Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Mundu osoan barrena abentura erraldoi baten lehen etapako kontakizuna

Munduari bira emateko proiektuari berriro ekin baino lehen, Iñaki Etxebarria kazetariak eta Angeles Rivera argazkilariak duela 20 urte baino gehiago Ameriketan zehar egin zuten lehen etapan egindako ikerketak «La escuela del camino» eleberrian jaso dituzte.

Panamako Coco-Solo portuan, autoa ontziratzen, Venezuelara joateko.
Panamako Coco-Solo portuan, autoa ontziratzen, Venezuelara joateko. (Angeles RIVERA)

Iñaki Etxebarria eta Angeles Rivera gasteiztarrek Ameriketan zehar “Francisco de Vitoria” espedizioa abiatu zutenetik argi utzi zuten euren helburua etxera itzultzea zela, munduari itzultzeko zerbait garrantzitsua ikasi dutelakoan itzuli ere. «Errealitatea? Fikzioa? Kontakizun honetan dena benetakoa dela sinetsi nahi dugu, gizakiok elkar ezagutzeko dugun beharra bezainbeste. Azken batean, pertsonak elkar maitatzera ohitzen gara elkar ezagutzen dugunean eta, ziur aski, elkar hobeto ezagutzen dugu elkar maitatzen ikasten dugunean». Dagoeneko liburu dendetan salgai dagoen “La escuela del camino” eleberriaren kontrazaleko testua da.

Etxebarria kazetaria da, Basaurin jaio eta duela 52 urte Gasteizera joan zena. “La costilla de Eva” eta “El universo existe por amor” kontakizun laburren bildumak argitaratu ondoren, eleberri bi idatzi zituen: “La dama andante” eta “Agüita seca”. Orain “La escuela del camino” argitaratu du, bidaia eta abenturazko eleberria, Ameriketako kontinentean egindako kazetaritza ikerketak biltzen dituena, herrialde bakoitzaren historia eta biztanle behartsuenen kolektiboak ardatz dituela. Haren emazte eta bidaide Angeles Riverak argazkiak egin zituen abentura erraldoi horretan.

Lehen etapa, Ameriketan zehar

1990eko abuztuaren 26an abiatu ziren New Yorketik. 13 egun lehenago, Santurtziko portuan land roverra ontziratu eta harantz abiatu ziren. Sei urte eta erdiko etapa izan zen, 100.000 kilometrotik gora eginda. Angeles urte eta erdi lehenago itzuli zen, bere bigarren haurdunaldian.

Iñakik, beraz, urte eta erdi gehiago eman zuen Kolonbian, zenbait ikerketa egiteko. «Saltsa guztietan sartu nintzen han», dio. Ziztuan atera behar izan zuen, narkotrafikatzaileak, gerrilla bat, Bogotako alkatea jarraika zituela. «‘Desechables’ [erabili eta botatzekoak] esaten dieten horien artean sartu nintzelako, poliziak garbitzen zuen jendearen artean ikertzen hasi nintzelako, alegia».

Lelo bat daramate beren bidaietan: “Herrien batasunaren alde”. New Yorken, NBEko ordezkari batek hartu zituen eta erakunde horretaz uste dutena esan omen zioten: «NBE existitzen dela zerbait hobea existi ez dadin».

New Yorketik Los Angelesera eta Kalifornia Behereko mugara abiatu zirenean, Angelesek eta Iñakik beren buruari galdetzen zioten zein kolektibori emango zieten garrantzi handiena. Ikusten joango zirela esan zuten, eta Mexikora sartu orduko, emakumeena zela ikusi zuten, «alde handiarekin».

Estatu Batuetan ez zeukaten ikertzeko aparteko interesik, edo ez behintzat beste herrialde batzuetan izango zutenaren parekoa, ezagunagoa baitzuten hango errealitatea.

Kaliforniatik Mexikora jo zuten. Han 15.000 kilometro egin zituzten. Estatu Batuetan egindakoa bi halako. Mexikok «liluratu» egin zituen. «Zoragarria da. Magia berezia du, bere antzinako historiagatik-eta, Peru bezala, oso herrialde berezia da». Handik, Guatemalara jo zuten, dirurik gabe geratu eta lehen erreportajeak saltzen hasi ziren, Emakunderi. Estatu espainolaren zentro batean lan egin zuten, Angeles sukaldari eta Iñaki zerbitzuburu. Zortzi edo bederatzi hilabetean atera zuten diruarekin, Erdialdeko Amerikako gainerako herrialdeetan zehar jarraitu zuten beren abentura.

