NAIZ

Donostian tasa turistikoa ezartzearen alde ia aho batez agertu dira Osoko Bilkuran

Donostian tasa turistiko bat ezartzeko beharrezkoak diren lege aldaketak egiteko eskatu dute udal taldeek Osoko Bilkuran onartutako mozio baten bidez, PPk izan ezik.

Turistak Donostian, artxiboko irudi batean.
Turistak Donostian, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Udaleko Osoko Bilkuran, EAJ, PSE, Elkarrekin Donostia eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PPren aurkakoarekin, Elkarrekin Donostia udal taldeak aurkeztutako mozioa onartu dute. Horretan, «hirian tasa turistiko bat ezartzeko beharrezkoak diren lege aldaketak egiteko» eskatzen diote Lakuako Gobernuari.

Joan den abuztuan, Javier Hurtado Lakuako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak turismo tasa bat ezartzea ez zela «lehentasunezkoa, ezta beharrezkoa ere» adierazi zuen, eta 2019an EAEko Turismoaren Mahaiak aukera hori «gehienbat» baztertu zuela gogorarazi zuen.

Gaurkoan, EAJk eta PSEk bi zuzenketa aurkeztu dizkiote mozio horri, bata tasa ezartzeari begira inplikatutako sektoreak sartzeko, eta bestea tasa hiriko turismoaren aurkako borrokarekin lotzearen kontra. Zuzenketa horiek EH Bilduren abstentzioarekin onartuak izan dira.

Elkarrekin Donostiak tasa horren beharra aldarrikatzen urteak daramatzala gogorarazi ostean, talde honen bozeramaile den Aitzole Aranetak hiriaren turistifikazio masiboaren prozesutik deslotzeko EAJ eta PSEren asmoaren aurka dagoela esan du. Bere iritziz, turistifikazioak «etxebizitza eskuratzea zailtzen du, eta gazteak baztertzea eragiten du, ezin baitira hirian bizi».

«Turismoa ez da txarra berez, baina bai gaizki kudeatuta dagoenean», defendatu du. Ildo horretan, adierazi du bere taldearen «arazoa» ez dela «erretiratuak Kontxatik paseatzea, baizik eta Donostian ezin bizitzea, Jaurlaritzaren turismo politikak gentrifikazioa eragiteko eta etxebizitzaren prezioa garestitzeko pentsatuta daudelako», azaldu du.

Bestalde, Eneko Goia alkateak gai hori «paradigmatikoa» dela deitoratu «hauteskundeak hurbiltzen ari diren heinean eztabaida politikoa nola aldatzen den egiaztatzeko». Horren harira, gogorarazi du 2019ko uztaileko Osoko Bilkuran, Udalbatza osatu berritan, «aho batez» onartu zela Elkarrekin Donostiaren mozio bat gai horren inguruan, baina «gaur egun jarrera aldatuak, muturrekoak, demagogikoak eta populistak ikusten ditugu, tristea da».

Hala, azpimarratu duenez, «tasa turistikoak ez du balio bisitariak murrizteko, hiriko zerbitzuak hobetzeko baizik». «Era berean, ez da egia tasak inolako eraginik duenik etxebizitzaren garestitzean, hiriaren turistifikazioaren ondorioz», defendatu du.

Erreakzio desberdinak

Marisol Garmendia PSEko bozeramaileak adierazi duenez, bere taldea «beti» egon da tasa turistikoaren alde. «Bakarrak izan gara, beraz, ongi etorri orain gainerakoei», esan du. Hala ere, alkateak abuztuan tasa ezartzea planteatu zuenean Garmendiak Goiak horrekin «obsesioa» zuela esan zuen.

Markel Ormazabal EH Bilduko bozeramailea hirian tasa turistiko bat ezartzearen alde agertu da, baina gai horren inguruan «buelta asko» ematen direla kritikatu du.

Adibidez, tasa hori nola kobratuko den ez dela zehaztu aipatu du ez eta berreskuratutako dirua zertarako erabiliko den, edo «berdin ordainduko duen gaua Igeldoko kanpinean edo Maria Kristinan igarotzen duen norbaitek».

Borja Corominas Donostiako Udaleko PPko bozeramaileak, bestalde, donostiarren interesak Lakuako Gobernuaren aurrean defendatzeko Udal Gobernuaren «ahultasuna» deitoratu du.