Arnaitz Gorriti

Gipuzkoa Basketek eta Iraurgik azken jardunaldiko kartutxoa erre behar dute helburuak betetzeko

Donostiarrek Castelloren kantxan irabazteaz gain, Valladolidek galtzea behar dute igoerako play-offetara sailkatu ahal izateko. Azpeitiko taldeak, bere aldetik, Palentziari etxean irabazi behar dio mailari eusteko, edo bestela Pratek Huescaren kontra galdu beharko du.

Aukerak GBC eta Iraurgik dituzte, baina hogeita hamaika eskutik, talde azpeitiarrak bakarrik.
Aukerak GBC eta Iraurgik dituzte, baina hogeita hamaika eskutik, talde azpeitiarrak bakarrik. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Urrezko LEB Ligak ostiral gauean du Fase Erregularreko azken jardunaldia. Neurketa guztiak 21.00etan hasiko dira eta Acunsa Gipuzkoa Basketek eta Iraurgik biek aukerak dituzte denboraldi hasieran jarritako helburuak betetzen joateko. Hori bai, nahitaez irabazi beharko dute biek ala biek, eta donostiarren kasuan, hori ere ez da nahikoa izango.

LEB Ligako emaitzek erabaki dute datorren urtean Granadak ACB Ligan jokatuko duela, Fase Erregularreko aurrenekoa play-offik jokatu gabe mailaz igotzen baita. Hala, kanporaketetan sailkapenean bigarren sailkatutik bederatzigarrenera aritu beharko dira. Uneotan Gipuzkoa Basket hamaikagarren postuan dago, 16-17 balantzearekin, bederatzigarrena den TAU Castellorengandik garaipen bakarrera. Hain zuzen, Castellon jokatu behar dute Lolo Encinasen gizonek, eta nahitaez irabazi egin beharko dute.

Alabaina, uneotan hamargarren postuan ageri den Valladolidek ere galdu egin beharko du Lolo Encinasen gizonak ACB Ligara igotzeko kanporaketetara sailkatuko badira. Puzelako taldeak matematikoki maila galduta duen Palmaren aurka galdu egin beharko dute. Lan txarrak, zalantzarik gabe, baina aukerarik den artean, ezin da etsi.

«Guretzat hauxe da play-offetako aurreneko partida. Besteek zer egin dezaketen begiratu gabe, garaipena bermatu behar dugu lehenengo», adierazi du Lolo Encinas entrenatzaileak neurketaren bezperan.

«Partida amaitu arte telefonoari jaramonik ez egiteko eskatu diet jokalariei. Castellok postua hobetu nahiko du sailkapen nagusian eta hargatik guztiz kontzentratuta egon beharko dugu», azpimarratu du entrenatzaile donostiarrak.

Azken lau neurketetan, hiru garaipen

Juaristi ISB taldeak, Iraurgik, ez du karanbolarik behar mailari eusteko, baldin eta Palentziari Azpeitiko kiroldegian irabazten badio.

Noski, ez da ahaztu behar Palentziak dagoeneko 20 garaipen pilatu dituela; hots, play-offetarako lekua ziurtatu duela, nahiz eta final-laurdenetako kantxa faktorea bermatzeko garaipena ongi etorriko litzaiokeen.

Alabaina, azpeitiarrek azken lau jardunaldietatik hiru irabazi dituzte, tartean duela bi aste Gipuzkoa Basketi Azpeitian 77-68 irabazi zioten gipuzkoarren arteko derbia.

«Azkenengo jardunaldian final bat jokatu eta irabazteko aukera irabazi dugu», adierazi du Iñaki Jimenez azpeitiarren entrenatzaileak neurketa bezperan. «Granadaren aurka eta derbian lako giroa errepikatzen bada, ikaragarria izango litzateke. Ikusleek beren berotasuna ematen baldin badigute, ziur naiz taldeak erantzungo duela», gaineratu du.

Deskuidoan Iraurgik galduko balu, oraindik ere azken aukera bat izango luke talde azpeitiarrak. Joventuten filiala del Pratek partida galduko balu, Iraurgik mailari eutsiko lioke; hori bai, esperantza faltsurik izatea ez da komeni, Huescak aspaldi galdu baitzuen maila. Beraz, azpeitiarrek datorren denboraldian Urrezko LEB Ligan jarraitzea nahi badute, beraiek atera beharko dituzte eltzetik babak.