NAIZ

Nafarroako Gobernuak euskaraz lasai ederrean mintzatzeko guneak sortzera deitu ditu entitateak

Nafarroako Gobernuak azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko den hirugarren Euskaraldian parte hartzeko gonbidapena egin die entitateei. Euskararen erabilera sustatzeko ekimen honetan parte hartu nahi duten erakundeek izena emateko epea zabalik dago.

Ana Ollo kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Nafarroako Gobernuko ordezkariekin eta Euskaraldian parte hartuko duten eragile batzuekin.
Ana Ollo kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Nafarroako Gobernuko ordezkariekin eta Euskaraldian parte hartuko duten eragile batzuekin. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Euskarabidearen bidez, eta Euskaltzaleen Topaguneak, Euskaraldiaren hirugarren edizioan euskaraz eroso aritzeko guneak sortzeko deia egin diete era guztietako entitateei. Sei hilabete barru izanen da ekimena; azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an amaituko da hirugarren edizioa. Belarriprestak, ahobiziak eta ariguneak izanen ditu protagonista.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, Nafarroako Gobernua ordezkatuz, eta Oskar Zapatak, Euskaltzaleen Topagunearen izenean, entitateen izen-emateen irekiera aurkeztu dute ostiral honetan Nafarroako Errege Artxibo Nagusian. Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek partaidetza berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus-en; eta lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izanen dute.

Aurtengo edizioaren aurkezpenean era guztietako eragileak izan dira Nafarroako Gobernuko kideekin batera. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Saila, Landa Garapeneko eta Ingurumenekoa eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ordezkariak bildu dira ekitaldian, besteak beste.

Aurreko edizioko esperientziak partekatu dituzte

2020ko bigarren edizioan bezala, parte hartzen duten entitateen funtzio nagusia guneak sortzea da, parte-hartzaileek euskara erabili ahal izan dezaten. Espazio horiek arigune izendatzen dira.

Entitateak animatzeko aurreko edizioan parte hartu zuten entitate txiki batzuen bizipenak biltzen dituen bideo bat zabaldu dute. Bertan, Atarrabian egitura ezberdineko entitateek 2020ko edizioan Euskaraldia nola bizi izan zuten kontatu dute.

Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu diete. Era berean, norbanakoek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte-hartzea berresteko aukera izanen dute.