Andoni Arabaolaza

7b mailako 400 metroko horma bat eskalatu du sokarik gabe

25 urteko Jonas Hainz tiroldarra izan da protagonista. Haren aita Christoph-ek Dolomitetan irekitako 'Moulin rouge' bidea estilo horretan eskalatu du.

Alex Honnold-en 'Free solo' pelikula pantailara eraman zenetik, sokarik gabe (bakarka integrala) hormatzarretan egiten den eskalada modu ezberdinean ikusten da. Kolore guztietako harrera izan zuen; baina, bederen, ia lehen aldiz izaera horretako irudiak ikusteko aukera izan zen. Eta horri azpimarra berezia jarri zitzaion.

Jonas Hainz, berriz, Honnold-en bidetik ikusi dugu; sokarik gabe murru luze bat eskalatzeaz gain, igoera horren irudiak grabatu dituelako. 25 urteko tiroldarrak Dolomitetan jardun du. Eta sokarik gabe 7b maila duen 400 metroko bide bat eskalatu du. Catinaccioko mendigunean (Dolomitak) dagoen 'Moulin rouge' da. Hamaika luze, eta, aurreratu dugun bezala, gehienez, 7b zailtasuna duena.

Jarduera hori egin ahal izateko, gazte honek haren aita Christoph eta Oswald Celvak zabaldutako marra aukeratu du. Duela 20 urte sortutako bidea da, eta, goiko bideoan ikusten den bezala, duen arroka ez da batere sendoa.

'Mugarria'

Eskalatzaile tiroldarrak soilik ordubete eta bost minutu behar izan zituen 400 metroko ibilbide hori biribildu ahal izateko. Sokarik gabe eta bere burua babesteko tresneriarik gabe, muturreko erronka fisikoa, teknikoa eta psikologikoari egin zien aurre.

Eskalada hori «menderatzeko», Hainzek 'Moulin rouge' sokarekin eskalatu zuen. Aitaren aholkuak jaso eta oinarri horrekin, ondoren, bakarka integralean sinatu du: «Nire semeak egin duena benetako mugarri bat da Dolomitetan egiten diren bakarka integraleko igoeretan».

Nahiz eta aldez aurretik sokarik gabe beste eskalada batzuk egin zituen, gazte honek ez du orain arte hedabide espezializatuen oihartzunik izan. Bideoan ikusten denez, eskalada guztia dron batekin eta gazteak buruan zeraman kaskoan jarritako kamera batekin grabatu zen.