Panaman ere hilabetez jardun zuten lanean, eta herri diru-bilketak egiten hasi ziren, batzuk kolaboratzaile gisa eta beste batzuk babesle gisa, gehienak enpresa txikiak eta baten bat handia, batez ere euskaldunenak.

25 enpresaren laguntza lortu zuten azkenean, Santiago Txilen, Buenos Airesen, Rio de Janeiron eta Bogotan. Kontuak eginda dauzkate: «Hau bukatu nahi badugu, kostua milioi erdi euro ingurukoa izango da».

1997ko otsailean iritsi ziren Euskal Herrira. Lucho seme nagusiak hiru urte zituela. Lucho Xabier Santiago Txilen jaio zen 1993ko abuztuan; latinoamerikarrek oso ondo hartu zituztelako jarri zioten lehen izena, esker onez, Lucho oso izen arrunta baita Hego Amerikan. Haren anaia Gandhi Gasteizen jaio zen, ama Kolonbiatik itzuli zenean. Panaman animatu ziren seme bat izatera. Urte bi lehenago abiatuak ziren «eta esan genuen: badirudi ez zaigula ezer gertatzen, badakigula mugitzen», eta haurra izatea erabaki zuten.

Lau arretagune nagusi

Emakunderentzako erreportajeak idazten hasi zirenean, kontuan izan zuten sektore nagusia emakumeena zen, baina oro har lau izan dituzte aintzat: emakumeak, indigenak, etxegabeak eta kaleko haurrak.

“La escuela del camino” libururako, egin zituzten argazki guztietatik milatik gora hartu eta gero, horietatik 620 hautatu zituzten, liburuan agertzen direnak. Iñakik behin eta berriz zabaltzen du liburua. Halako momentuak gogoratzen dituenean, argazkiak erakusten ditu: «Hemen, El Salvadorren, nekazari kooperatibekin harremanetan jarri ginen eta euren bidez gerrillarekin ere bai». Beste argazki batzuetan kaleko umeak agertzen dira, Guatemalan, esate baterako: lurrean ume bat, lo, burua etzandako txakur baten gainean duela; beste batean, esnifatzeko itsasgarriz hornitzen zituen haurra. Beste argazki bati begira geratu da: 18 urteko neska, beste hainbat eta hainbat bezala umetatik prostituzioan jardun behar izan zuena: Poliziak jazarria, «alde egin genuenean ez genuen ikusi, eta ez dakigu zer gertatu zen berarekin». Halako hamaika istorio kontatu dute eleberrian, hitzez eta irudiz.

Mexikon hasi ziren emakumeen egoerari erreparatzen, eta herrialde guztietan sumatu zuten berdintsu. «Eurek egiten dute dena, inolako etekinik gabe, aitorpen ñimiñoena jaso gabe; zenbait kasutan eurak dira herrialde osoa, jendeak aurrera egin dezala lortzen dutenak, egoerarik txarrenean ere. Baina inork ez zuen haien gainean hitz egiten», dio Iñakik.

Indigenei dagokienez, beste horrenbeste gertatzen da. «Eurek eusten diete balioei, nekez bizitzea egokitu zaizkien herrialdeetan, trukean ezer jaso gabe. Gutxietsiak, esplotatuak… Haien zenbait gatazkaren berri eman genuen, esaterako, Mexikoko triki herriarena, gobernadoreek espoliatu egiten zuten herriarena; aberastasunak kendu eta indigenak hiltzen zituzten edozein aitzakian… eta horiek ere isilaraziak». Iñakiren ustez, Hego Amerikako jenderik eskuzabalena jatorrizko bizilagunak dira.

Etxegabeek bereganatzen dute eleberriaren laugarren fokua. Eurek “kaleko bizilagun” deitzea omen dute gustuko, «eta niri oso hitz egokia iruditzen zait», dio Iñakik. «Homeless hitza sortu da, eta AEBetan milioika homeless daude». Izan ere, leku guztietan ugari ikusi badituzte ere, inon ez AEBetan beste. «Han dirurik ez baduzu, lana galtzen baduzu, osasun txartelik gabe eta ezer gabe gelditzen zara. Egun batetik bestera kale gorrian zaude eta inor ez zaizu laguntzera joango. Zubi azpian, bazterretan ikusi ditugu, Kolonbian, Guatemalan eta beste leku askotan bezala».

