Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Hondarribiko gurasoak eta ikasleak ozen kexatu dira: «Eskolako zaborra, Udalaren ardura»

Talaia Eskolako Familia Elkarteak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Hondarribian, garbitzaileen greba dela-eta ikastolan pilatutako zikinkeriaren aurrean Udalari erantzukizuna eta «gure seme-alabek ikasgela duin eta garbiak behar dituztelako osasuntsu ikasi ahal izateko» exijitzeko.

Gurasoak eta ikasleak, Hondarribiko Udalaren aurrean protesta egiten.
Gurasoak eta ikasleak, Hondarribiko Udalaren aurrean protesta egiten. (I.C.)

«Tristura, ezinegona, kezka eta amorrua». Lau hitz hauekin deskribatu du Talaia Eskolako Familia Elkarteak, ostiral honetan Hondarribiko kaleetan egindako manifestazioan, egoera honetan kalteturik diren guraso, ikasle eta irakasleek sentitzen dutena. Satarka, Biteri eta Bordari eskoletako garbitzaileek euren lan eskubideen alde apirilaz geroztik egiten ari diren grebarengatik, geletan pilatutako zikinkeria handituz doa, baina egoera azken asteetan areagotu da, osasun arazoak sortzen ari baita, egun hauetan NAIZerako «oso kezkatuta» azaldu ziren moduan. Horrek klaseak geletatik kanpo egitea behartu du Biteri eta Bordariko eraikinetan, eta, hori gutxi balitz, ume txikienek ezin dute psikomotrizitate gela erabili «garbitasun faltagatik».

Horregatik, azken asteetan enpresa eta garbitzaileen artean, eta Udala auzi honetan inplikatuta dauden agente guztiekin, egindako bilera ugariek ez dutelako irtenbiderik sortu eta Udalak «eskuak garbitu» nahi dituelako, manifestazio jendetsu bat ospatu dute Hondarribiko kaleetan. Euri iragarpenak bete egin dira manifestazioa hasi aurretik, baina honek ez du herritarrak kikildu eta Biteri eraikinetik hasita, San Pedro kalera abiatu dira ondoren, Zuloaga kaletik pasaz, Alde Zaharrera igo eta Kale Nagusian dagoen udaletxearen parean amaitzeko. Bidean, manifestariek ahalik eta zarata gehien ateratzen saiatu dira. Horretarako, txistuak edota katiluak bezalako tresnak erabili dituzte.

Manifestazioaren lehenengo metroak, Harresiaren ondoan eta Biteri eraikina eskuinean dagoela.

Oihukatu diren aldarrikapenen artean, nagusiena Alde Zaharrean sartu eta Udaletxera iristen zirenekoa, hauze izan da: «Gure eskola garbitzera!».

Azken egunotan aldarrikapenarekin bat egin dute beste herri batzuetako guraso elkarteek. Irungo Txingudi Ikastolakoa izan da horietako bat.

Alderdi politikoen artean, Abotsanitz izan da azkenetarikoa bere kezka azaltzen. Hiru gauza eskatu dizkio Udal gobernuari. Horietako bat, Arrasaten EAJk eta PSEk eman duten erantzunaren «jarrera berdina» erakuts dezala.  Arrasateko kasuan, udal garbitzaileek ere baldintza duinak eskatu zituzten eta udal gobernuak «pilota azpikontrataren teilatua» zegoela adierazi eta enpresari langileekin akordio batera iristera eskatu zioten.

Manifestazioaren helmuga sinbolikoa izan da, udaletxearen aurrean euren kexa azaldu baitute. Gatazka honetan EAJk agintzen duen Udalak «ardura» duela eta «ardurak ezin dira azpikontratatu» azpimarratu nahi izan dute.

Amaieran irakurri duten testuaren arabera, «amorrua» sentitzen dute. «Batez ere amorrua. Amorrua, apirilean hasi zen lan-gatazka urrira arte luzatzen utzi dutelako; hilabeteak, bata bestearen atzetik, alferrik pasatzen ikusi ditugulako. Amorrua, irensten zailak zaizkigun negoziazio-egutegiak ezarri direlako. Amorrua, konponketarako bideak ibili beharrean, batzuek nahiago izan dutelako inora ez zeramaten bidezidorretan galdu».

«Amorrua, bai. Hain zuzen ere amorru horrek elkartu gaitu hemen, udaletxearen aurrean. Udalari argi eta garbi esan nahi diogulako eskola-eraikinak garbitzeko ardura berea dela. Udalarena, bai. Ardurak ezin direlako azpikontratatu. Ezin dugulako ulertu herria gobernatzeko mandatua duten ordezkariek nola utzi dezaketen horrelako arazo bat maila honetaraino usteltzen. Jakin badakigulako gatazka honen konponketak ez duela neurriz kanpoko ahaleginik eskatzen. Udalari, beraz, oso gauza erraza esan nahi diogu: 'Ardura zuena da, konpondu ezazue», gaineratu dute.