NAIZ

Etxerik gabeko gizon bat larri erietxeratu dute, Biarritzen azidoarekin eraso bat jaso eta gero

Gizon etxegabe bat larriki zaurituta ospitaleratu dute, astearte honetako goizaldean Biarritzen azidoarekin eraso bat jasan eta gero. Ustezko erasotzailea atxilotuta dago eta Fiskaltza ikertzen ari da.

Biarritzeko polizia-etxean ari dira jazotakoa ikertzen.
Biarritzeko polizia-etxean ari dira jazotakoa ikertzen. (Bob EDME)

Baionako Fiskaltzak ikerketa bat ireki du gizon etxegabe bati Biarritzen azidoarekin eginiko erasoaren nondik norakoak argitzen saiatzeko. ‘Actu.fr’ digitalak zabaldu eta ‘SudOuest’-ek berretsi duenez, Biarritzeko poliziek astearte goizalde honetan aurkitu dute biktima, zauri larriekin, itsasertzearen inguruan.

Dirudienez, kolpe handiak eman zizkioten eta bota zioten azidoak bigarren eta hirugarren mailako erredurak eragin dizkio. 

Bertatik Aguilera klinikara eraman zuten, eta ondoren erredura handiak dituzten pertsonak artatzen dituen Bordeleko Pellegrin ospitalera eraman dute. Aipatu iturrien arabera, gizonak oso larri jarraitzen du.

Erasoaren ustezko egilea ordu batzuetara atxilotu zuten eta uneotan Poliziaren esku dago. Baionako Fiskaltzak hilketa saiakera hau ikertzeko agindu du eta Biarritzeko polizia-etxeko agenteen esku utzi du lana.

Momentuz ez dute eman erasoaren edo haren motibazioaren inguruko hipotesirik edo balizko azalpenik eman. 

Etxerik gabeko pertsona honi eginiko eraso larri hau gertatu baino egun batzuk lehenago, kalean bizi ziren beste bi gizon zendu ziren Bizkaian: 24 orduren buruan bat hilda agertu zen Zabagalgarbiko zabortegian (antza denez, edukiontzi batean lo egitera sartu ondoren), eta bestea Casilda Iturrizar parkeko banku batean aurkitu zuten, Bilbon.