Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Musikari profesionalek ezin dute beren jardun artistikotik bizi

Musikarien Batasunak sakon eta zehatz ikertu du espainiar Estatuko musikarien errealitate sozioekonomikoa, eta ondorioak beldurgarriak dira. Euskal Herriko argazkia bera da: ez dira SMI lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen eta musikari lana bertze ogibide batekin uztartu behar izaten dute.

Zea Maysen kontzertua, joan den apirilaren 9an Bilbon. Emanaldi berezia izan zen, etenaldi baten osteko lehena eta 25. urtebetetzeko ospakizuna.
Zea Maysen kontzertua, joan den apirilaren 9an Bilbon. Emanaldi berezia izan zen, etenaldi baten osteko lehena eta 25. urtebetetzeko ospakizuna. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Musikarien Batasunak Espainiar Estatuko musikarien errealitate sozioekonomikoaren ikerketa zehatz bat aurkeztu du Madrilen. Galdera ugariri erantzun diote 510 pertsonak, eta lagin garrantzitsu bat lortu dute. «Denok buruan genuen argazki bat agertu da: zer egoera prekarioa daukan musikari profesionalen kolektiboak. Beren lan artistikoan oinarrituta bizitzeko gai al dira? Ez». Hala mintzo dena Myriam Miranda Musikari elkarteko koordinatzailea da. Baieztatu duenez, Euskal Herrian ere argazki bera dugu.

Urteak daramatza Mirandak sektore honetan buru-belarri; Musikarin eta Musika Bulegoan dabil, Musikarien Batasunaren sortzaileak biak. Azaldu duenez, falta ziren datuak biltzea izan da azterketaren lehen asmoa, musikariek nola lan egiten duten jakitea. Erreminta bat da sortzaileon egunerokotasuna ikusten laguntzen duena, eta erreferentzia bezala erabil daitekeena administrazio publikoei eskatzeko: «Egin itzazue beharrezko aldaketak honi erantzuteko».

Hasteko, genero arrakala izugarria da: gizonak dira nagusi. Horren isla, inkestan parte hartu dutenen %75 gizonezkoak izan dira eta %25 emakumezkoak. Gizonen %77k musikari instrumentistatzat dute beren burua. Emakumeen artean, %42 instrumentista definitzen dira eta %47, abeslari. Gizonen %8 soilik dira kantariak.

Eneritz Dueso Domenech Musikari Euskal Herriko musikarien elkarteko presidentea da. Kasernarat taldearekin taularatu zituen berak idatzitako kantuak lehenengoz. Irundarra da eta Eneritz Furyak da bere izen artistikoa. ‘Emadan’ eta ‘Eneritz Furyak’ diskoak kaleratu ditu. Irudian, Durangoko Azokako mahai inguru batean, abenduan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Eneritz Dueso musikari eta abeslari irundarra da, Eneritz Furyak bezala ezaguna; izen bereko disko bat eta “Emadan” izeneko bertze bat kaleratu ditu. Musikariko presidentea da. 2020an elkartearen gidaritza hartu zuen bertze sei emakume musikarirekin batera. Adierazi duenez, jendarte osoaren isla da genero arrakala hori, baina egoera profesional lazgarri batek nabarmentzen du. Gainera, pentsatu behar da zein ordutegi eta espaziotan egiten duten lan musikari gehienek.

«Zaintza lanek emakumeon esku geratzen jarraitzen duten bitartean, zailago izango dugu gure bizibidea horrelako baldintzak dituzten lanekin aurrera ateratzea. Baina kontrako bidea ere egin behar da: zein aisialdi eta kultur eredu bultzatzen da oro har? Beste hamaika arrazoi ere badaude ziurrenik, geure buruak zalantzan jartzea, esaterako, azkenaldian asko aipatu den kezka da, baina azaletik aipatzen da maiz, sakoneko arrazoiei heldu eta horiek aldatu gabe».

SMIaren azpitik

Prekaritatea ere beldurgarria da. Musikariek ikasketa maila altua dute, jendarteko batez bestekoaren gainetik daude horretan genero eta adin tarte guztietan. Prestakuntza hori ez dator bat, ordea, euren jarduera artistikoagatik jasotzen duten diruarekin. %88k 14.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak izan zituzten 2021ean. Horietako aunitzek (%69k) 7.000 euro edo gutxiago jaso zituzten. Emakumeen artean are handiagoa da ehuneko hori, %74koa. Mirandak erranen luke gutxiago lan egiten dutelako dela, erreferentzia maskulinoetara jotzen delako.

«Irabaziak maiz beltzean kobratu behar ditugu, edo erabat itotzen gaituen autonomoen sistema horretan», gaineratu du Duesok. «Hala ere, datuek argi erakusten dute guztiok aspalditik geneukan susmoa: fiskalitatean eta baldintzetan ez bada kontuan hartzen gure lanaren errealitatea, lanari ez bazaio baliorik ematen, ez bada kontuan hartzen intermitentzia, antolatzaileek eta enkarguak egiten dizkiguten enpresa eta pertsonek ez badute honen guztiaren berri txikienik ere, azkenean emaitza guk pairatzen dugu».

