NAIZ

Nafarroa Berriz Altxak Iruñeko hiritarren matxinadaren 501.urteurrena ospatu du

Nafarroa Berriz Altxa plataformak Iruñeko hiritarren matxinadaren 501.urteurrena omentzeko ekitaldi bat ospatu du Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren aurrean. Era berean, ekitaldiaren bitartez, Amaiuraldian parte-hartzeko gonbita luzatu die herritarrei. 

 

Dantzari bat dantzan Iruñeako Askatasun Martxaren baitan.
Dantzari bat dantzan Iruñeako Askatasun Martxaren baitan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroa Berriz Altxa plataformak duela 501 urte Espainiako okupazioaren aurka Nafarroa osoak egindako matxinada oroitu du larunbat honetan Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren aurrean, Iruñean. Ekitaldia ‘Iruñeko Askatasun Martxa’ gisa izendatu dute eta Amaiuraldirako bi aste falta direlarik, bertarako beroketa ariketa gisa aurkeztu dute. Zehazki, Amaiuraldian parte-hartzeko gonbita luzatu diete bai gizarte nafartarrari bai euskal herritarrei.

Nafarroa Berriz Altxako Joseba Compainsek azaldu duenez, «hemen elkartu gara 2022ko maiatza honetan 501 urte betetzen direlako Iruñeko hiritarrak gaztelar konkistatzaileen aurrean altxatu zirela». Antolatzaileen aburuz, pertsona horiek «omenaldi bat» merezi zuten, eta, horregatik, iaz egin zuten gisa elkartu dira Artxiboaren aurrean.

Ekimenari goizeko 12.00etan eman diote hasiera manifestazio txiki baten bidez. Dozenaka lagun hurbildu dira bertara, Nafarroako banderekin eta, ekitaldi nagusiaren ostean, zortziko herrikoia ospatu dute.

Jarraian, 12.30etan, dantzaren txanda iritsi da, eta bertaratutakoek Zazpi Jauzi dantzatu dute Iruñeko artxiboaren atarian, inperio espainolaren ezkutuaren gainean. Izan ere, Compainsek jakinarazi du oroimen ariketa hau «alai» egin nahi zutela. Hala ere, gutxienez lau polizikide kokatu dira Artxiboko atearen aurrean ekimenak iraun bitartean.

Compainsek Nafarroa Berriz Altxaren aldarrikapenak gogorarazi ditu: «XXI. mendean Nafarroak eta, oro har, Euskal Herriak dituen erronkei aurre egiteko behar-beharrezkoa iruditzen zaigu burujabetza berreskuratzea. Horretarako ezinbestekoa da masa kritikoa sortzea eta kalea hartzea aldarri hori ozen entzun eta taula politikora igo dadin».

Hori horrela, Compainsek adierazi du «dei berezia» luzatu nahi izan dietela euskal herritarrei eta, bereziki, nafartarrei datorren ekainaren 5ean, igandean, Baztanen ospatuko duten Amaiuraldian parte hartzeko.