainduak izan nahi duten.

Ikertzaileak «zaintza duinetarako eskubidea eta zainketen duintasuna politika publikoaren erdigunean kokatzea» aldarrikatzen du. «Teknologiak erabakitasunez eta eraginkortasunez lagundu behar du», baina horretarako, «teknologia ulertzeko eta diseinatzeko modua aldatu behar dugu. Ezin da zainketa-lanaren kostuak murriztea eta kanporatzea argudio teknologikoa izan», erantsi du.

Diskriminazioei aurre egitea

Gaur egungo aro digitalean, belaunaldien arteko arrakalari adinagatiko eta edadismoagatiko diskriminazioa ere gehitu behar zaio. Mireia Fernandez Ardevol UOCeko komunikazio digitalean adituak adierazi duenez, zahartzearen eta digitalizazioaren inguruan dauden estereotipoek eta aurreiritziek ez diote kolektiboari «inolako justiziarik egiten». Adibide gisa aipatu du Europako estatistika ofizialek ez dituztela 75 urtetik gorako pertsonak barne hartzen.

Pandemiak eta sektorearen berregituraketak, gainera, banku-sektorearen digitalizazio azkarra eta kutxazainen itxiera ekarri dituztela dio. «Arazoa konpontzeko aukera bat da digitalki diskriminatzen diren herritarren gaitasun digitalak indartzen laguntzea, baina beste bat da oinarrizko zerbitzu guztietan digitalaren ordezko kanalak izateko eskubidea aitortzea eta eraginkor bihurtzea», adierazi du.

IKTetan adituek, bestalde, “teknooptimismo”ari aurre egiteko, adineko lagunen hausnarketak balioan jartzearen garrantzia nabarmendu dute, teknologia berriek planteatzen dituzten utopiei buruz hausnartzen laguntzen duen kolektiboa dela gogoraraziz. Irtenbidea ez da beti pertsonak digitalizatzea: «Gizarteak arreta handiagoa jarri beharko lioke adineko jendearen iritziari».

Erronken artean, halaber, «bizitza osoko prestakuntza pertsonen osasunarekin eta bizi-kalitatearekin zuzenean lotutako alderdia» dela gogorarazi du Eulalia Hernandez ikertzaileak. Europar Batasunak guztiontzako kalitatezko hezkuntza eta prestakuntza errazteko beharra ezartzen duela kontuan hartuta, «hori posible egiteko, beharrezkoa da esparru arauemaile eta ekonomikoa, erakunde egokiak, profesional prestatuak eta kalitatezko eskaintza izatea», planteatu du. «Horrela bakarrik ezarri ahal izango dira «hezkuntza-premiei erantzungo dieten eta pertsonak bizi-une ezberdinetan sartzeko dituen aukerak bermatuko dituzten baldintzak», adierazi du Eulalia Hernandez ikertzaileak.



ETXEA, BAKARDADEA ETA GERONTOFOBIA

Nor bere etxean bizitzen jarraitu nahi izatea hautu ohikoena da adineko pertsonen artean, baina hori ez da beti posible izaten, eta arlo horretan gizarteak beste erronka bat daukala gogorarazi dute adituek. Osasun arazoek laguntzaren beharra planteatzen dutenean, etxea ez da beti arreta edota zaintza ona emateko lekurik aproposena. Askotan, maite den etxea «urrezko kaiola» bihur daiteke, komunitatetik aldentzearen eta nahi ez den isolamenduaren eta bakardadearen sinonimo bilakatuz, dio Lluvi Farre UOCeko IN3ko Care and Preparedness in the Network Society taldeko ikertzaileak.

Bere ustez, proposamenak landu beharko dira adinekoen deserrotzea saihesteko eta nork bere bizitzari buruz erabakitzeko eskubidea bermatzeko, bizitza osoan bizi izan diren lekuetan edo leku berri batean. Soluziobide horiek “etxe” deitzen jarraitzeko moduko alternatibak izan beharko liratekeela dio.  «Senior cohousing» eta antzeko proiektuak aipatu ditu, zahartzaroa modu autogestionatuan bizitzeko alternatiba komunitario gisa, zerbitzu partekatuekin eta berdinen arteko laguntzan oinarritutako egitasmoek joka dezaketen papera nabarmenduz.

Munduan arazo orokortu bilakatzen ari den adinekoen nahi gabeko bakardadea borrokatzea da landu beharreko beste erronketako bat, osasuna hondatzeko arrisku handienetako bat delako. Daniel Rueda politikan eta gizarte-ongizatean adituak ohartarazi duenez, «tratu txarren eta utzikeriaren modu berri bat da gaur egungo gizartean, eta horri familia-inguruneko eta erakunde-inguruneko zaintza eza gehitu behar zaio». Daniel Ruedak proposatu duenez, arazo horiei aurre egiteko modu bat da profesionalak gerontofobiaren detekzioan prestatzea eta herritarrak prebentzioaren inguruan kontzientziatzea.