KONTRATURIK GABE
Inkestari erantzun dieten pertsonen %35ek (musikari, intertrepete edo exekutzaileak) lan kontraturik gabe lan egiten dute. 18 eta 24 urteko musikarien artean kopurua %46ra igotzen da. Mirandaren ustez, araudi egokirik ez dagoelako gertatzen da hori.

 

%64rentzat kontzertuko ohiko diru saria 200 euro baino gutxiagokoa izan zen eta %31rentzat 100 euro baino apalagoa. %67k 40 emanaldi edo gutxiago izan zituzten iaz, eta aurten ez dute kopuru hori handitzerik espero. Hortaz, baldintza ekonomikoak aldatu ezean, hagitz litekeena da berriro ere SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik gelditzea.

«Autonomoa bazara, denok dakigu 300 euroko langa igaro arte diru sarrerarik ez dela. Horri gehitu ezin duzula hilabeteko egun guztietan kontzerturik eman, eta sortze prozesuak luzeak eta garestiak direla. Disko bat sortzen eta haren zabalkundea prestatzen, adibidez, urtebete igaro baduzu, horrek esan nahi du diru galerekin lan egiten igaro duzula urtebete. Gero jendea harritzen da musikarien katxeekin, kalkulua sinplista izaten baita beti: ‘Nire hilabeteko soldata bi-hiru bolotan edo bakarrean irabaz dezake x artistak?’, galdetzen dizu lanpostu finko bat duen norbaitek. Baina hamaika gastu eta arrisku daude horren atzean», ohartarazi du Musikariko presidenteak.

Gizarte babesean gabeziak daude. %56 autonomoak dira. Datu ekonomikoak partekatu zituztenen artean, %58k hileko 700 euro garbi edo gutxiago jasotzen ditu.

«Jakin nahi nuke 700 euro garbi horietatik zenbat ez den berrinbertitzen, ikasketetan, tresnetan, hala dagokigun kasuan grabazio eta bestelako ekoizpen gastuetan», erantsi du Eneritz Duesok.

Artea behar dugu bizitzeko

Hainbeste datu ezkorren artean, ikusten du sortzaileak esperantzarako motiborik ere. Datuek batzuetan musikari izatea lana dela ahanztarazten dioten arren, erabat ziur daki artea bizitzeko beharrezkoa dugula. «Ez naiz sinesduna eta dena zalantzan jartzea gustatzen zait, baina honetan nahiago dut itsu-itsuan sinestu», agertu du.

Bertzetik, belaunaldi berriak kritikoagoak direla ikusten du. «Bizibidea ateratzeko beharra argi daukate eta ez daude edozer onartzeko prest. Inoiz baino informazio gehiago daukagu, eta lantzean behin batzeko gaitasuna ere bai. Etikoak izaten saiatzen diren antolatzaile eta bestelakoak ere badaude. Dena ez da iluna. Baina lan asko egin beharra dago horrek guztiak emaitzarik izango badu», defendatu du artistak.

«Araudi egoki bat behar dugu, beste edozein ogibidek bezala»

Musikariek Batasunak datuak aztertu eta hedabide eta alderdi politiko guztiei pasatu dizkie. «Datu txarrak direla badakigu, baina benetakoak dira, eta aurre egin behar diegu», erran du Myriam Miranda Musikariko koordinatzaileak. Artistaren Estatutua garatzearen alde ari dira lanean. «Aldarrikapenak praktikan jarri behar dira, lege eta araudiak aldatu. Sektore berezia da, intermitentzia bat dauka, oso gutxi dira honetatik bakarrik bizi direnak. Hala ere, errealitatera egokitutako araudi bat behar dugu, edozein ogibidek daukan bezala. Ez gara tratu pribilejiatu bat eskatzen ari, baizik eta justua».

Azaldu duenez, Artistaren Estatutuaren zirriborroan agertu ziren aldarrikapenekin lehenengo pausoak emanen lirateke hau ongi bideratzeko.

Urrats txiki batzuk egin direla ikusten du: «%10eko kultur BEZa jarri zen ekitaldi batzuetan. Martxoan 5/2022 dekretua onartu zen eta aldaketa batzuk egin dira musikarien kontratazioan uste dugunak sektoreari ongi etorriko zaizkiola. Artistaz gain parte hartzen duten gainerako langileak onartuak izan dira eta kontratazio modu berezi batzuk ezarri dira». Bada bertze aldaketa bat ontzat ematen dutena, nahiz eta oraindik hobeki zehaztu behar den. «Erakunde publikoak dira kontratatzaile nagusiak eta ardura izan beharko luketeela aipatzen da 5/2022 dekretuan».