Kazeta

Sarek tokiko kanpainak antolatuko ditu zigorra bete duten presoen alde

Sarek Europako araudiaren arabera zigorra bete duten euskal presoen aldeko kanpainak antolatuko dituela iragarri du ekainaren 7an. Informatzeko eta salatzeko prestatuko dituen ekimenak zazpi kasu jorratuko ditu; horien artean Josu Arkauz Aranarena.

Sarek kanpainen berri emateko antolatu duen agerraldia. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)
Sarek kanpainen berri emateko antolatu duen agerraldia. (Jaizki FONTANEDA / ARGAZKI PRESS)

Sarek Estatu espainiarrak zigorren batuketari buruzko europar legedia errespetatzen ez duela salatu du. Hain zuzen, 2008/875/JAI deitu araudiak Europako edozein herritan preso batek zigor berdinarengatik bete dituen kartzela urteak kontutan hartu behar direla dio. Elkartearen aburuz, Espainiak legea bete izan balu, dagonenko zazpi euskal presok aske egon beharko lukete.

Elkartearen aburuz Josu Arkauz Arana (Arrasate), Jose Jabier Zabala Elosegi (Hernani), Iñaki Etxeberria Martin (Iruñea), Santi Arrospide Sarasola (Lasarte), Francisco Mugika Garmendia (Ordizia), Jose Ramon Lopez de Abetxuko (Gasteiz) eta Iñaki Bilbao Beaskoetxea (Lemoa) aske egon behar lukete.

Josu Arkauz 1991an atxilotu zuten Baionan ETAko militante izatea egotzita. Estatu frantseseko hainbat kartzeletan preso egon ondoren, 1997an kanporatu zuten Estatu espainiarraren esku utziz. Azken sei urteetan sei kartzeletatik pasa eta, egun Murtzian dago.

Zazpi euskal preso horiek bizi duten egoeraren berri emateko, Sarek hasiera batean informatzea helburu izanen duten ekimenak antolatuko ditu. Ondotik, herri bakoitzak erabakiko du bere herrian zer eginen duen.

Sarek Estatu espainiarraren mendeku politika salatzen du larriki dauden presoen askatasuna ukatuz eta dispertsio politika aplikatuz.

Europari so

Ekimenaren berri emateaz gain, Sarek iragan astean Bilbon aurkeztu zuen txostena aipatu du. 110 legelarik parte hartu duten txostenaren xedea, Europako erakundeei "euskal presoei ukatzen zaizkien eskubideen berri" ematea da. Horretarako, Euskal Herriko, Estatu espainiarreko eta Europako hainbat instituzioei bidaliko diete ale bana.

Txostenaren idazketa lanean parte hartu duten adituen iritziz sakabanaketa "Europako Giza Eskubideen Auzitegiko legeen kontrakoa" da.