Lehenengo etapari dagokion lana argitaratuta, sei aleko saila egin nahi dute, lan bat etapa bakoitzeko, Ameriketako ibilbidearen gaineko izenburu bera erabilita. Iñakik nabarmendu nahi du lanaren ikuspegi historikoa, «neurri handian haurrek eta gazteek ikasten dutenarekin bat ez datorrena, eta oso garrantzitsua da zerotik hasi eta historia mugitu duten benetako arrazoiak ikustea, gaur egun herrialdeak diren bezala izatea eragin duten motibo horiek».

Bigarren etapa, Afrika

Euskal Herrira itzuli zirenean, semeei sustraiak eman nahi zizkieten, «gureak». Angelesek Iñakiri esan zion bakarrik jarraitzeko, bera haurrak artatzen geratuko zela, eta Iñakik ezetz. Aurrerago biok proiektuarekin jarraitzeko akordioa egin zuten. Semeak beren kabuz baliatzeko gai direnean, biraren hurrengo etapei ekingo diete. Haien asmoa mundukoko herrialde guztiak ezagutzea da, sartzen uzten dieten herrialde guztiak.

Afrikan zehar igaroko da bigarren etapa, beharbada Iñakik bakarrik egingo duena, Kenia txakurrarekin. Edonola ere, Angelesek erabakiko du badoan ala ez. Argazkilaria den aldetik, joatea nahi luke Iñakik, baina arrisku handiak izango direla uste duenez, emaztea hemen geratzea nahiago duela dio.

Iberiar penintsulatik abiatuko da bigarren etapa hori. Gehienez urte bi iraungo duela uste du Iñakik. «Eta ni urte bi barru erretiro pentsioa kobratzen hasiko naizela uste dut. Ez zait batere gaizki etorriko proiektuan jarraitzeko. Bestela, berdin, idazleak buruak erretiroa eman arte ez dira jubilatzen».

Afrikan 54 herrialdetara joan nahi luke. Badaki oso zaila izango dela denetara sartzea. Kamioiarekin ezin bada, oinez sartuko dela dio, «gerran badaude ere, sartzen saiatuko naiz». Hiru urteko ibilbidea egingo du, gutxi gorabehera.

Europa, Asia, Ozeania...

Ondoren, Europako hegoaldetik Ekialde Ertainerainokoa egiteko asmoa dute, hirugarren etapan. Laugarrenean, berriz, India eta Asiako hego-ekialdea eta Ozeania. Australiatik Iranera jotzeko asmoa dute, bosgarren etapari ekiteko, Erdialdeko Asiako herrialdeak bisitatzeko, «-tan-ez amaitzen diren herrialde horiek guztiak», Mongolia, Txina eta Ekialde Urruneraino, Japoniaraino, hain zuzen.

Seigarren eta azken etapa Ipar Handia izango litzateke, Siberiatik Alaskaraino, eta handik NBEren egoitzara itzultzeko asmoa dute, bertan hartzen badituzte hitzaldiren bat eman edo prentsaurrekoren batera deitzeko asmoz. «Maiseatzeko, jakina, eta gure ezagutza behar denerako eskaintzeko. Horregatik da ‘bideko eskola’. Nik ikastetxerik onenetan ikasi dut, Bilbon eta Gasteizen, baina seguruenera bizitzako eskolatik ikasi dut gehien».

Kazetaritza pasioa du Iñakik, bereziki ikerketa kazetaritza, eta berak edan duen iturri nagusia Manu Leginetxe dela dio. «Manu Leginetxek beste batzuekin munduari bira eman zion eta 42.000 kilometro egin zituen. Guk, bukatzen badugu, 400.000 inguru egingo ditugu. Munduaren inguruko bidaiarik luzeena, lurrez, Ginness errekorra 250.000 kilometrokoa da. Guri horrek berdin digu, baina gure babesleei ez, jakina».

Oraindik gutxienez hamabi urteko bidaia dute aurretik.